RETURN IN KIND azken bertsio-diskoa dela medio, Kalifornian bizi den NEAL CASAL kantariak men egiten die bere musikari heroien abesti kutunenei. Bakarkako karrerari ekin dio berriro, urte batzuetan beste musikari batzuekin (BEACHWOOD SPARKS, LUCINDA WILLIAMS...) eta rock/rythm & blueseko HAZY MALAZE bandarekin aritu ondoren.

Talde osoarekin egiten ari den bira hau hasi baino lehen, NEAL CASALEK LEAVING TRACES SONGS 1994-2004 izeneko diskoa argitaratu du. Atzera begirako lan horretan 18 abesti jaso dira, sentiberatasun hain handiko egile aberats horren karrerako une interesgarrienen lekuko diren abestiak hain zuzen. NEAL CASAL AMERIKAR musikako ordezkari handienetako da; izan ere, musika bere osotasunean hartzen du, inolako aurreiritzirik gabe, eta folkaren nahiz countryaren aztarnak aurkituko dizkiogu, baina baita bluesenak eta poparenak ere.

Sam Beam-en proiektu partikularra da IRON & WINE. Miamin bizi da Sam Beam (Florida), bizarra du, bi alaben aita da eta zineko irakasle bertako ikastetxe batean. "THE CREEK DRANK THE CRADLE" (Sub Pop, 2002) izan zen taldearen lehen lana eta urteko kritika onenak jaso zituen. Ezin zitekeen beste modu batera izan, abestien nota bakoitza intimitatearen aldarri ausarta baita, onestasun gordinaren lekukoa entzuleen gozamenerako. "OUR ENDLESS NUMBERED DAYS" bigarren diskoak ere laudorio ugari jaso ditu, lehenak bezala. Pasadizo ñimiño ugariz osaturiko lana da, maitasunari, fedeari eta galtzeari buruzko arrazoibideen bilduma-lana. Folka, bluesak, pop malenkoniatsua... eskaintzen ditu, gure bihotzentzat zirrara betegarri.
 
  © Gazteria Zerbitzua - Gipuzkoako Foru Aldundia 2004.