Disko honen historia da ustekabean etxeko gelaraino sartu, eta ez bat eta ez bi, azkenean aparteko diskoen apalategian lehen tokia hartu duela ikusten duzun disko horietako batena. LP honen historia da bere musikaz gain beste aurkezpenik behar ez duen LP batena: country eta gospel kosmiko argilunez josia. Erretratuak dira Ameriketako galtzaileentzat, ezorduetan zelatan dagoen bakardadearen zaleentzat.
Izan ere, Micah P. Hinson and the gospel of progress diskoak daukan musika benetako alegoria egiten dio sentimendurik biluzienen edertasunari, nahiz isolamendurik sortzaileenari, nahiz baretasunik distiratsuenari. Tartean biografia bitxi bat dago: Memphisen jaioa, haurra zelarik Texasera aldatua, eta etxetik bota ondoren arlote ibilia, drogekin flirteatzen eta kartzelan bolada bat pasatzeko zoritxarra edukita; xehetasun horiek areagotu egiten diote crooner-loser izatearen kondaira, eta haiei esker hobeto ulertzen ditugu LP honen gakoak.
Eten ditzagun denboraren arauak, kantuen iraupenari buruzkoak, unean uneko hit-aren bila ari garela, eta utz dezagun disko honek eraman gaitzan. Eta, batez ere, ez bakarrik eskaintzen duenagatik (asko baita), baizik eta asko eman dezakeelako Texasko folk musikagile mistikoak: batzuetan garratza, besteetan erromantikoa, baina beti beroa, hauskorra eta misteriotsua.