Ray Lugo, KOKOLO izenez ere ezaguna, gero eta zabalduagoa dagoen afrobeat mugimenduaren adierazle nagusienetakoa dugu. KOKOLO esparru horretako artistarik berritzaileenetakoa da eta era guztietako jarraitzaileak ditu, bai afrobeat funk heads delako musika motaren zale porrokatuak, bai salsa zaleak eta bai jazza gogoko dutenak.
Rayk berak azaldu duenez, bere helburua beti izan da punkaren kezka soziopolitikoa eta hip-hoparen konfidantza afro-beataren, funkaren, musika latinoaren eta dena delakoaren sofistikazioarekin lotzea, bere eskarmentua oinarri hartuta zerbait aparta sortzeko.
Toki oso desberdinetan izan ditu emanaldiak, CBGBn, Londresko Jazz Café delakoan eta Montrealgo Jazz Festivalean, besteak beste, eta argi eta garbi utzi du zuzeneko emanaldietan ez dagoela bera bezalakorik, KOKOLO taula gainera igotzen denean energia hutsa da, Fela Kuti eta Ruben Blades handiak ekartzen dizkigu gogora. Gizon honen musika, bere idoloena bezala, dantzan egitekoa da, gozatzekoa, baina ez da hor gelditzen, mamia ere badu.
KOKOLO 2001ean sortu zen, The Daktaris, Antibalas eta halako beste disko batzuk afro-beat musika New Yorkeko musika esparruan aukera handiko alternatiba zela frogatu zutenean. Taldea Lugok berak eta Chirs Morrov tronboi jole ingelesak osatu zuten. Baina segituan zortzikote bihurtu ziren eta bi hilabetera aski ezagunak ziren New Yorkeko Knitting Factory mitikoan, era guztietako musika hibridoak sustatzeagatik hain ezaguna den lokal horretan, egin zituzten emanaldiak.