3. DENBORA LIBREA, TURISMOA ETA GAZTERIA


Erakunde pribatu eta publikoen garapen-planetan gazteen turismoari emandako bigarren maila horrek ez du inolako zerikusirik turismo mota honek fenomeno turistikoen multzoan duen balioarekin eta mugikortasunarekin.

Turismoaren Mundu Erakundeko (T.M.E.) aholkulari espezializatua den Herrero Estébanez-ek dioenez (1994), gazteen turismoa bizkorrago ari da hazten nazioarteko turismoa baino, oro har. Atzerritik heldutako lau pertsonako, 15 eta 29 urte bitartekoa da bat, eta horrela ikusten denez, nazioarteko turista-trafikoan laurden bat gazteak dira. Herrialde garatuetan gazteen turismoa mugatzen duten eragile garrantzitsuenetako batzuk honakoak dira: oinarrizko azpiegiturarik eta tarifa egokirik eza, merkatu sortzaileen urruntasuna, eta merkatu-ikerlanik eza, sustapen edo promozioaren ahultasunarekin bat eginik inolaz ere.

Gazteen turismoaren indar ekonomikoa handia da; izan ere, turista gaztearen eguneko gastua txikiagoa da, baina egonaldien iraupena luzeagoa izaten da batez beste, eta turistak lagatako irabaziak tokian tokiko biztanleriaren esparru handi batean banatzen dira. Gazte turismoa merkatuaren oso segmentu zehatza da, eta ñabardura bereziak ditu, hartzaileen ezaugarriek horrela eraginik.

Turista gazteek osatzen duten alorra eroste-ahalmen murritzekoa da, eskuratzeko moduko eskaintzetara eta jardueretara jotzen du, eta sarritan aukera berriak eta formula alternatiboak bilatu behar izaten ditu, mugituko bada. Oro har, gazteek oporraldi luzeagoak izaten dituzte, eta denbora horren erabileran, maiz elkartzen dira aisia eta ikasketak. Ildo hauetan barna, 1994ko maiatzean izan ziren Gazte Turismoari buruzko Jardunaldietan, Entre jóvenes aldizkaria argitaratzen duen Diomira Elkarteak antolatu baitzituen, azpimarratu egin ziren gai batzuk, hala nola (1)ikasketa gazteen turismoaren helburutzat, (2)gazte portaeraren autonomia, (3)gaur egun gazteek dituzten baliabide ekonomikoak eta (4) gizarte sektore honen aisialdiaren eta aisi espazioaren erabilgarritasunari buruzko gaiak.

1.Ikasketa. Gaztaroa sozializazio eta ikasketa epe bat izaki, turismoa helburu horren baitan sartu beharra dago. Turismoak lagungarri izan behar du beste kultura batzuk ezagutzen ikasteko, beste pertsona batzuekin harremanetan sartzeko,eguneroko egoeretatik aparteko batzuetan moldatzen ikasteko, maila praktikoan elkarbizitza eta tolerantzia zer diren ikasteko, eta hauen ondorio okerrekoak arbuiatzen jakiteko …Zentzu zabal honetaz ulertutako turismoa funtsezkoa da gazteen mugikortasuna bultzatzeko eta laguntzeko.

2.Autonomia pertsonala. Gazteak gero eta autonomoagoak dira bere portaeretan eta bere denbora erabiltzeko moduan, eta baliabide ekonomikoak dira baldintza edo muga bakarra.

3.Baliabide ekonomikoak. Gaur egun gazteek aukera handiak dituzte turismo egin ahal izateko.

Hala ere,bereizi behar ditugu hurrenak:
•prestakuntza jarduerak (neurri handi batean familiak finantzatuak).
•aisialdiko jarduerak (beren baliabideez izanik, prezioa erabakigarria da).
•zerbitzuak (ostatua, janariak, garraioak). Gazteak bidaiaren edukiari ematen dio garrantzi gehien, kanpo-elementuei baino gehiago. Azkenean garrantzitsua abentura baita, eta berritasuna, pertsonen arteko harremanak, ongi pasatzea.

