
Verano fatal da Nacho Vegas eta Christina Rosenvingeren artean egin duten diskoaren izenburua, bistakoa da, kantautore horiek arrazoi gehiago zutela elkarrekin egoteko banatzeko baino. Nahiz eta aspalditik izan elkarrekin jotzeko ametsa, Rockdelux Music Weekend jaialdi ibiltariko aurtengo edizioan batera jotzeko proposamenaren ondoren lortu dute, Linbo Starr-en eskutik, amets hura errealitate bihurtzea. Gijonen konposatu zuten diskoa eta pare bat astetan grabatu zuten egoerak eskatzen zuen arintasunarekin. Emaitza zazpi abesti dira, distortsionatutako ahotsarekin abestutako rock de riff-etik balada akustikoraino doazenak. Horrela, bandan ez dago bereizketarik, berdin abesten du gizonezkoak emakumezkoaren ahotsarekin edo emakumezkoak gizonezkoaren ahotsarekin; hau da, Nacho eta Christina bata bestearen azalean sartuta bakoitzarenean gehiago sartu ahal izateko. Beraien hitzetan "zaldunen arteko duelua" izan da, bakoitzak bere ezk utariarekin: Nachok Xede Pereda eraman du -grabazioaren arduraduna-, eta Christinak, berriz, Charli Bautista, eta horiekin batera Manu Molina, Nachoren ohiko bateriajotzailea, eta Luis Rodriguez, baxu-jotzaile asturiarra. Abestien hitzek hegan egiten dute -ezin zuen bestela izan- eta han eta hemen humorea sartu dute zuhurtasunez, bakoitzaren karrerari buruzko aipamenak eta keinuak eginez. Elkarrizketa pribatu baten zatiak direnez, entzuleak behatzaile pribilegiatu gisa ikusten du bere burua eta Verano fatal baten irudi horietatik askatzen den giroaren barruan harrapatuta gelditzen da.
Christina Rosenvinge Madrilen jaio zen, aita Danimarkakoa eta ama Ingalaterrakoa. Nerabezaroan hasi zen musika munduan eta oso karrera berezia eraman du pop musikaren inguruan. "Alex y Christina" eta 'Christina y los Subterráneos" taldeetako partaide izan zen eta, 80. hamarkadan izan zuen arrakasta komertziala alde batera utzita estilo pertsonalagoa lortu du konpositore eta moldatzaile lanetan aritzen denetik. Beraz, arrakasta masiboa galdu du, baina kritika eta publikoaren aldetik errespetua lortu ondoren izen handiko abeslari bihurtu da.
Nacho Vegas (Gijon, 1974) Espainiako musikak eman duen talentu garrantzitsuenetako bat da. Bakarlari gisa hiru album, EP multzo bat eta Enrique Bunbury-rekin orain gutxi grabatutako "El tiempo de las cerezas" nahiko izan dira harridura nahiz lilura sortzeko. "Indie" musika motaren aitzindari izan zen 90. hamarkadan, hainbat taldetan jo du (Eliminator Jr., Manta Ray, Diariu eta Migala) eta beste hainbesterekin lan egin du (Nosoträsh, Corcobado, Mus, Aroah).