 |
 |
 |
 |
 |
| |
 |
|
Houston
Party diskoetxeak 5 urte bete ditu eta hori ospatzeko zer pentsatuko
eta Joe Pernice sortzaile eta nekaezina buru duen Pernice Brothers
taldearen bira antolatzea bururatu zaie. Scud Mountain Boys, Chappaquiddick
Skyline eta Big Tobacco taldeetan egin duen lanak une benetan atseginak
biziarazi dizkigu mundu zabaleko pop, country eta folkzale guztioi.
Lehendik ere bagenekien Joe Pernicek berebiziko erraztasuna daukala
abestiak idazteko baina urtea joan urtea etorri oraindik ere zur eta
lur uzten gaitu bere kantuak entzutean. Horiek bai kantuak, horiek!
Orain azken diskoa noiz aterako zain gaude, aurtengo udaberrian plazaratuko
omen da, baina bitartean badugu zer entzun. Bere azken lana ikusgarria
da benetan, izan ere, The World Wonąt End pop abesti perfektua bilatzeko
bidean ikaragarrizko aurrerapausoa da, sekulakoa; bidaia horretan
Teenage Fanclub eta Matthew Sweet izan ditu lagun, besteak beste,
eta Big Star, Brian Wilson eta George Harrisonen arrastoari jarraitu
dio, country eta folk eraginak beste maila batean utzita.
Diskoaren lehen abestia "Working Girls" zoragarria da; gero "7:30"
pa-pa-pa eta "Bryte Side" harribitxia datoz, eta ondo baino hobeto
bukatzeko "Cronulla Breakdown" dugu, emozioak pil-pilean jartzen dituen
horietakoa, Ipar Amerikako negu latzetik desiratzen den uda gogorarazten
diguten doinu gozoak lagun.
Pernice Brothers taldeak beste inork baino hobeto garbitzen du pop
musika baina zerbait hobea aurkitzen baduzu... gozatu horrekin ere.
|
 |
 |
 |
 |
|
 |