Gipuzkoako Foru Aldundia

KONTZERTUAK

Apse + Carla Bozulich + Hrsta

Apse + Carla Bozulich + Hrsta

DATA: 2006ko azaroak 12a
LEKUA: Zarauzko Gaztelekua
ORDUA: 20:00
PREZIOA: 5 euro

APSE

Iaz Acuarelan 5 abestiko EPa argitaratu ondoren, Boston eta New Yorken bizi den boskote hau lanean murgildu da berriz eta beste lan bat atera digu plazara, itxuraz hortzetan labana dutela grabatu dutena. Zuzena, bizia, tribala, katartikoa eta batzuetan baita haluzinogenoa ere, rockostea, punkostea eta psikodelia ondo baino hobeto menderatzen dituenak izan ohi duen indarra du Spiritek, zalantzarako biderik uzten ez duten hamar abestitan: 2006ko estreinaldietako baten aurrean gaude.

CARLA BOZULICH

Ez da erraza Carla Bozulich sailkatzea, bere onetik atera garrasika batzuetan, eta sentibera eta babesgabe xuxurlatuz, beste zenbaitetan. Kaliforniako duela bi hamarkadako punketik dator eta country alternatiboaren ikur izatera ere iritsi zen; ondoren dance industrialarekin harremanetan ikusi genuen eta elkarrekin zerikusi handirik ez duten taldeetan ibili zen, Ethyl Meatplow, The Geraldine Fibbers eta Scarnella-n esaterako. Bakarka egin zuen debuta beste xelebrekeria bat izan zen: Red Headed Stranger (2003) country ikono zaharraren erreferentziako albuma bere modura interpretatu zuen abestiz abesti, garraztasunez beteta eta bere ukitu berezia emanda. Evangelista izan da Carla Bozulichen hirugarren lana eta Kanadako Constellation disketxeko talderik onenak izan ditu lagun lan horretan -Godspeed You! Black Emperor, A Silver Mount Zion, Black Ox Orkestar eta Frankie Sparo-, han grabatu baitzuen diskoa. Horien lankidetza bikainari esker Carlak bederatzi abesti ikaragarri sortu ditu, horiek gabe 2006. urtea ez litzateke gauza bera izango, eta Björk eta PJ Harveyri Janis Joplin edo Nicoren disko zaharrak behin eta berriz entzuten dituztenean baino gehiago pentsaraziko die.

HRSTA

Sanskritoko izena da eta Mike Moya Montrealeko musika alorreko izen handietako bat ezkutatzen da atzean. Bigarren eta azken grabaketa, Stem Stem In Electro albuma, Constellation Kanadako etxearekin atera du eta Moya argitsu, haluzinatu eta kezkagarria erakusten digu, inguruko lagunak oso ondo aukeratzen dakiena. Bidea erakusten diguten gitarra zarrastatuak, mantrak bezala debozioz errepikatzen diren abestiak eta leherketak, goi eta behe. Hrstaren abestiak izan daitezke ur gainean bare-bare, zibilizazio nekagarritik urruti dagoen baltsa bezalakoak, edo izan daitezke itsas hondora eraman nahi zaituzten trumoi eta tximisten parekoak. Zuk zeuk erabaki.

 
::Gaztemaniak06'::
gipuzkoa.net