Gipuzkoako Foru Aldundia

IV. ERANSKINA

HAUR, NERABE ETA GAZTEEN ARTEAN PRAKTIKA ONAK SUSTATZERA ZUZENDUTAKO IKERKETA, GARAPEN ETA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUAK BULTZATZEKO 3 DIRU LAGUNTZA.

  • 1.-Xedea

    Oinarri hauen helburua da, elkarrekiko lehiaketa bidez, ematea hiru diru laguntza gehienez, bakoitzari 18.000 euroko muga jarriz, haur, nerabe eta gazteen artean praktika onak sustatzera zuzendutako ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuak bultzatzeko.

    Proiektuek Gazteriako eta Komunitate Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren helburu, eskumen eta zerbitzuei egokituta egon behar dute. Gaiak ondoko hauek izan daitezke:

    • Haur, nerabe eta/edo gazte gipuzkoarrei zuzendutako zerbitzuak: heziketa astialdia, gazte informazioa, gazteen sustapena edo emantzipazioa. Haur, nerabe eta gazteei buruzko politiken prospektiba eta ebaluazioa egiteko proiektuak ere har daitezke kontuan.
    • Babesik gabe edo babesik gabe geratzeko arriskuan dauden haur, nerabe eta gazteen prebentzioa eta babesa.

    Proiektuetako bik lehen paragrafoarekin izan behar dute zerikusi (haur, nerabe eta gazteen zerbitzuak eta politikak) eta hirugarrenak bigarrenarekin (babesik gabe edo babesik gabe geratzeko arriskuan dauden haur, nerabe eta gazteak), beti ere aurkeztutako proiektuak nahiko kalitatea dutenak badira.

    Egin behar diren proiektuek ondoko hiru faseetako bi, gutxienez, eduki behar dituzte:

    • Beharren azterketa eta proiektu berritzailea diseinatzea, esperimentalki ezartzeko.
    • Proiektu pilotua abian jartzea eta emaitzak ebaluatzea.
    • Proiektua eta emaitzak gizarteratzea (proiektua zabaltzea eta beste agente batzuei ere emaitzak ematea, proposatutako hobekuntza edo berrikuntza komenigarri bazaie), argitarapen, mintegi, jardunaldi eta abarren bidez.
  • Nolanahi ere, bi fase horiek bat bestearen ondokoak izan behar dute.

    Proiektua Gipuzkoako lurraldean egin behar da eta proposatutako hobekuntzak edo berrikuntzak garrantzitsua izan behar du bere lana Gipuzkoan egiten duten agenteentzat (alderdi horrek zuribidean egiaztatuta geratu behar du, a) fasea egitea aurreikusten ez duten kasuetan arreta berezia jarriz).

    Diru laguntza hauetara aurkeztuko diren proiektuak deialdiaren urtean hasi behar dira egiten, aurreko urtean hasitako proiektuen jarraipena ere diruz lagun badaiteke ere, adieraziriko faseak gauzatu beharrak horrela exijituz gero eta beti ere Haurren, Gazteen eta Garapenaren Lankidetzaren Zerbitzuak proiektua gauzatzea eta zerbitzu horrekin diru laguntzaren hartzaileak izandako lankidetza maila ezin hobetzat jotzen badu, eta eskaera lehentasunekotzat jotzen bada deialdiko beste batzuen aurrean.

  • 2.-Entitate onuradunak

    Dirulaguntzetara irabazirik asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatuak aurkez daitezke.

    Erakunde onuradunak lehentasunez gipuzkoarrak izango dira, baina ez dira besteak baztertuko, lana Gipuzkoako lurralde historikoan egiten badute.

    Deialdi honetatik kanpo geratzen dira jada amaitutako ikerketa lanak, eta baita, prozesua abian jarri eta emaitzak ebaluatzeko fasearen berme izan daitezen, erakunde batekin edo batzuekin hitzartu gabeko ikerketa lanak ere.

  • 3.-Aurkeztu beharreko agiriak.

    Ondoko agiriak erantsi behar zaizkio eskaera orriari:

    • Garatu nahi den proiektuaren proposamena, Haurren, Gazteen eta Garapenaren Lankidetzaren Zerbitzuak emandako gidoiaren arabera.
    • Aurrekontua.
  • 4.- Diru laguntzak ebaluatu eta kopuruak zenbatekotzea.

