| Gida
honen edukina bi modutan kontsultatu dezakezu: web horrialdeetan irakurriz
(ezkerraldeko indizea erabiliz), edo ondoko PDF fitxategiak eskuratuz: Gida osoa: (PDFa eskuratu) . |
|
. SARRERA MODUAN: PROZESUAREN GARRANTZIA Txosten hau gazte kulturaren munduan inplikatuta dagoen jendearekin hitz eginda osatu da. Hainbat erakundetako Gazte teknikari, Kultura teknikari eta Euskara teknikari, gizarte hezitzaile eta gazte sortzaile elkarrizketatu ditugu eta euren esperientzia eta gogoetak jaso ditugu aurrez zehaztutako eskema baten harira. Dena dela, eskematik kanpoko gaiak ere agertu dira batzuetan, behin edo behin errepikatuta ere bai, eta, horregatik, gai horiek txostena aberasteko ekarri ditugu hona. Horretaz gain, txostena hainbat adituren iritziak baliatuz osatu da. Lan modu honek, lehenik eta behin, argi utzi duena zera da: lanak eman ditzakeen emaitza konkretuen gainetik, txostena bera osatzeko abian jarri den lan prozesua izan dela erabat baliagarri. Prozesuak berak inplikatuei gogoeta eginarazi eta hitz egiteko aukera eman die eta horrek, besterik gabe, eztabaidarako bideak zabaldu ditu. Zer duda izan: horra hor egin beharreko lehen urratsa. Gero, udazkenean jardunaldi batzuk direla medio eta txosten hau dela oinarri, gogoetaren eta eztabaidaren bidea formalizatuko dugu eta gazte politikak optimizatzeko bideak urratzen hasteko ahalegina egingo dugu. Txosten honetan inpresio, iritzi, gogoeta, iradokizun, kezka, zalantza eta proposamenak jasotzen dira. Ez da, jakina, txosten tekniko zientifiko bat, erreportaje inpresionista moduko bat baizik. Bertan gazteak eta administrazioaren arteko harremanaz (edo harreman ezaz), elkar ezagutza eta elkarrizketaren bideak zabaldu beharraz, gazte politiken transbertsaltasunaz, koordinazioaz, marginazio egoerei aurre egiteko kulturaren garrantziaz, kultur kontsumoen aldaketa biziaz, teknologia berrien eragin gero eta handiagoaz, kolektiboen garrantziaz, kulturaren joera interdiziplinarraz, etorkizunerako gazteak prestatzeko aisia erabili beharraz... eta hainbat gai aipatzen dira, denak gutxi gora behera hari berari lotuta. Eta hari hori, azken finean, esaldi bakarrean laburbil daiteke: zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den. Edota, beste era batera esanda eta txosten honen lehen lerrora itzuliaz: prozesuaren garrantzia. . |
|
|
|
Has gaitezen hasieratik. Zer da gazte kultura? Hori da txosten honen abiaburuan argitu beharreko lehen oinarria. Gazte kultura zer den edo zer ez den esatea ez da gauza erraza. Izan ere zail da gazte jendea sektorializatzea kultur sorkuntza nahiz kontsumoari dagokionean, jende multzo erabat heterogeneoa eta anizkoitza delako. Zaila da gazteen kontsumorako kultura jakin baten profila zehazten, eta zaila izateaz gain, baita ziurrenik ere alferrikakoa eta zentzugabea, errealitatea ez delako ez bat eta ez uniformea. Gainera kultur kontsumoa oro har aukera indibiduala da, nahiz eta, jakina, kulturaz eta arteaz haratago dauden beste elementu batzuek masa kontsumorako produktu gutiziatu bilakatu duten gazte kultura. Baina seguru asko ez da kultura hori -masa kontsumora zuzenduta dagoen produktu multzoa, alegia- gure gazteek eurek sortzen dutena. Izan ere txosten honen oinarria, gazte kultura definitzerakoan, hauxe da: gazteek sortzen duten kultura da gazte kultura. Eta kultura hori nekez dabil multinazionalen