| Gida
honen edukina bi modutan kontsultatu dezakezu: web horrialdeetan irakurriz
(ezkerraldeko indizea erabiliz), edo ondoko PDF fitxategiak eskuratuz: Gida osoa: (PDFa eskuratu) |
Azterketa hau,analisi zorrotz bat baino gehiago, gipuzkoar gazteriaren portaera turistikoa ulertzeko hurbilketa bat da. Azterketa hau egiteko unean topatutako zailtasun nagusietako bi izan ditugu, batetik, bibliografi erreferentziarik apenas izatea gazteen jarduera turistikoari buruz, eta bestetik datu-baserik ez izatea analisi enpiriko bat burutzeko. Alabaina, eskura izandako materiala erabiliz hainbat ondorio garrantzitsu atera ahal izan da, nahiz eta hasierako ondorio batzuk besterik ez direla onartu behar den. Lan honen helburu nagusia gipuzkoar gazteek 1998ko ekainetik 1999ko ekainera bitartean egin dituzten bidaien ezaugarri nagusiak argitara ateratzea da. Gipuzkoar gazteak esatean, Gipuzkoan bizi den 15 eta 29 urte bitarteko pertsona multzoa hartu dugu. Lanaren alderdi enpirikoan, turismo-jarduera honen alderdi turistiko, geografiko eta demografikoak daude. Hainbat iturri izan dira abiapuntu, hala nola Gipuzkoako gazteei buruzko txostena 1996 (1997), Jóvenes españoles 99, eta Retratos de Juventud 1998-99 (1999);hauetatik abiatuta, gipuzkoar gaztearen profila itxuratu dugu.Azken bi iturri hauek ez dute Gipuzkoan gazteriak dituen turismo preferentzia eta praktikei buruzko inolako aipamenik egiten, baina hala eta guztiz ere, halako informazio bat eskaintzen digute gipuzkoar gazteen aisiaren eta denbora librearen inguruan. Gure ustez,aisialdi hau hobeto ulertuz gero, garbiago ikusi ahal izango dugu gazteak bere aisian zer bilatzen duen, zer espero dezakegun, eta ezagun geratuko zaizkigu gazteen turismo ohiturak. Analisi enpirikoa egiteko 302 gazte gipuzkoarrez osatutako lagin bat erabili da;denak Donostiako Deustuko Unibertsitateko ikasleak dira, eta emaitzek erakusten dutenez, 4-5 bat bidaia egiten dute urtean, batez beste, eta atzerrira joz gehienetan. Gazteek turismo irteeretan zehar burutzen dituzten jardueren artean nabarmentzen dira gaueko irtenaldiak, hiriak bisitatzea eta jendea ezagutzea; hau da, jarduera guztiak oso lotuta daude sozializazio prozesuekin. Gazte gehienek hoteletan hartzen dute ostatu, eta otordu azkarreko establezimenduetara (fast-food ) jo ohi dute. Asko eta asko dira lagunekin bidaiatzen dutenak, eta bidaia-agentzietan eskuratzen dute informazioa. Azterketa honetatik ondorioztatzen den konklusio nagusietako bat zera da,gipuzkoar gazteria ez dela gizarte talde homogeneoa, turismo-portaeraz bederen. Gazteria osatzen duten segmentu desberdinak ezagutuz gero, laguntza handia izango genuke haien beharrei hobeto egokitutako politikak diseinatzeko. Horretarako datu-base zabalagoa, gipuzkoar gizarteko gazteen ezaugarriak hobeto adierazten dituena beharko genuke, gazteen turismo praktikei buruzko analisi zehatzago batez inondik ere. Edonola ere, azpimarratzekoa da gazteen finantza baliabideak mugatuak direla, baina hala eta guztiz, nazioarteko merkatuan den turismo-industriaren jardueraren %25 gazteek osatzen dute. Azterketa osagarri eta sakonago bat eginez gero, inplikazio zorrotzagoak aterako genituzke ondorio, bai herri administrazioari zuzendurik bai alor pribatuari zuzendurik, betiere turismo praktika eraginkorragoak lortzen laguntzearren gipuzkoar gazteei. |