1.-Xedea
Gipuzkoako gazte elkarteetako talde zuzendariak prestatzeko programak aurrera eramaten dituzten haur eta gazteen aisia eskolei elkarrekiko lehiaketa bidez diru laguntzak ematea da oinarri hauen xedea.
2.-Entitate onuradunak
Gipuzkoako lurralde historikoan jardun eta ikastaroei buruz ondorengo baldintzak betetzen dituzten ofizialki errekonozitutako aisia eskolek izango dute diru laguntzak eskuratzeko aukera:
- Eskolek garatutako prestakuntza programen edukiak Eusko Jaurlaritzak 1994ko azaroaren 2ko 419/94 Dekretuan ezarritakoei egokitu beharko zaizkie.
- Arautegi horren arabera, ikastaro bakoitzaren ordu kopurua 200 ordukoa izango da haur eta gazteen aisialdiko begiraleen ikastarorako, eta 100 ordukoa haur eta gazteen aisialdiko zuzendarien ikastarorako. Ordu kopuru horretan ez dira sartzen tutoretza, praktikaldi edo ikastaro monografikoetarako hartutako orduak.
Inola ere ikastaroetan ezingo da egunean zortzi ordu baino gehiago eta ordu t’erdi baino gutxiago egin.
- Begirale edo zuzendarien ikastaroetan eta ikastaro monografikoetan inskribatutako ikasleen kopurua hamarrekoa izango da gutxienez eta hogeita hamarrekoa gehienez, eta kopuru horretatik aurrera bi taldetan banatuko dira.
Ikastaro bakoitzak partaide talde jakina izango du, lehen emandako kopuruen araberakoa, eta aldez aurretik ezarritako egutegi-ordutegiak izango ditu.
- Haur eta gazteen aisialdiko begirale edo zuzendarien ikastaroak egiten ari direnek ezingo dute ikastaro monografikorik egin, monografikoen eginkizuna prestakuntza iraunkorra eta birziklatzea eskaintzea baita.
Ikastaro monografikoak astialdiko pedagogiari buruzkoak izango dira soilik, eta gutxienez hamabost ordukoak izango dira.
- Titulua eskuratzeko derrigorrezkoak diren praktikaldia eta jardueren bukaerako memoria eskolak ikuskatu eta onartu beharko ditu. Haurren, Nerabeen eta Gazteen Zerbitzuak memoria horiek eskatu ahal izango ditu egiaztapenak egitearren.
3.-Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Eskaera orriak ondoren adierazten den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira:
- Eskatzaileak irekitako kontu korronte baten jabetasuna ziurtatuko duen agiria, diru edo aurrezki etxe batek emana. Agiri hori aurkeztu beharko da, bakar-bakarrik, diru laguntza bat lehenengo aldiz eskatzen denean edo kontuaren ezaugarriak aldatu direnean.
4.- Diru laguntzak ebaluatu eta kopuruak finkatzea
- Aurkezten diren diru laguntza eskaerak Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko batzorde batek aztertu eta baloratuko ditu, eta ondoren ebazpen proposamena igorriko dio organo eskumendunari. Batzordea osatuko dute Zerbitzuko buruak, dagokion Ataleko buruak eta Zerbitzuko teknikari batek.
- Diru laguntzak honela osatuko dira, batetik, kopuru finko bat, onartuak izan diren Gipuzkoako ikastetxe guztiek jasoko dutena, eta bestetik, kopuru aldagarri bat, ikastaro kopuru eta motaren (begiraleak, zuzendaria, ikastaro monografikoa den) eta ikastaroko ikasle kopuruaren arabera emango dena.
- Aipatutako irizpide horiek aplikatuko dira Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuak oinarri hauek garatzeko ematen duen foru aginduan xedatzen den baremoaren arabera.
- Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzak ezingo du erakunde eskatzaileak aurkeztutako defizita baino handiagoa izan.
5.-Diru laguntza ordaintzea
Honela ordainduko da diru laguntza:
- Zenbatekoaren %60, diru laguntza onartzen denean. Kontuan hartuta foru dekretu honetan aurreikusitako diru laguntzen erakunde onuradunen ezaugarriak, horiek ez dute bermerik aurkeztu beharko aurreratutako laguntzaren zenbatekoagatik.
- Gainerako %40, 6. oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkezten denean.
6.- Zuritu beharra
- Diru laguntza jasotzen duten eskolek ondorengo dokumentazioa aurkeztuko dute urte bakoitzeko irailaren 15a baino lehen:
- Diruz lagundutako ikastaroei buruzko memoria, Haurren, Nerabeen eta Gazteen Zerbitzuak emango duen ereduaren arabera egina.
- Diruz lagundutako kontzeptuen arabera berezitako gastu eta sarreren ordainagirien zerrenda zenbakitua, burutzearen arabera antolatua, ordainagirien destino edo jatorria adieraziko duen azalpen bat ere eginez. Gastua, laguntza emandako kontzeptuetan egin beharko da.
- Laguntza jaso duten haur eta gazteen aisialdiko hezitzaile eskolek ontzat eman beharko dituzte eta erraztasunak emango dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari, laguntza jasotako jarduerak egiaztatzeko erabaki ditzakeen neurrietan.
7.- Aurrekontua
Diru laguntza hauen urteko deialdian zehaztuko dira aurrekontu programa eta zuzkidura.