marketinaren eremuan. Alegia, Backstreet Boys ez da gure gazte kulturaren eredua, ez txosten honetan bederen; bai, ordea, Donostiako Buena Vista kolektiboko Jauko Barik nesken trash talde fresko eta indartsua, esate baterako. Gazteen kontsumoa beste kontu bat da. Gazte garaian kultura taldeka kontsumitzen da askotan, horrek talde bateko kide egiten gaituelako; norberaren identitatea eta norberaren lekua egiten joateko nolabait sozializatzeko garrantzi handia du taldeko sentitzea. Eta askotan gazte koadrilak musika jakin baten eta estetika jakin baten inguruan osatzen dira, direla heavyak, direla teknoak. Kontsumoa, esan beharra dago, izugarrizko abiaduran aldatzen ari den mundu bat da, teknologia berriak sortuz geroztik. Eta gehiago aldatuko da gainera. Eta kontsumo ohituren aldaketekin batera sorkuntza sistemak ere aldatuko dira. Atal hau aurrerago aztertuko dugu, badu-eta bere garrantzia. Gazte sortzaileek, gurean, normalean ikasketa arautuak egiten amaitzen dute, bai artearen eta musikaren munduan esaterako. Baina unibertsitatera edota akademiara iritsi aurretik kulturarekin lehen harremana gazteentzako lokal ofizial nahiz alternatiboetan izaten dute, azpiegitura horiek existitzen diren lekuetan bederen. Alde horretatik, gazteak sortzeko oinarrizko azpiegitura baduela esan liteke; egia da azken urteotan asko ugaritu direla lokalak, esaterako; baita ikastaroak ere (gehienetan ez dira propio gazteentzat baina bezero gehienak gazteak dira). Arazo larriena ziurrenik difusioaren arloan du gazte sortzaileak. Bere lana herrian edo auzoan erakustea lehen urrats logikoa da, baina ez da beti erraza izaten. Herriaren dinamikaren eta azpiegituren araberako da hori. Badira herri batzuk oso ondo funtzionatzen dutenak, baina badira oso maila apalean mugitzen direnak ere. Badira lokal publikoak (gaztelekuak) oso ondo dabiltzanak, eta beste batzuk norabidea galduta daudenak; badira gaztetxeak onarpen handia dutenak; badira ez gaztetxe, ez gaztelekurik duten herriak eta gazteek garajeak alokatu behar izaten dituztenak. Badira dinamika eredugarriak; baina baita dinamikarik batere ez duten herriak... Egoerak desberdinak dira. Baina harrigarria da konturatzea, askotan, arrakastaren eta porrotaren arteko muga faktore pertsonalek markatzen dutela. Gazteentzako lokalen martxan (publikoetan gehien bat) teknikariaren izaerak garrantzi handia du, handiegia kasu batzuetan. Eta agian gazteak eta teknikariak uztartzeko sistema, praktikan, politika zehatzen mende baino sinpatiaren mende geratzen da. Ondorioztatu daiteke, beraz, jarraibide batzuk, gazte politika jakin bat eta elkarlana bultzatzeko bideak zehaztea eta praktikara eramatea falta dela. . |
|
|
|
Puri-purian dagoen eztabaida da gizarte zibilaren protagonismoarena mendebaldeko gizartean: gizarte zibila eta administrazio publikoen arteko harremanak nolakoa izan behar duen, nola artikulatu behar diren bi ekimenak benetan politika publikoak egiteko. Esku artean dugun afera hau ere eztabaida horretan txertatzen da bete-betean. Kasu honetan gizarte zibila gazteak dira, gazte sortzaileak. Gazteen eremuan administrazio publikoak modu eraginkorrean nola egin lezakeen lan aztertuko dugu lehen-lehenik. Berriki, aurtengo apirilean, Xixonen egindako Gazteriaren Nazioarteko Topaketetan, Roger Martinez Gazte teknikariak aurkeztu zuen txosten interesgarri bat