Gipuzkoako Foru Aldundia

33/2004 FORU DEKRETUA

Apirilaren 20ko 33/2004 FORU DEKRETUA, egoera zailean dauden adingabekoen babesa, garapen pertsonala eta gizarteratzea bultzatzeko dirulaguntzak arautzen dituena.

Kode Zibila eta Prozedura Zibileko Legea partzialki aldatzen dituen azaroaren 11ko 21/1987 Legeak eta Adingabearen Babes Juridikoa arautzen duen urtarrilaren 15eko 1/1996 Legeak aginduta bere gain hartu dituen eskumenak erabiliz, Gipuzkoako Foru Aldundi honek dirulaguntza batzuk ematen ditu egoera zailean dauden adingabeak babestu, pertsonalki hezi eta gizarteratzeko.

Foru Aldundiaren gaur egungo departamentu banaketaren arabera, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari adingabeak babesteko eskumenen zati bat dagokio. Eskumen horien barruan, egokitzat jotzen da aurrekontuko kontu sail bat jartzea, egoera zailean dauden adingabe horiei pertsonalki hazten eta gizarteratzen laguntzen jarraitzeko eta, ahal izanez gero, laguntza horiek hobetzeko, horretarako dituzten arazo larriei aurre egiteko laguntza ekonomikoak emanez.

Laguntza horien barruan, lehendabizi adingabeak «izatezko zaintza» egoeran zaintzen dituzten familiei laguntzeko direnak daude, hau da, egoera hori formaltzen ez den bitartean, uste baitugu adingabearen sare naturalari laguntza ematea dela, prebentzio alderdia kontuan edukiz.

Bigarrenik, «osagarritzat» hartzen ditugun laguntzak daude, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak kudeatutako programen barruan laguntzen diegun adingabe edo familiei dirulaguntza ematea delako.

Beste aldetik, epemugarik gabeko Foru Dekretua egin nahi izan da, hau da, datozen urteetan ere aldatu gabe mantenduko lirateke ezarritako arauak –aldatu beharreko bakarrak ekitaldi bakoitzean esleitu eta baimendu beharko liratekeen aurrekontuko kredituak izango bailirateke–, aurreikusitako diru laguntzak eskatu nahi dituztenentzat erreferentzia iraunkorra izan dadin.

Hori horrela, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko foru diputatuaren proposamenez eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua.

Giza Eskubideetako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko Gazteria Zerbitzuaren programetan jarraian adierazten diren prestazioak ezartzen dira:

  • Adingabeak «izatezko zaintza» erregimenean dituzten familia zabalentzako prestazio ekonomikoak.
  • Familietan esku hartzeko programetan parte hartzen duten familia eta adingabeentzako eta larrialdiko harrera egoeran dauden adingabeentzako diru laguntza osagarriak.

2. artikulua.

Adingabeak «izatezko zaintza» erregimenean dituzten familia zabalentzako prestazio ekonomikoaren helburua da egoera zailean dagoen adingabekoak aukera izan dezala bere familia zabalean famili inguru normaldua edukitzeko, horrela zentro batean sartzea saihestuz, eta ongi gizarteratzen laguntzeko. Foru dekretu honen ondorioetarako, lehen mailako ahaidetasun harremanik ez duten adingabeak etxean betiko nahiz aldi baterako hartzen dituena jotzen da familia zabaltzat, harreraren bidez arautua ez dagoenean egoera hori. Kasu horretan sar daitezke, era berean, ohiko tutoretzaren bidez araututa dauden egoerak ere.

3. artikulua.

Laguntza osagarri horiek Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak aurrera daramatzan familietan esku hartzeko programetako familientzat eta, era berean, departamentuak kudeatzen dituen larrialdiko harrera zentroetan dauden adingabeentzat dira. Laguntza horien helburua lagundutako eta zentroan hartutako adingabeen babes egokia eta ongizatea lortzeko oinarrizkotzat jotzen diren beharrei erantzutea da (tratamendu psikologikoak edo psikiatrikoak, odontologiako tratamenduak, oftalmologiako gaiak erostea), beti ere behar horiei ezin zaienean erantzun baliabide publikoen sarearen bidez edo familiak berak dituen baliabideen bidez.

