
Zer gertatzen da beat zale amorratu bat rock and rollarekin erdi zoratuta dauden
beste batzuekin elkartzen denean? Zer gertatuko da bada, erritmo, lilura eta
dibertsioz betetako abestiak ateratzen direla, ezin besterik izan.
Horixe ikusiko dugu azaroan gure artean izango dugun biran.
Hi Risers taldea (Rochester, N.Y.) osatzen duten beterano eta gero eta miretsiagoek -Todd Bradley baxuan eta Gregory Townson gitarran- senar-emazte zoriontsu batzuk baino denbora gehiago daramate elkarrekin. Hank Ballard eta Bo Diddleyren mailako artistekin jo duen bikote hau Europa zaharrera datorkigu berriz taula gainean zer egiten dakiten erakustera. Baina ez datoz bakarrik, lagun izango dituzte Jimmy Lester danbor astintzailea eta Straitjackets talde ikaragarri eta ezinbestekoaren sortzailea, eta Erresuma Batutik ekarri duten Kaiser George. Hala aurkeztuko zaizkigu Europako hainbat hiritan.
Rock and rolla maite baduzu, baina inolako mugimenduri mugarik jarri gabe, hona hemen aukera paregabea Rhythm&Blues, Country, Doo Wop, Rockabilly, Surf edo Beat musikarekin gozatzeko. Era guztietako musika maisutasunez plazaratuta; gau hori ez duzu berehalakoan ahaztuko.
Irrikan nago lau morroi horiek beren anplifikadoreak piztu, ahotsak findu eta one, two, three esanda aretoak erritmoz bete eta gozatzen hasteko: Call of The Wolfman, B saileko rock and roll hutsa (gutxi batzurentzat A mailakoa, zalantzarik gabe), Rockin´ Spree, erritmoa soinu adierazpide gorena bihurtua, Wild Romance-ek eskaintzen duen pop-aren ikuspegi zoragarria, batere eztitu gabea, Edmunds maisua entzuten orduak eta orduak pasa izanaren ondorioa; That Rock and Roll Beat-en erritmoan dantzatuko gara eta Cavern club delakoan gaudela irudituko zaigu bere alderdirik beat-ena kanporatzen dutenean Ain´t Not Beatle, One Note Joe, I´d Rather Be With You edo Come Home to Me gaiekin.
Atzerako kontaketa hasi da eta egun gutxi barru lagun talde horrek txora-txora
eginda jarriko ditu rocker, mocker eta garage punker guztiak bertatik
bertara eta zuzen-zuzenean. Ez zara besteek kontatuko zain geldituko,
ezta?
Lehenengo zatian Citizen taldea arituko da:
Hondarribiko boskotea, Hank Williansen zein Bob Dylanen iturritik edandakoa.
Rocka, countrya, bluesa, grinaz eta egunero lilurarazten gaituztenekiko
errespetuz egindako musika, besterik gabe. Egunerokotasuna country-rock
ederra izan daiteke.