
Beruna urtu zenekoa: beruna urtu egin zaigu Zebra disko honetan. Anari kantariak lortu du. Ezer ez da sortzen, ezta desagertzen ere. Elementuak aldatu besterik ez dira egiten.
"Zebra naiz oraindik. Lehen zuria marra beltzez. Orain, berriz, beltza marra zuriz" (Zebra).
Musika zuri-beltzean oparitu izan digu Anarik orain arteko bi diskoetan (Anari, 1997; Habiak, 2000). Denok ere bizitzen hasi ginenean, oihal zuri garbia zelako gure bizitza, ezta? Baina ohiala berehala hasi zitzaigun marra beltzez zikintzen, ala?
"Ura garelako gara naufragoak" (Naufragoak).
Zebra (2005) hirugarren disko honetan, ordea, kontrakoa kontatzen zaigu: itzulerako bideari nola ekin dion Anarik urte hauetan. Goruntz ari da orain, lur eta ur azalerantza. Horretarako, aingura hegodunak asmatu ditu!
"Erortzen bagara ere, amets berriei helduz gorantz erortzen gara" (Aingura Hegodunak)
Anariren inoizko kantaerarik argitsuena aurkituko duzue Zebra diskoan. Kantuen azpian, rock elkarrizketa intenporal batean ari dira gitarrak eta pianoa (beruna urtu arte). Kantuen gainean, hegalak atera zaizkion kantaera argitsua dago. Anarik egiten duen guztia bezalaxe, hirugarren disko hau ere oso pertsonala delako. Eta bestela nahasirik ageri zaizkigu hainbat doinu eta hitz Zebra berritzaile honetan.
"Ezin zaitudanez ahaztu, beharko zaitut nahastu" (Zebra)
Lehen zatian Jone Anoetako abeslari gazteak Bonberenea Ekintzak zigiluarekin plazaratu dituen kantuak aurkeztuko ditu zuzuenean.