Gipuzkoako Foru Aldundia

KONTZERTUAK

Delorean + The Hells

Delorean + The Hells

DATA: 2006ko ekainak 7a
LEKUA: Gazteszena Donostia
ORDUA: 21:00
PREZIOA: 6 euro

DELOREAN

Egun batean norbaitek esan zuen bi musika mota daudela: egunekoa eta gauekoa. Delorean gauari nola, Beach Boys egunari hala, eta ez musikazko kidetasunak dituztelako, hain zuzen ere, baizik eta biek dakitelako egunari eta iluntasunari mamia ateratzen, mami hori musika bihurtzen, eta garrantzizkoena dena, entzuleari helarazten. Bada jendea alaitasunez dantza egiten duena, mundu hau zein polita zaion ospatzeko, eta bada jendea tristuraz dantza egiten duena, bere mamuak gainetik astintzeko, edo, batez ere, bada jendea negarrik ez egiteko dantza egiten duena. Zarauzko lauek beren diskoetan dagoeneko erakutsi digute zein baliabide dituzten, beren solasak zein sustrai dituen (80etako dance musika, The Cure taldearen iluntasuna, eta !!! taldearen edo Radio 4ren modernotasuna), eta zein izan duten praktika-eremu (underground indie-a, eta gauza bitxia dena, aurrekariengatik eta jarreragatik, punk-hardcore eszenari lotua). Sekula lehenago ez dute egin orain bezala hain soinu soila, hain zentratua, hain dotorea, eta hain sakona. Suite modura, Into the plateau osatzen duten zortzi kantuak sail batean sortzen dira, halakotzat jotako sail batean, alegia, tema bakoitzaren bereizgarriak batere nabarmendu gabe, pop kantuaren kontzeptutik ihes eginez eta dantzarako musikaren jarraibideei arreta jarriz, kantuak geruzaka eraikiz, zatika baino gehiago, tempoa kontrolatuz ororen gainetik, eta giroekin nahiz intentsitateekin jokatuz. Haien soinuak izan du bilakaerarik: baxua gero eta groovie-agoa, bateria gero eta sinkopatuagoa, eta sintetizadoreak bertan daude gero eta gehiago. Emaitza: dantzaren, erritmoaren eta gauekotasunaren halako sen guztiz beldurgarri bat.

THE HELLS

Rock munduari aplikatuta, mutilak neska ezagutzen dueneko istorio tradizionalak elkartze artistiko oso emankorrak gauzatu izan ditu, hala nola, The White Stripes, The Kills, eta orain, The Hells. Lan gunea Londresen dutelarik, Ippy koruñarrak eta Kevin iparramerikarrak osatutako bikoteak “rock and roll sexy” izenez bataiatu du bere musika; ihes egiten dio bere burua The White Stripes taldearekin alderatzeari; eta aitajaun artistikoak hautatzen jartzekotan, hasiera-hasierako Stones haiek nahiago dituzte. Aurkezpeneko EP baten ondoren, apain-apain jantzi dira orain The Hells Love Sick Love izeneko lana ateratzeko. Rock gordinari eta hasierako bluesari abonatutako soinua sakontzen du, eta ezker-eskubi PJ Harvey eta Sleater-Kinney dituztela, bi horien bide erdian kokatzen dira. AEBetako birak, jaialdiak, Europako birak, eta hit single batzuk. Gauza asko gertatu dira Hells taldearen munduan estrainaldiko beren album txikia 2003an argitaratu zutenez geroztik. Harrezkero The Hells ez dira erregu eske ibili diskoaren promozioa egiteko orduan, eta errepideari agudo lotu zitzaizkion, aurrena Leeds Carling Festival-en, eta gero Erresuma Batuko bira batekin. Egiazko lana, ordea, Europan barrena 2003aren bukaeran emandako birarekin hasi zen eta geroago punkaren santutegi mitikoan jo zuten, CBGB’s delakoan, hain zuzen ere; gero Europara itzuli ziren, eta The Darkness taldearekin batera Amsterdamgo Paradiso aretoan jo zuten. Baina benetako abiada He’s the Devil (But I Love Him So) singlearekin hartu zuten The Hellsek behin betiko, beren hirian, Londresen, eta gero Espainiatik igaroz (Coruñakoa da Ippy sexia, bikoteko ahotsa eta gitarra-jotzailea) eta Philadelphiatik ere bai (hangoa da Kevin gitarra-jotzailea). Ingeles irratien laguntzarekin eta Kerrang!-en KKKK kalifikazioa zutela, taldea aurki zegoen emanaldiak grabatzen Radio 6, XFMrako, eta azken Peel Session-etako bat egiten Radio 1-erako (Goian bego John Peel). Eta hori Ingalaterran gertatzen zen bitartean, taldea arrakasta biribila izaten ari zen Australian. 2004. urtea aurreko urtea bezalatsu joan zen. Love Sick Love diskoaren grabazioa 2005ean jada bukatuta, kantuetako bat argitaratu zen Sound Issues Volume I bilduman (Buffalo Records). Love Sick Love 2006ko ekainean argitaratzekoa da, eta hilaren hasieran taldea bira bat ematen ariko da gure herritik albuma aurkezteko; biraren barruan sartzen da Primavera Sound jaialdian parte hartzea.

 
::Gaztemaniak06'::
gipuzkoa.net