ekarriko dugu hona. Martinezek lehenik eta behin, gazte kulturarekiko sentsibilitatea izatea eskatzen du eta horrekin batera elkarrizketa bide guztiak zabaltzea. Administrazio publikoaren eginbeharraz ari da. Gure artean ere badira antzeko ideiak. Esaterako, Oñatiko Gaztelekuko arduradun Patxi Hipolitok dituenak, zer egin behar den jakitea bezain garrantzitsu nola egin behar den jakitea dela esaten duenean. Martinezek politika afirmatiboak deituriko ekimena defendatzen du, politika inposatzaile edo dirigisten gainetik. Politika afirmatibo honen lehen ezaugarria zera da: sentibera izatea gazte kulturaren eremuan sortzen den ororen aurrean, komunikabideak eta gazte kulturaren eremuan diharduten hainbat enpresa pribatu diren bezala. Desberdintasun nabari bat dago, bistako denez, politika hau aplikatzerakoan administrazio publikoa eta enpresa pribatuaren artean: alegia administrazioak ez duela etekin ekonomikorik bilatuko, baizik eta, esaterako, gazteek euren kabuz sortu dinamika kulturalak laguntzea, sostengatzea, bultzatzea izango duela helburu. Laguntza hori maila desberdinetakoa izango da. Alde batetik pragmatikoa, gazteentzako politikak diseinatu beharko ditu eta politika horiek gazteen bizitza moduetara egokitu beharko dira; erabilgarri izan beharko dute alegia. Bestetik laguntza hori maila abstraktuago batean gauzatu daiteke: helduen eta gazteen arteko mugak ahalik eta modu handienean desagertu daitezen; eta gaztarotik heldutasunera urratsa integrazio zentzu baten barnean egin dadin, ez marginazio kutsu batekin. Modu berean, politika afirmatiboak gazteen arteko harreman kulturalak ulertzeko ahalegina egin behar du, hain zuzen ere, harreman horiek indartu ahal izateko eta egoki deritzan zuzenbidean bideratzeko. Izan ere garrantzitsua da gazteak gizartearekin lotzea, ez aparteko talde bat bezala ikustea. Hainbatetan gaztediaren inguruan egin ohi den diskurtso ezkorrari aurre egin behar zaio (drogak, indarkeria, langabezia), ilusioa sortarazten dien ekimenak bultzatuz. Gazteek helduen erakundeen bitartez sozializatuak izan daitezen nahi ez badute, eurentzako propio sorturiko erakundeak sortu beharko dira. Edota, hobekiago esanda, erakundeak eurek sortu ditzaten erraztu beharko zaie, egitasmoak gauzatu ditzaten lagunduz. Etenik eta mugarik gabeko elkarrizketa. Horixe da gazteak eta botere publikoaren arteko lankidetza bideratu dezakeen giltza. Gazteekin harremanak sarritan ez dira errazak. Autoritate hutsak (guraso, irakasle, tekniko, administrazio... aldetik) gero eta onarpen eskasagoa du gure gizartean eta bereziki gazteen artean. Horrek administrazio publikoarekiko harremanak zaildu ditzake itxura batera, baina txanponari buelta ematen badiogu esan daiteke autoritatea autoritate huts izateagatik ez onartzeak oinarrizko baldintza demokratikoenak abian jartzera behartzen gaituela: elkarrizketa eta negoziaziorako borondate benetako praktikan jartzea. Alegia, hain autoritarioa ez den gizarte bat egiten hasi behar dela, elkarrizketa eta negoziazioa gehiago landuko dituena eta, kasu honetan, gazteen benetako beharrei arreta handiagoz begiratuko diena. Eta hori da behar den aldaketa kulturala: kultura desberdinen arteko elkarrizketa bultzatzea, alegia. Baina ez bakarrik kultura femenino eta maskulino baten artekoa, edota gaztea eta helduen artekoa, kristau europar eta afrikar musulmanen artekoa, baizik eta administrazio publikoaren kulturaren eta gizarte zibilaren artekoa; gure kasuan gazteen artekoa. . |
