DESTROYER, DANIEL BEJAR kanadarraren proiektu berria (The New Pornographers-eko kidea ere bada), hemen izango dugu, azkenean, “Your blues” diskoan (AEBetan Merge eta hemen Acuarela etxeen eskutik) kaleratutako kantak aurkezten, taldearen zuzeneko bikainaren fama aurretik duela. Frog Eyes izango du saiolagun, Estatu Batuetako kritikaren esanetan 2004an ezustekoa eman duen talde bat. DANIEL BEJAR (Vancouver) bere belaunaldiko egileetan argienetako bat eta baliabide poetiko eta musikalez aberatsenetako bat da askoren ustez, bai New Pornographers famatuekin ari denean, bai proiektu pertsonalagoa duen DESTROYER-ekin ari denean. Pop-folk-rock musikaz (edo dena delakoaz) lau bilduma, denak Merge etxean, atera eta gero, Your Blues argitaratu du orain, hainbat kanta mamitsu, zatien batura baino gehiago direnak, bildurik. Literatura eta errepikak, hirurogeiak eta hirurogeita hamarrak, poemak, esaldi zinikoak eta oharrak, denetatik dago musika baliotsutik bezainbat lirikotasunetik duen egunkari honetan. Pentsa liteke elementu gogoraerraz batzuen doitasuna eta ekonomia neurritasunezko ariketa bat dela, baina, hala ere, gehiago da antigoaleko erara egindako gehiegikeria ariketa bat, hots, Bejarrek “Blues europarra” deitzen dionean egindako bidaia esperimental bat. Diskoa kantaz eta artisau lan instrumentalez osatutako sorta liluragarri bat da, Bejarren ibilbideko konposizio ausart eta poetikoki desegoki batzuk barne; eta, gauzarik ederrenak eta zentzugabeenak erretatatzeko duen maisutasuna erakusten duen aldi berean, argi geratzen da gaur egun kuriositaterik handiena pizten duten musikarietako bat dela. Orain, azkenean, zuzenean daukagu Gipuzkoan, lehenbizikoz talde osoarekin.