4. artikulua.

Izatezko zaintzako laguntzak emateko prozedura ondokoa izango da:

  • Laguntza jasoko duen familia zabalaren ordezkariak bere udaletxeko oinarrizko gizarte zerbitzuetan eskabidea aurkeztu beharko du, eredu ofizialaren arabera eta bertan zehaztutako dokumentazioarekin batera. Urteko edozein egunetan aurkez daitezke eskabideak, baina aurrekontuan dauden baliabideen mende egongo dira.
  • Herriko gizarte zerbitzuek proposamen bat egin behar diote Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari. Proposamen horretan adieraziko da zergatik dagoen adingabea familia zabalaren etxean hartuta, ea adingabearen zaintzaren kargu egiteko familia hori egokia den eta zaintzen duen familiak zein egoera sozioekonomikoa duen, izan ere dirulaguntza emateko eranskinean dagoen baremoan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Proposamen hori egiteak oinarrizko gizarte zerbitzuek prestazioaren jarraipena eta kontrola egiteko konpromisoa hartzen dutela ekarriko du, laguntza ematen bada.
  • Prestazio hau oinarrizko gizarte zerbitzuek emandako beste prestazio ekonomiko batzuen ordezkoa da eta bateraezina zurztasun pentsioarekin edota epai erabakiaren bidez adingabeari onartutako pentsioarekin.
  • Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko Gazteria eta Komunitate Ekintzako Zuzendaritzak, departamentuko teknikariek laguntza emateari buruz egindako txostena ikusi ondoren, erabakiko du prestazioa ematea edo ez ematea, eta horren berri bai eskatzaileari bai dagokion udalari emango die.
  • Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak hilero ordainduko du esleitutako diru laguntza.
  • Familian hartutako adingabe bakoitzeko 153,17 euro emango dira hilean 2004. urtean eta familia hartzaile bakoitzak ezingo ditu hilero 612,68 euro baino gehiago jaso.

5. artikulua.

Laguntza osagarriek ondoko jardunbidea jarraituko dute:

  • Laguntza jasoko duen familia zabalaren ordezkariak bere udaletxeko oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuan eskabidea aurkeztu beharko du, eredu ofizialaren arabera eta bertan zehaztutako dokumentazioarekin batera. Eskaera egin dezakete, era berean, adingabearen familia parte hartzen ari den Familian Esku Hartzeko Programako arduradunek edo adingabea bizi den larrialdiko harrera zentroko zuzendariak ere. Urteko edozein egunetan aurkez daitezke eskabideak, baina aurrekontuan dauden baliabideen mende egongo dira.
  • Familian esku hartzeko programetako arduradunek edo larrialdiko harrera zentroetako zuzendariek txostena egingo dute, bertan adieraziz eskatutako dirulaguntza zein beharretarako eskatzen den, sare publikoko baliabideen bidez erantzun daitekeen edo ez eta, baita ere, diruz laguntzea eskatzen den jarduerak edo zerbitzuak dakartzan gastuei erantzuteko familiak nahiko irabazi duen edo ez. Arduradun edo zuzendari horiek berak izango dira emandako dirulaguntzaren jarraipena eta kontrola bere gain hartuko dutenak, zertarako eman den hartarako erabili dela ziurtatzeko.
  • Kasu batzuetan eska daiteke dirulaguntza eskaera tramitatu aurretik zerbitzu horren kostuari buruzko aurrekontua aurkeztea.
  • Laguntza osagarrietan sartzen den adingabekoen laguntza psikoterapeutikoa Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak aginduko duen kontratazio prozesuaren bidez egin behar da.
  • Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko Gazteria eta Komunitate Ekintzako Zuzendaritzak, departamentuko teknikariek laguntza emateari buruz egindako txostena ikusi ondoren, prestazioa ukatzea edo ematea eta aldi berean ordaintzea erabakiko du (orokorrean, laguntzaren zenbatekoa zuritutako beharraren %100-koa izango da), eta ondoren eskatzaileari helaraziko dio.