|
|
|
Zentzu honetan Artelekuko zuzendari Santi Erasok zein bide jorratu behar den argi du: Ekimen pribatuarekin eta gizarte kolektiboekin lanean hasteko garaia da. Elkarlana ezinbestekoa da. Uste dut erakunde publikoak orain artean ez direla gehiegi fidatu gizarte zibilaz, baina hasi beharrean dago, ez dago beste biderik. Edozertaz hitz egin daiteke eta edozer da negoziagarria. Zergatik da hain beharrezko? Bestela administrazioak ez duelako gaitasunik gizartean sortzen diren gogo, nahi, dinamika eta egitasmoak ezagutzeko eta horiei guztiei erantzun egokia emateko. Oso argi izan behar dugu gu zerbitzatzeko gaudela, kudeatzeko, bitartekari lana egiteko. Arazoa gestioan sortzen dela frogatua du Erasok. Hor sortzen da talka: nork kudeatu behar du? Ziurrenik bide egokiena kudeaketa mistoa da: baliabideak gizarte zibilaren esku jarri, kasu honetan gazteen esku, edukiak negoziatu eta behin adostuta antolaketa gizarteari utzi. Azken finean, horrek guztiak zera eskatzen du:administrazioaren sakon sakoneko printzipioak berraztertzea . Formula berriak bilatu behar dira deszentralizazioa eta demokratizazioa bultzatzeko, gizarte zibilaren autoprogramazioari lekua egiteko eta, azken finean, gizarte zibilari zor zaion protagonismoa emateko. Alegia, ekipamendu publikoek erabilera publikoa izan dezaten bermatu behar da. Honako adierazpen hori Patxi Hipolitorena da. Herri mailako ezein taldek diseinatutako egitasmoa eurek gobernatuko dute. Hori da indartu nahi dugun filosofia. Eta lan sistema horrek ez du mugarik gainera, administrazio eta gizarte zibilaren arteko lankidetzak oso urrutira egin baitezake. Hipolitok ere kudeaketa mistoa defendatzen du. Egia da, administrazioari dagokio gazte jendearekin hitz egin eta gero egitasmoa aurrera nola eraman erabakitzea, baina erabaki horrek ezin du inoiz gazte ekimena ukatu. Baliabide gero eta gehiago gazteen esku uzten joan behar da, gazteek izan dezaten sentsazioa nahi duten hura egiten dutela. Sentsazioaren teoria deitu daitekeen honek behar du azalpenik. Izan ere sentsazioa dioenean Hipolitok zentzu errealean dio: ondo sentitzea, kontutan hartzen direla ohartzea. Hori horrela izateko harremanak zintzoak behar dira izan, benetakoak, tranparik gabeak. Irungo Gazte teknikari Jokin Vesgak Gaztelekuaren proiektua eskutan duela argi esaten du: Zabaldu nahi dugun lokalaren kudeaketa instituzionala izanik ere, edukiak gazteek euren zehaztu beharko dituzte. Beraiek esan beharko dute zer eta nola egin nahi duten. Guk antolatzen badugu goitik behera, demokratikoa ez izateaz gain, porrota litzateke, ez bailitzateke inor etorriko. Horrelako egoerak ezagutzen ditugu gure artean. Oso garrantzitsua da metodologia, zer egiten den kontuan hartzea baina baita nola egiten den ere" errepikatzen du Hipolitok. Eta nola hori da gakoa, gauza asko barneratzen eta eskatzen dituelako: jokabide eta jarrera demokratikoena praktikan jartzea, gazteen ekimenei beldurrik izan ez eta konfidantza ematea, ekimena euren gain hartu dezaten bultzatzea, ardurak izatea zer den ikas dezaten laguntzea... . |
|
|
|
