
MICAH P. HINSON apartekoa da. Argitaratu berria duen bigarren disko luzeak ("Micah P. Hinson And The Opera Circuit") kritika espezializatuaren eta jendearen gorespena jaso du, inolako desadostasunik gabe. Ez ditugu egunero horrelako kasuak ikusten. Baina Micah P. Hinson apartekoa da. Menphis-en jaio zen orain dela mende laurden bat eta Texas-en hazi zen. Txakur jipoituaren biografia du, baina baita ere behin eta berriz berpiztu den txakurraren biografia, eta biografia horrek liluratzen du berehalako izenburua behar duen prentsa. Dena dela, ez dugu gertaera eta esamesen orrialdeetan esandako guztia sinetsi behar eta ozen eta argi esan behar dugu Ameriketako rockaren indie-trovadore motako musikan 2006. urtean izandako errebelazio handienaren aurrean gaudela. Bere abestien hitzak emozioen amildegi zorabiagarrietan erortzen dira, sustraiak soinuaren bitartez azaltzeko gozo-gozo eta maisutasunez egindako bihotzaren alde ilunaren irudiak baitira.
Hiru idolo ditu Hinson-ek musika munduan, bat WILL JOHNSON da, Centro-matic eta South San Gabriel taldeen liderra, eta beste biak John Denver eta Brian Wilson. Lehenengo taldearekin Johnson-ek rock neoklasikoa egiten du, indar handiko musika eta hitz iluneko abestiak. Bigarrenarekin, ordea, bere aurpegi lasaiena erakusten du kamarako pop-folk musikaren bitartez. Micah-ren ametsetako bat egi bihurtuko da Will telonero gisa eszenatokira ateratzen denean, baina, horrez gain, aukera paregabea izango dugu goreneko kalitatezko bi plater eszenatoki berean dastatzeko, bat bestearen ondoren. Hori ez da egunero gertatzen. Baina Will ere berezia da. Musikarien artean nabarmentzen den musikari horietako bat delako (gauza bera esango luke Drive-Bay Truckers taldeko Patterson Hood-ek) eta mirespen sakona sortzen duelako musika munduko kideen artean. Izan ere, su motelean egosten ditu bere diskoak (hamar urte daramatza Centro-matic taldearen zuzendari lanetan) eta ez du abesti txar bat bera ere atera, ez du inoiz amore eman. Beraz, "Bocato di cardinale" hutsa da kartel bikoitz hori.