4 .Denbora erabilgarritasuna. Oro har ikasle izanik, muturreko egoerak sortzen dira gaztearen denboraren erabilgarritasunari dagokionez. Ikasle gazteak oporraldi luzeak izan ohi ditu (hilabetetik gora sarritan), eta halatan,alde handia du gizarteko beste sektore batzuekin alderatuz gero. Alabaina,“gazteak nahi adina asti badu” dioen uste zabaldu horren beste muturrean zera ikusten dugu: EUSTATek egindako biztanleriari eta denboraren erabilerari buruzko azterlanek erakutsi digutenez (‘Encuesta de presupuestos de tiempo,1993 ’), gazteriak “gorde ”egiten du neurri batean asteburua eta jai-denbora, aisiarako eta gizarte harremanetarako. Biztanlerian hartzen baditugu 35 urtetik beherakoak edo 35 eta 59 urte bitartekoak, kontraste handia ikusten dugu astegunetan zehar eta jaiegunetan zehar duten denbora libre erabilgarrian; izan ere, gazteenek lau bat ordu dituzte libre, batez beste,astegunetan zehar (3,56 h), baina jaiegunetan 7,3 h-ra heltzen dira. Beste taldean,35-59 urte bitartekoan alegia, 4,13 ordu izaten dira libre, batez beste,astegunetan, eta 6,7 jaiegunetan. Eta 35 urtetik beherakoak dira lanari, prestakuntza pertsonalari eta gizarte harremanei denbora gehien eskaintzen diotenak. Horrela ikusita, badirudi talde honek ez duela, oro har, beste gizarte sektore batzuek baino asti gehiago, baina konturik interesgarria ez da kopurua, baizik eta denbora horren banaketa, asteburu eta jaiegunetan biltzen baita nagusiki.

Zalantzarik ez dago aisialdia oso sozializazio esparru garrantzitsua dela gazteentzat, denbora horretan gauzatzen baitira bere adiskidetasunezko harreman gehienak. Gazteak erabil dezakeen denbora libre hori denbora arautu gabea, informala da, eta guztia zaluagoa da, zeren eta ez baitu inongo lan-ordutegik edo eguneroko eginkizunik ezarritako loturarik. Ildo honetatik, gauez irtetea eta gaua bera dira gazteen bizipen gehienak garatzen diren espazioa.

Jóvenes Españoles 99 azterlanak lortutako emaitzen argitan, gazteek jarduera mota batzuetan aritzen dira, eta hauetan guztietan gauarekin lotutakoak dira nagusi, argi eta garbi. Txosten horrexek dioenez, famili esparrutik kanpo burutzen diren eta gazteen oso gustuko diren beste aukera batzuk bidaiatzea, zinera joatea, zuzeneko musika entzutera joatea eta taberna eta kafetegietara joatea dira; hauek guztiek %90etik gorako portzentajea lortu dute balorazioetan (Elzo et al.,1999:362.or.).

Gazte eta turismo inguruko gaietan aditutakoak bat datoz gazteen turismoak atentzio biziagoa behar duela esatean, eta atentzio hori herri administrazioek eta enpresa pribatuek eskaini behar diote; bide batez, turimo sozialaren alde ageri dira (Herrero Estébanez, 1994). Turismoaren kontzepzioan sentsibilizazio handiagoranzko bidean izandako lehen adierazpenetako bat 1963an ikusi genuen, Turismo Sozialaren Nazioarteko Bulegoa fundatu zutenean hain zuzen; fundazio honek zera jarri du mahai gainean, turismoa fenomeno sozial eta kultural garrantzitsua dela batetik, eta turismo eskaintzak erdi mailako sarrerak dituzten biztanleei ere helarazi behar zaizkiela bestetik. Bulego horrek eskainitako lehenbiziko definizioa dugu honakoa: “Turismo soziala zera da, baliabide ekonomiko eskasak dituzten gizarte taldeek turismo arloan duten partaidetzatik ondorioztatutako gizarte harremanen eta fenomenoen multzoa; eta partaidetza hori ahalbidetzen dutenak maila sozialeko neurri ongi definitu batzuk dira, hainbat erraztasun eskaini baitute” (Bernárdez,1994).

Ildo honetatik, gazteen turismoa Turismo Sozialtzat har dezakegu, zeren eta gazteak baliabide ekonomiko eskaseko kolektiboa baitira. Ideia hau sakonduz, ikuspegi batzuetatik turismo “alternatibo” delakoa aztertzen ari dira, eta honen baitan sartzen dute turismo soziala, beste batzuekin batera. Turismo alternatiboaren formek ez dituzte soilik maila ekonomikoan desfaboratuenak diren kolektiboak biltzen, ezen destinotzat duten errealitatearekiko harreman desberdina jasotzen dute, turisten eta hartzaile diren kultura eta gizarteen arteko harreman modu berriak erraztuz, eta bide batez naturalezarekiko errespetuaz jokatuz, garapen mantengarriaren kontzientziaren ildoa lantzearren; eta harreman modu berri hauen artean izango genituzke, besteak beste, gazteen turismoa, turismo kulturala, turismo ekologikoa, landa turismoa eta turismo etnikoa.