Elkarrizketaren garapena funtsezkoa da, kultur modu berriztatzaileek eta sortu berriek norabide positibo bat har dezaten. Elkarrizketaren kultura honetan bada funtsezko subjektu bat gorago ere aipatu duguna: bitartekaria. Eta nor da bitartekaria? Gazte edo Kultur teknikaria. Foru Aldundiko Kultura teknikari Frantxis López de Landatxek urte andana darama lan horretan, baina hala ere uste du kultur teknikariaren profesioa ahula dela, berria izanik badagoela tradizio falta bat eta baita, oraindik ere, modu eraginkorragoan lan egiten ikasi beharra ere. Horri guztiari zera gehitzen zaio: teknikariak kontsiderazio falta du instituzioen barnean eta gainera Gazte saila eta Kultura saila erakunde guztietan azkenengo sailak dira, garrantzi gutxiena eman ohi zaiena. Hanka sartze nabarmena bistan denez. Garrantzitsua da bitartekari izatearen ideia barneratua izatea teknikariak jakin dezan zein den bere papera. Garrantzitsua da teknikariaren papera zein den argi izatea. Teknikaria bitartekari hutsa da, dio Hipolitok, eta bitartekariak ez du erabakitzen, bideak jartzen ditu elkarrizketa eman dadin. Erabakiak Gazte Batzordeak hartzen ditu, Oñatiko kasuan. Alor honetan gazteak eta administrazioa harremanetan jartzeko, elkar ezagutu, egitasmoak negoziatu eta aurrera ateratzeko sistema zentzuzkoena jarri dute abian Oñatin. Gazteei, ezein proposamen dutela, idatziz jartzeko eskatzen diet eta idatzi hori nik Batzordeko kideei banatzen diet. Ondoren gazteak doaz Batzordera euren ideiak defendatzera, nik horretan laguntzen diet, euren ideiak ahalik eta argien azaltzen, eurentzat ere ez baita erraza, ez baitaude ohituta helduekin eta administrazioarekin maila horretan hitz egiten; ezta administrazioa ere gazteekin hitz egiten ere. Negoziatu egiten dute eta adostasun batera iristen dira. Topaketa hau oso interesgarria da, bien aldetik beldurrak eta mesfidantzak uxatzen direlako eta gazteek administrazioarekin harreman izaten ikasten dutelako eta administrazioak berriz kalean gertatzen dena zuzenean jasotzeko aukera duelako. Alegia, bitartekaria zubi bat da. Eta berebiziko garrantzia du gazte kulturari bideak zabaltzen eta baita gazteak erakunde publikoekin harremanak izan ditzaten ikas dezaten. Bitartekaritza horrek baditu zailtasunak dudarik gabe, baina elkarrizketaren bidea eta bitartekaritzaren bidea garatzeko gai izan behar da, harik eta kultura modu berri baten gisan bere lekua hardezan, eta ohitura edo tradizio bihurtu dadin, gauza arrunta alegia. . |
|
|
|
Aisiak gero eta garrantzi handiagoa du eta izango du guztion bizitzan, bai kantitatean baita kalitatean ere. Izan ere aisian landu daitezkeen hainbat ekimen kultural gero erabilgarriak izango zaizkio gazteari lan mundura sartzeko; beste batzuk aisia betetzeko ekimen hutsak dira alegia etekin ekonomikorik ematen ez dutenak gizarteari, auzoari, kolektiboari mesedegarri zaizkion egitasmoak izan daitezke. Hortik aisiak eta aisiaren barnean kulturak duen garrantzia, gazteen munduan bereziki. Izan ere aisia betetzen duen kultura modu horrek gazteak prestatzen lagundu dezake (ardura hartzen ikas dezaten, iniziatiba hartzen, harremanak izaten...) indibidualki pertsona bezala garatzeko helduleku baliagarria izango zaie, eta horrenbestez baita kolektiboki ere. Hipolitok dioen legez gazte garaiko kultur sorkuntza bizitzari aurre egiteko bide bat da. Ezin ahaztu dezakegu hainbat marginazio egoeraren arriskua ekiditeko ere egoki dela kultura, eta modu horretan gizarteratzeko. Eta horretaz badaki zerbait Donostiako Bidebieta