Eta, bat-batean, beste talde bat datorkigu Brooklyndik, mundua irensteko irrikaz dauden taldez lepo betetako ekosistema horretatik. Hainbeste dira, non ikaragarri kostatzen den besteen paretik burua ateratzea. Baina BEAR IN HEAVEN, burua ez ezik, traineru erdiko abantaila ateratzen ari da inguruko guztiei.
Zergatik? Hasteko, oso ongi dakielako beste nornahiri alferrik galduko litzaiokeen nahasketaz baliatzen. Hor entzungo ditugu This Heat, 70etakorock leuna, hasierako Genesis eta azkeneko Pink Floyd. 90etako lehen urteetan eta Erresuma Batuan bageunde, Bark Psychosis edo Disco Inferno deituko lirateke. Baina newyorktar hauek modernitatez blai datoz eta, hala, zuzenean, Animal Collective eta Mercury Rev-en sailean sartzen dira. Liga horretan jokatu nahi dute. Horri guztiari, taldearen zuzenekoa gehitu behar zaio. Eskaintzen dituzten ikuskizun txundigarrietan zaku berean sartzen dituzte soinu akustikoak zein elektronikoak, eta egundoko arrakasta bildu dute duela gutxi beren jaioterrian izan den CMJ jaialdian. Bi album dituzte merkatuan, eta bigarrena, Beast Rest For Mouth (2009), mundu guztiaren ahotan dabil lehen eskuko informazioa duten indie zirkuluetan.
PRIM LANE 2009ko udaberrian sortu zen hiru taldetako hiru musikarik bat egin zutenean. Talde horiek zeharo ezberdinak ziren: Freenetic, Jamix eta The Lost Waves.
Donostiako Prim kalearen omenez hartu zuen taldeak PRIM LANE izena. Izan ere, kale horretako entsegu lokal mitiko batean ezagutu zuten elkar taldekideek.
80ko hamarkadako pop britainiarraren ukituak dituen pop-rock musika egiten du taldeak.
Orain taldekideak buru-belarri ari dira lanean, 2010eko udan lehendabiziko demoa kaleratzeko.
Asier Valle bateria jotzailea
Pedro Galdon baxu jotzailea, ahotsak
Alex Leslie gitarra jotzailea, abeslaria