
Dean Wareham, Luna banda apartaren sortzailea zen –2004an desegina–, eta Galaxie 500 talde hipnotikoarena ere bai; Britta Philipps, ordea, Luna bandako baxu-jotzailea. DEAN & BRITTA bikoteak 2003an plazaratu zuen L’avventura, bere proiektuaren neurri luzeko estreinaldia. Dean & Britta bikotea Galaxie 500 hirukoteko kide izandako Damon & Naomi bikotearen erreplika izan liteke, baina beste maila batean jokatzen du, eta beraren kantuek badaukate pop ameslari hori, Luna bakarrik islatzeko gauza zena, kantuak irekiagoak izaki, eta moldaketak, berriz, akasgabeak. Abestiak gomendagarriak dira doinu zirrara bare, goxo eta onirikoen gose direnentzat. Egoera puruan dagoen pop zoragarria da.
2006 urtearen hasieran kaleratu zuten LAUROBA taldekoek beraien lehenengo
maketa. Euskal Herriko tabernetan salgai egoteaz gain, hainbat kontzertu
ematen ibili ziren. Utikan eta Hamaika Bide taldeetan ibili eta gero,
Iker Laurobak bere anaia Haritzekin batera sortutako proiektua dugu,
ondoren Alain Urkola eta Iraitz Montalban batuz.
2006ko Donostiako Pop-Rock lehiaketa irabaztea pauso garrantzitsu bat
izan da, beste batzuren artean diska grabatu ahal izan dutelako, lau
abesti Aitor Carrasquedoren eskutik, eta honen ondoren GP Producciones-ekin
batera lanean hasiz.
Euskaraz abesten duen rock talde honek, estilo propioa du bariedadean
oinarritua, eta gaur egun kontzertuak ematen eta abestiak sortzen jarraitzen
du, aukera berrien bila.