
Asturiasko musika-mundu oparoaren erdian, Eliminator Jr eta Mus-en errautsetatik sortu eta gero, Manta Ray Espainiako indie-rock musikaren esparruan banda garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da, merezimenduz. Irudimena, berrikuntza eta arriskatzea eskatzen duen orotan aitzindari, Manta Ray musika eboluzioaren erreferentzia bihurtu da Europa mailan, estilo batetik bestera adimen argiz, gustuz eta koherentziaz pasatu baita, eta azken aldiko proposamenen artean sendo ageri da. Hala, Wahington DCren har-dcore-tik alemaniar kraut-aren minimalismora joaten ikusi ditugu, tartean pop oso preziosista batetik, rock zikin eta basatienetik eta soinu bandetatik igarota. Talde guztiz desberdinekin lan egin –Dia-bologum, Corcobado, Lisabö, Schwarz...- eta maila handiko lanak kaleratu eta gero –“Manta Ray”, “Pequeñas Puertas Que Se Abren, Pequeñas Puertas Que Se Cierran” eta “Esperanza”-, etorkizuna zeukan talde bat zena, erreferentzia da gaur egun.
Orain, estudioko bere lan berria zuzenean aurkeztera datorkigu asturiar banda: “Torres De Electricidad”, Andoaingo Garate estu-dioetan grabatua. Elektrikoa, gordina, zuzena, fisikoa eta tribala: horra nolako adjektiboak bururatzen diren Manta Rayren disko berria entzutean. Aurretik egindako "Estratexa"(2003) bildumaren jarraipen naturala, baina hura bezain kontzeptuala ez den honetan, bere musika ardatzen bertsio eboluzionatu bat eskaintzen digu Xixondar laukoteak.