4. GIPUZKOAR GAZTEEN DENBORA LIBREA ETA TURISMOA


Gipuzkoar gazteek lanaren konpentsaziotzat hartzen dute denbora librea. Halako lan edo eginkizunak eragin dezakeen atsekabearen aurrean, denbora librea gauza atsegina da gazte gehienentzat, eta gogobetetasun eta errealizazio pertsonal handiagoa eskaintzen du gainera.

Gipuzkoako gazteei buruzko txostena 1996 delakoaren arabera, gipuzkoar gazteek denbora libre dezente dute, lanetik eta ikasketetatik aparteko jardueretan aritzeko:ia-ia 4,5 ordu egunean. Denbora libreko jardueren artean, lehentasunezko tokietan ageri dira telebista ikustea (%35,4), irakurtzea (%27,7), musika aditzea (%16,1), lagunekin irtetea (%10,7), kirola (%6,7) eta txangoak (%1,35). Oro har, gipuzkoar gazteek adierazi zuten bere denbora librea ondo aprobetxatzen badakitela (%4 inguruk besterik ez zuen adierazi aspertzen zela bere denbora librean). Jóvenes Vascos 1990 izeneko txosten soziologikoak adierazten zuenez, taberna edo pubetara joatea gero eta maizagoko kontua den bitartean (%76 1986an, eta %85 1990ean), irakurtzea bezalako jardueren bidea beheranzkoa da (1986ko %51tik 1990eko %44ra jaitsi zen), batez ere mutilen kasuan (1990:263). Arriskuko kirolei dagokienez, Gipuzkoako gazteei buruzko txostena 1996 horrek bildu zituen datuetan %9,5 ziren horrelakoetan aritzen ziren gazteak (1997:30-33).

Gazteak bere denbora librean bidaiatzen duenean, eguneroko bizimodutik ateratzeko egiten du;izan ere,egunerokotasun horretan lana edo ikasketak dira jarduera nagusia. Sarritan atsedena bilatzen du, esperientzia berriak, zoriona…Aisiaren esparruan klasikoa den Human Play teorian oinarriturik (Huizinga,1954), Ruiz Olabuenagak gogoratzen du “turismoa, jokoa bezalaxe, borondatezko zerbait dela,eguneroko bizimodutik ateratzen eta ihes egiten duena, denboran eta espazioan mugatua, emozio, misterio, zoriontasun eta askatasun aire batez inguratua, are gehiago, halako promozio soziokulturaleko aukera bat ematen diena turismoaz gozatzen duten taldeei” (1995:25). Bidaiatzeko ideiak gazteak erakartzen ditu,ze errutinak berekin dakarren guztiarekiko loturak “hausteko” aukera bat da, eta toki, esperientzia, pertsonak ezagutzekoa… Gazteak, epe honetan, “esploratu” egiten du parean zabaltzen zaion ate sorta handia.