2. TURISMOA: GAUR EGUNGO FENOMENOA


Gaur egun turismoa dugu gizartean sustrai sakonak bota dituen aisi jardueretako bat, hiri gizarte post-industrialaren bizimoduaren berezko elementuetako bat. Alor honen garrantzia gero eta handiagoa da, horixe ikusten baitugu turismo eskaintzan eta eskarian bertan.

Kopuru batzuk emanez gero, nabarmen geratuko zaigu orain esana.Esate baterako, 1998an Espainia izan zen Europako bigarren turismo-gunea, ia-ia 48 milioi bidaiari heldu baitziren; eragindako sarrerak, berriz, 30 mila milioi dolar ingurukoak izan ziren (Turismoaren Mundu Erakundea,1999). Era berean, 1998an gorakada handia izan da igarotako gau kopuruan (+%7,3), eta horrela sendotu egin dira 1997an abiatutako joerak. Izan ere, bertako turismoak gorakada handia izan du (+%8,2), eta atzerritik heldutakoak ere bide bera egin du, %6,8 igo baita (Eurostat,1999).

Turismoa,XX.mendean, gizarte behar gisa planteatzen da, oporretarako eta atsedenerako eskubidearen gauzatze gisa; ondorioz, kontsumo ondasun bat da.Turismoa isla bat da, hain zuzen ere turismoa bera garatzen ari den gizartearena, eta beraz, ezin da gizarte horretan gertatu diren aldaketa sakonetatik aparte utzi. Halaz, gaur egun, turismoa mendebaldeko hiritarrek duten eta partekatzen duten aisi esperientziatzat har dezakegu, eta aisi modu identifikagarria da, bai kanpo formaz, intentsitateaz eta egitura-ezaugarriez (Ruiz Olabuenaga,1994).

Azken hamarraldi honetako azterketa batzuek denboraren eta espazioaren demokratizazioaria txikitzen diote turismo-fenomenoaren eragin eta barne-aldaketa, eta fenomenoak, pixkanakapixkanaka, zabaldu egin du kulturan duen eragina, egitura sozio-ekonomikoan duen garrantziarekin batera inondik ere.

Denbora librearen eta aisiaren kontzepzio berri honek, indibiduala eta komertziala baita, tipologia bat eragiten du, batez ere kontsumo-unitatetzat erabiltzen den “segmentu longitudinal” desberdinean oinarritzen den tipologia hain zuzen. Alde batetik, denboraren malgutzea heldu da, hau da, denbora librea edozein urtarotan edo urteko edozein unetan goza daiteke, are gehiago, denbora-tarte desberdinetan zehar izan daiteke. Bestetik, denbora librearen eta aisi espazioaren demokratizazioaren ondorioz, gizarte-klase guztiek gozamen horretarako aukera dute.

Ruiz Olabuenagak dioen bezala (1994:20-22), denboraren eta espazioaren demokratizazio honek sakon-sakonean eraldatu du turismo modernoa, eta hainbat ezaugarri atxiki dizkio, hurrenak baitira laburbildurik:

1.Turismoa ezin dugu hartu bakar-bakarrik gizarteko maila sozio-ekonomiko sendoenentzat gordetako gizarte-fenomenotzat. Turismoa funtsezko alderdia da ‘aisialdiaren hiritarrak esaten diogun kontzeptu horretan, eta honen arabera, hiritar bakoitzaren jabetza indibidual bat dira denbora eta espazioa, eta hiritar bakoitzak bere baliabide eta aukeren arabera erabiltzen ditu denbora eta espazio horiek.

2.Turismoa aisia-denbora eta espazio bat da, eta garai batean ‘oporraldi ’deitutako denbora-espazio hartara mugatzetik oso urrun egonik, gizarte bizitzaren beste espazio eta denbora batzuk bereganatzen ari da. Turismoa, gaur egun, asteburuetan, zubietan, eta astebarruko jai egunetan zertzen den jarduera bat da. Dagoeneko ez dira Megaresort eta hondartzak turismogune bakarrak, zeren eta mendiak, landa inguruak,kultur gune garrantzitsu diren hiriek, musika kontzertu erraldoiek eta kirol ekitaldi handiek ere bere turismo zatia bereganatzen baitute.

