
Lau lagun. Gitarrak, baxua eta bateria. Ile luzea, fraka estuak. Disko bilduma bat, tartean Led Zeppelin, Thin Lizzy, Hendrix, Slade eta Black Crowes. Horretaz guztiaz gainera, irlandarra bazara eta lehen diskoa Albert Productionsek, AC/DCren zigiluak, argitaratu badizu, rock oneko banda daukazun seinale. “The Rise” izena du THE ANSWERen lehen diskoak. Pub-en eta errepideen lagun den talde honek eztabaidarik ez duten 11 kanta dakartza Europan barrena egiten ari den aurkezpenean, Deep Purple, Whitesnake eta The Darkness taldeen hasierako musikari gisa jotzen ibili eta gero. Cormac Neeson kantariak esan zuenez: “Rocknroll, blues, soul eta metal apur bat dauka bildumak. Ezin da beste askorik esan”. Horra, bada.
Hogei urte inguruko gazte mordoa ari da 70eko hamarkadako rock handitik edaten eta ematen, indarrez eta benetan. Mundu guztian zabalduta daude; gogoratu Jet, Steepwater Band, Wolfmother, Supagroup, Rose Hill Drive... Talde irlandar bat sartu da azkeneko rockzale elektrikoen zerrendan, THE ANSWER izena du, eta oraingo gazte eta zaharrek gogoko dituzten izen handien ildoan dago zeharo. Bitxia da 70eko rockak nola erakartzen dituen rockzale hasi berriak. Rock handia: deigarria, izartsua, hanpatua... 70eko giroko kontzertuetara biltzen dira, hasi gazte bizargabeetatik, begiak zabal-zabalik dituztela, eta zale oso beteranoetaraino, dena ikusia eta ikasia zutela uste zutenetaraino. Berdin zaio erretzaile rocka, hegozale amorratua edo Led Zeppelinengana inguratu nahi dutenena izan. The Answer gai da edozein entzule mota gustura uzteko, indarra daukalako, kanonak erabiltzen badakielako, rosk usaina duelako, jarrera menderaezina ageri duelako eta zinez sinesgarria delako. Beren herrikide Thin Lizzy eta Rory Gallagherren tradizioari jarraitzen dioten irlandar hauek, Cormac, Paul, Micky eta James, “rockeko errege berriak” dira Kerrang! aldizkari espezializatuaren hitzetan. 2000. urtean elkartu ziren, “R&Ra blue pixka batekin” jotzeko asmotan. Bandak maketa batzuk grabatu zituen eta, Albert Productions AC/DCren zigiluak fitxatuta, single pare bat kaleratu zuten eta zuzeneko emanaldien zirkuitu batean abiatu, besteak beste Deep Purple eta Whitesnakeren kontzertuen hasieretan joz.
Orain eginahalak egiten dabiltza Londresko Olympic Studio 1en grabatutako ‘Rise’ lanarekin, Led Zeppelinek eta Jimi Hendrixek ere beren lanak bertan grabatu zituztela gogoratuz. Eztarriak zorrotz eta karraskatsu, erritmoak bizkor eta astun, eta gitarrak txinparta dariela eskaintzen ditu bildumak, Classic Rock aldizkariaren iritziz “britainiar rockak hamarkada guztian izan duen debut onenean”. Kantariak dioenez, “ Rocknroll, blues, soul... eta metal apur bat” Baita Status Quo, Free, Kiss, Who, Black Crowes, Led Zep eta Rick Derringerren oihartzunak ere. Gora rocka!