auzoko Gazte Txokoko arduradun eta gizarte hezitzaile Javi Jimenezek. Izan ere, Bidebietako Gazte Txokoaren kasua partikularra izanik ere, oso esanguratsua da periferian dauden auzo apur bat marginalen egoera ezagutu eta bertako gazteen jardunean interbenitzeko. Han 12-17 urte bitarteko gazteak biltzen dira. Tankera guztietakoak, aparteko arazorik ez dituzten gazteak eta baita arazo familiar eta sozial latzak dituztenak. Eta horixe da Gazte Txoko honen lorpen nagusiena: tankera guztietako gazteak nahas-mahas biltzea Gazte Txokoaren lokaletan. Batzuk marginalitatearen eremutik datoz, besteak ez, baina normaltasun osoz eta denak berdinak direla kontsideratuz jarduten dute. Gainera horietako gazte askok kulturarekin lehen harremana Gazte Txokoan dute eta kultura integraziorako bide garrantzitsua izan dute. Musika,esaterako. Musika jakin bat entzutea eta,are gehiago,musika jakin bat jotzea edo praktikatzea praktikatzea gazteak sozializatzeko tresna oso baliagarria da, demostratuta dago. Eta gurean oraindik ez zaio behar adina garrantzi ematen, ez bederen Europako beste herrialde batzuetan adinakoa, dio Jimenezek. Lanari edota hezkuntzari,aisiari edo denbora libreari baino garrantzi gehiago ematen zaio gaur egun, baina dikotomia hori hautsi beharra daukagu. Iritsi da unea bi eremu horiek nahastekoa. Etorkizuna hortik dator, aisiak gero eta garrantzi handiagoa duelako gure bizitzan, eta horrenbestez aisiarako industriak. Gazte askok aisian ikas ditzakete lan munduan sartzeko hainbat gauza: antolakuntza, lan administratiboak, giza harremanak, gizarte eremuen ezagutza, gastuaren kontrola, ardura hartzea... Eta horregatik aisiarako egitasmo batean buru belarri sartzea kapital bat izan liteke lanbide bat lortzeko orduan. Ideia horren bi adibide garbi ditugu elkarrizketatuen artean. Txuso Buena Vista, esaterako. Lokal bat okupatu eta musika egiteko gunea sortu, hamar urteko esperientzia izan eta orain lanbidetzat du musikaren inguruko webguneak sortzea, esaterako. Javi Pez musikaria ere, musika promotorea da, teknologia berrien eta besteren inguruan sortu du bere bulego propioa. Argi dago, bi kasu horietan aisialdian ikasitakoa erabat baliagarri eta erabat funtsezko izan zaiela lanbide profesional bat abiatzerakoan. Bada beste adibide bat, Irungo Gazte Sailak bultzatu duena: gazteek eginiko aldizkari bat kaleratu ohi da hiru hilabetez behin eta horretarako gazte talde bati kazetari batek ikastaro bat ematen die eta aldi berean aldizkarian egiten dute lan. Batzuek aldizkarian jarraituko dute kontratupean. Ezin uka profesionalizazioaren lehen urratsa emateko bide ezin baliagarriagoa dela. Horrekin bizimodu bat lortu liteke baina modu berean gazte kultura indartu egiten da. Gainera argi dago, enpresa edo ekimen horiek interesatuek eurek zuzentzen dituztenean, gazteek alegia, subkulturak egonkorragoak bihurtzen direla eta horrekin belaunaldiz belaunaldi igarotzen den tradizio bat finkatzen dela. Gazte politikak oso adi egon behar du horrelako ekimenen aurrean. Eta gurean horrelako ekimenak ugari dira. Esate baterako gaztetxeak. Gazte talde bat biltzen da, egoera aztertu eta konponbide alternatibo bat planteatzen du euren aisiari erantzun bat emateko. Ideia hori gauzatu eta maila lokalean arrakasta izaten du. Baina administrazioaren laguntzarekin lortuko du bere eraginkortasuna handiagoa izatea eta gazte