Ongi etorriak Gaztemaniak '07-ra

KONTZERTUAK: Aurreko Kontzertuak

Petti + Gose

DATA: 2007ko abenduak 20
LEKUA: Donostia Gazteszena
ORDUA: 20:30
PREZIOA: 6 euro
Petti + Gose

Petti nafar musikaria “folk basati” izenda genezakeen estiloaren aitzindari dugu. Hamasei urte zituela ekin zion musikaren bideari, Bidasoa bailarako Noise Hole rockanroll taldeko gitarrajole moduan. Zuzeneko kontzertu ugari eskaini zituen talde honekin Euskal Herriko luze zabalean, eta baita inguruko lurraldeetan ere. Taldea desegin eta gero, musika esperimentalagoa egiten zuen Zup taldeko kantari izan zen, 1997an bakarka jotzen hastea erabaki zuen arte. Orduan harribitxia agertu zen Euskal Herriko musika panoraman: kantari berezia, gitarrajole fina... bluesman disdiratsu eta grinatsu baten aurrean geunden. Bizitzeko esperientziaren interpretazio poetiko bezain basatia egiten zuen artista. Bere eginbeharra beti mugan ibili diren musikarien erritmoetan sustraitzen zen. Zorioneko baieztapena hemen duzu, Berako (Nafarroa) abeslari eta gitarristaren laugarren diskoan. Izenburua, ezin esplizitagoa izan: On.

Gose taldeak Arrasateko hiruko bat izaten jarraitzen du. Ines Osinaga (ahotsa eta trikia, Ekon taldean ibilitakoa), Iñaki Bengoa (sekuentziak eta programazioak, Bad f-Line taldekoa, besteak beste) eta Osoron (gitarra eta baxua, Des-Kontrol taldekide ohia, eta Gatillazo taldeko gitarra-jotzailea). Gose taldeak 2004an ekin zion bere ibilbide isilari musika ideiak adosten. 2007ko maiatzean Osoron arrasatearra Tadeos-en ordez sartu zen. Oso talde mediatikoa bihurtu da Gose (Eutsi! filmeko kantu nagusia egin zuten, Carlinhos Brown abeslariaren disko berriaren aurkezpen-kontzertuetan jo zuten hirutan, EITBren Bilboko etxe berriaren inaugurazio-jaian jo zuten…). Gauza txiki asko denbora laburrean. Gauza txiki horiek talde sendo eta handi bat egiten ari dira. Gose taldeak trikiaren kontzeptu berri batean du oinarria, ohikoak ez dituen tresna-lagunekin nahastuz eta emaitza desberdinak lortuz. Gose taldeak trikia eta elektronika batzen ditu. Gose taldearen bigarren diskoak ez du izenbururik. Lehenak ere ez zeraman izenbururik, baina hemendik aurrera lehena disko beltza bezala ezagutuko da beltza zelako azaleko kolore nagusia. Bigarrenari, ordea, disko zuria esango zaio arrazoi berberagatik, azal zuria duelako. Zenbat argitasun eman behar lehena eta bigarrena desberdintzeko. Biak ala biak Gose izango dira beti. Diskoaren azal zuria errekortable batzuen irudiek ilustratzen dute.

  • © Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua
  • Lege Oharra
gipuzkoa.net