    • Aurkezten diren diru laguntza eskaerak Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko batzorde batek aztertu eta baloratuko ditu, eta ondoren ebazpen proposamena igorriko dio organo eskumendunari. Batzorde horretan egongo dira: zerbitzuburua, Haur eta Gazteen Sustapeneko atalburua, Haurren Babeserako atalburua eta zerbitzuko teknikari bat. Kide horiek kanpoko teknikarien laguntza izan dezakete.
    • Diru laguntzak ematea ondoko irizpide hauen arabera egingo da:
      • Proiektuaren ezaugarriak (gehienez 40 puntu):
        • Proiektuaren izaera berritzailea.
        • Proiektua ezartzeko aukerak.
        • Emaitzak leku aldatzeko aukera, praktika onak sustatzea.
        • Bideragarritasun teknikoa.
        • Bideragarritasun ekonomikoa.
        • Eskatzailearen gaitasuna.
        • Proiektua diziplina batzuetan planteatzea.
        • Proiektua lurraldez gaindiko beste proiektu batzuetan integratzea, horrela emaitzak alderatzeko.
        • Proposatutako helburuen interesa, eta jarduerak helburuekin ongi uztartuta egotea.
        • Aurreikusita edukitzea proiektuan haur, nerabe eta gazteekiko lana hobetzeko gomendioak egitea.
      • Erabiliko den metodologia eta eragina (gehienez 40 puntu):
        • Hartzaileak.
        • Garatu nahi den metodologiak zein behar eta helburuei erantzuten dien.
        • Garatu nahi den metodologiaren azalpena.
        • Metodologiaren transferentzia, garatu ondoren.
        • Genero ikuspegiari eman zaion lehentasuna.
        • Desberdintasunaren integrazioari eman zaion tratamendua.
        • Hizkuntza ofizialak proiektuan duten tratamendua.
        • Kultura askotariko ikuspegia sartzea.
        • Proiektua Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko 2005-2008 plan estrategikoko ardatzetan kokatzea.
      • Finantzazio iturriak (gehienez 20 puntu).
        • Aurreikusitako aurrekontuari begira beren diru sarreren ehunekoa.
        • Helburu horretarako eskatutako edo lortutako diru laguntzak.
  • 5.-Diru laguntza ordaintzea

    Honela ordainduko da diru laguntza:

    • Zenbatekoaren %50, diru laguntza onartzen denean. Kontuan hartuta foru dekretu honetan aurreikusitako diru laguntzen erakunde onuradunen ezaugarriak, horiek ez dute bermerik aurkeztu beharko aurreratutako laguntzaren zenbatekoagatik.
    • Gainerako %50a, 6. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren.
  • 6.- Zuritu beharra

    • Dirua jasotzen duten erakundeek ondoko dokumentazioa aurkeztu behar dute deialdiaren hurrengo urteko maiatzaren 1a baino lehen:
      • Proiektuaren garapenari buruzko memoria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren, Nerabeen eta Gazteen Zerbitzuak eskura jarriko duen gidoiaren arabera egina.
      • Proiektua aurrera eramatean izandako gastu eta sarreren balantzea, Haurren, Nerabeen eta Gazteen Zerbitzuak emandako ereduaren arabera egina.
      • Diru laguntza emateko ebazpenean eska litekeen beste edozein agiri.

    Diru laguntza jasotzen duten erakundeek baimena eman behar diote Haurren, Nerabeen eta Gazteen Zerbitzuari, lagundutako proiektuen garapena gainbegiratzeko eta zuzen gauzatzen diren egiaztatzeko egin behar dituen jarduketa guztietarako. Era berean, zentzu horretan Zerbitzu horretatik jasotako oharrak eta gomendioak bete egin behar dituzte.

    Diruz lagundutako proiektuak, egin ondoren, edozein euskarritan, fisiko, elektroniko edo magnetikoan, argitaratu edo jendartean zabaltzen badira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren logotipoa jarri behar dute ondoko hitzak jarriz: Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren, Nerabeen eta Gazteen Zerbitzuaren laguntza. Era berean, argitaratutako materialaren bi ale bidali behar dira zerbitzu horretara (bat euskarazkoa eta bestea gaztelaniazkoa). Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua zabal ditzake proiektuaren emaitzak bere bitartekoak erabiliz, beti ere proiektuaren egiletza eta jabetza errespetatuz.

  • 7.-Aurrekontua

    Diru laguntza hauen urteko deialdian zehaztuko dira aurrekontu programa eta zuzkidura.

gipuzkoa.net