3.Turismoa sakon-sakonean ari da aisialdia gozatzeko modu soziala eraldatzen. Praktika koiunturazkoa izateari lagatzen ari zaio, ez dago denboran edo gizarte talde batean isolatuta, eta beste denboretara hedatzen ari den bizimodu bihurtzen ari da. Eta bizimodu honetan tokiz aldatzea bultzatzen da, tarte fisikoari ematen zaio garrantzia, eta emozioz planifikatzen da guztia aurrez, intentsitate handiz gozatuz prozesua.

4.Turismoa gozatzeko gero eta forma berriagoak,exotikoagoak daude,eta halako barneratze sozial bat gertatzen ari da. Arrazoiak eta esangurak askotarikoak dira.Turismo honek esparru zabala har dezake baitan, esaterako halako toki edo monumentu interesgarri baterako bisita jakin-minak bultzaturik, lagun edo senide batzuei bisita egitea, ikasketa-bidaiak, kultur intereseko bidaiak, biltzarretara joatea, jubileu-urteak edo ospakizun aberrikoi eta sozialak, erosketak egiteko bidaiak, edota besterik gabe iheserako, aisiarako edo erlaxatzeko irteerak.

Urryk (1992)egungo turismoaren ezaugarri nagusiak laburbildu ditu, gizarte aldaketa orokorrekin lotuz. Elkartze honen bidez ikuspegi orokor bat lortzen da, eta honek aukera ematen digu kontu asko ulertzeko, hala nola turismo-merkatuaren segmentazioa, destino alternatiboen ugalketa, turistek eskuratzen duten informazio pila itzela, modako destinoak bizkor-bizkor aldatzea, eta autentikotasun, gizarte harmonia eta ingurugiroaren babesaren balioekin lotutako turismo alternatiboaren garapena.

Bidaia eta aisi moten inguruan dagoen eskarian gertatzen diren aldaketen eragile nagusiak aldaketa sozio-demografikoak dira, hain zuzen ere hurrenak: biztanleria aktiboa handitu izana,gazteetapa luzatu izana, ezkontzeko adina atzeratu izana, seme-alabarik gabeko bikoteak eta heldu ezkongabeak gero eta gehiago izatea, eta oro har biztanleriaren baliabide ekonomikoak areagotu izana.

Faktore horien guztien ondorioz, gazteriaren portaera turistikoa ez da beste gizarte taldeena dutenaren berdina izango. Esaterako, Estatu Batuetan eta Kanadan egindako turismoari buruzko azterketa soziologikoek erakusten dutenez (Horna,1994;Mannell&Kleiber,1997), aisi eta turismo jardueretan parte hartzeko eta murgiltzeko maila eta modua erabat aldatzen dira guraso-etapan sartu orduko. Aisiaren ikuspegitik, gazteriari eta heldu-faseari lotutako portaera-ereduen arteko etenaren eragilea ez da adina bera, baizik eta aita/ama izateak bizimoduan eragindako aldaketa. Familiaren presentzia da aisi eta turismo ereduetan ematen diren aldaketen eragile nagusia, adina edo lan-erantzukizuna baino gehiago zalantzarik gabe. Ondorioz, lan enpiriko hauek adierazten digutenez, gazteriari eragiten dioten zertzelada berriek (ezkontzaren atzeratzea, seme-alabarik gabeko bikote kopurua areagotzea, etab.) eragin zuzena dute turismo eskari berrietan. Turista gazteen merkatuari buruzko ikerlanik apenas den arren, Carrek (1998)eta Seekingsek (1999) egindako azterlanek erakusten digute turista gazteen segmentu honen garrantzi ekonomiko eta soziala ez dela bazterrean lagatzeko modukoa.

Gaur egun turistak, orokorrean, eta turista gazteak bereziki, turismo-industria zalu eta segmentatua behar du. Indibidualismoak eta taldekoa izateko desirak,bat eginik,turismo tematikoaren bilaketa dute ondorio, hainbat jarduera burutzera zuzendutako turismo tematikoarena alegia, artera, kirolera eta musikara bideratzen baita,besteak beste (Maiztegui Oñate, 1995). Turismo-jarduerak, gero eta gehiago, balio humanistak biltzen ditu, autonomia, sormen, autoespresio eta esperientzia berriekiko interesari loturik, hazkuntza pertsonalaren eta erabakietan parte hartzearen bidetik (Plummer,1989).