6. artikulua.

Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauei eta Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako ondorioetarako, prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, eskabideari Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko erregistroan sarrera ematen zaion egunetik kontatuta. Behin epe hori igaro denean, ez bada berariazko ebazpena eman eta jakinarazi, eskaera ezetsitzat hartu behar da administrazio isiltasunagatik, aipatutako Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.

Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak eskatutako nahi adina argibide eman behar diote departamentuari foru dekretu honetan araututako diru laguntzen onuradunek, eta dirua ondo erabiltzen dutela zuritu behar dute, gastatutako diru kopuru osoaren ordainagiriak aurkeztuz, izatezko zaintzako laguntzen kasuan izan ezik, horien gastua zuritutzat joko baita oinarrizko gizarte zerbitzuek egindako jarraipenak hori baieztatzen duenean. Gainera, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari jakinarazi behar dizkiote laguntzak emateko kontuan hartutako arrazoiak aldarazten dituzten gorabehera guztiak.

8. artikulua.

Eman diren laguntzak beste xede batzuetarako erabiltzen direnean, justifikatu beharra betetzen ez denean edota baldintzak bete gabe dirulaguntza eskuratzen denean, Gazteria eta Komunitate Ekintzako zuzendariak laguntza horien ebazpenak baliogabe ditzake, kasuan kasuko onuradunari entzun ondoren eta ebazpen arrazoituaren bidez, eta horrelakoetan onuraduna jaso dituen zenbatekoak itzultzera beharturik egongo da.

Lehen xedapen gehigarria.

Foru dekretu honen babesean emandako diru laguntzak ez dira kontutan hartuko gizarteratzeko gutxieneko diru sarrera/oinarrizko errenta edo kotizatu gabekoen pentsioa emateko garaian.

Bigarren xedapen gehigarria.

Foru dekretu honetan aurreikusitako diru laguntzetarako urtez urte izango diren aurrekontuko kredituak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontuak Onartzeko Foru Arauak jasotakoak izango dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Ahalmena ematen zaio Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko foru diputatuari foru dekretu hau garatu eta gauzatzeko eman beharreko xedapenak eta egintzak emateko, zehazki foru aginduen bidez urtero 4. artikuluko f) atalean ezarritako izatezko zaintzako laguntzen zenbatekoak ezartzeko eta kasua bada, baremo ekonomikoa eguneratzeko, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuak eskeintzen dituen aukeren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.

2004ko ekitaldiari dagokionean, Foru Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak 1.0810.100.480.00.00 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira eta 328.492,00 euroko gastua baimentzen da. Kopuru hori handitu edo txikitu egin dezake aldaketaren zenbatekoaren arabera horretarako eskumena emana duen organoak.

Xedapen iragankorra.

Foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera erabakiko dira bertan aurreikusitako laguntza eskaerak 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu badira eta indarrean sartzen denerako erabaki gabe egonez gero.

Indargabetzeko xedapena.

Indargabetu egiten da 1994ko martxoaren 22ko 29/1994 Foru Dekretua, adingabeak «izatezko zaintza» erregimenean dituzten familia zabalei prestazio ekonomikoak ematea arautzen zuena, bai maila bereko edo beheragoko gainerako xedapenak ere foru dekretu honen aurka dauden zatietan.

Amaierako xedapena.

Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

 

Donostia, 2004ko apirilaren 20a.

Diputatu Nagusia,

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko Foru Diputatua,

María del Carmen Marín Guruceaga.

ERANSKINA

Izatezko zaintza erregimenean adingabeak dituzten familia zabalentzako laguntza ekonomikoak emateko baremo ekonomikoa.

Laguntza ekonomiko hauek emateko, familiaren urteko diru sarrerak, gehienez ere, ondoko formularen arabera kalkulatutakoak izango dira:

I = (hileroko LGS x 14) + (3.650,00 x N)

  • I: Familia bakoitzeko urteko gehienezko diru sarrerak.
  • LGS: Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (2007 urterako: 570,60 €/hilero).
  • N: Familiako kideen kopurua, izatezko zaintzan dauden adingabeak sartuta.
gipuzkoa.net