gehiagorengana zabaltzea. Egitasmoak irauten badu gazte berriak sozializatzeko erakunde bilakatu daiteke. Gazteak erabiltzaile izatetik inplikatu izatera igaroko lirateke eta antolakuntzan ardurak hartzen ikasi. Auzo edo herriko musika sustatzeko promotorak ere sortu dira gure artean. Lehenago aipatu bezala, Buena Vistan esaterako. Bertako talde guztiak une honetan 30 bat musika taldek entsaiatzen du bertan webgune batean daude: taldearen biografiaz gainera taldeko hiru kantu entzun daitezke. Hori euren kabuz eta inolako laguntzarik gabe egin dute. Euren asmoa urrutirago joatea da, esaterako areto bat txukuntzea eta bertan kontzertu gela bat jartzea, entsaio gelak atontzea, kontratazio enpresa bat sortzea, erakusleku bat paratzea eta nolabait promotora gisa funtzionatzea, bertako taldeak publikoarekin harremanetan jarriz eta kanpoko taldeak bertara ekarriz, taldeak lagunduz, grabatzeko estudioak jarriz... Bitartekari lana egingo lukete. Horra berriro bitartekaritzaren presentzia. Asmo hori buruan dute, paperera ekartzeko prest. Jakin badakite erakunde publikoen laguntza beharko dutela egingo bada, gutxienez eraikina lortzeko. Eraikina ere buruan dute: Errenteriako Luzuriaga fabrika zaharra. Hau ekimen interesgarria izan daiteke edo ez, baina lehen urratsa egitasmoak ezagutzea da, gazteek zer egiten duten ezagutzeko kanalak zabaltzea. Egia da, gazte horiek ez dira administrazioaren aurrean aurkeztu. Batetik, nolabait esatearren, eremu alternatiboan ibiltzetik eta instituzioen kontrako jarrera batzuk praktikatzetik datozelako. Hori ez da eskandalizatzeko gauza, bere sinpletasunean ere onargarria da. Baina hamar urte igaro direnean beste norabide bat eman nahi diote Buena Vistari. Eraberritu edo hil,ataka horretan gaude, diote. Eta aisia, sozializazioa, marginazioa ekidin (neurri handi batean), kultura egin eta zabaltzeaz gain, euren hamar urteko esperientzia hori lan mundura ekarri nahi dute; bizimodu bat eskainiko dien enpresa bat sortu. Egia da, baita ere, jakin ez dakitela administrazioarekin harremanak nola izan. Bien arteko ezagutzarik eza erabatekoa da. Baina horretan ziurrenik lehen urratsa administrazioak eginbehar du. Gutxienez abian dituen ekimen eta laguntza deialdien informazioa bertara iristaraziz, eta baita gazte horien ekimenaz interesatuz, elkarrizketa bideak zabalduz. Kanpotik gutaz interesatuz ez da inongo erakunderik etorri, ez zein musika talde ditugun galdetzera, ez nola lan egiten dugun ikustera, kexu da Buena Vistako kide den Txuso. Baina aldi berean onartzen du automarginatu egin direla. Eta eurek ere ez dutela erakunde publikoen laguntza bilatu, ez nahi izan ere. Hala ere, uste du erakunde publikoek egiten dutena ezagutzea ez dela erraza. Non eta nola bilatu behar dira laguntzak? galdetzen dute. Burokraziaren mundu horretan mugitzea oso zaila da. Egin ditugun egitasmo musikaletan erakundeek baino askoz gehiago lagundu digu esaterako Esan Ozenki disketxeak. Disketxe horrek musikaren alorrean erakunde askok baino lan eragingariagoa egin du. Javi Pezek ere ildo berean hitz egiten du. Gaztemaniak programaren difusioaren balioa zalantzan jarri du. Egunkaria irakurri beharra daukazu jakiteko existitzen dela dio. Alegia, publizitatea bestelako kanal alternatiboagoetatik barrena egin beharra iradokitzen du. Buena Vista muturreko adibide bat da. Harreman normalizatuagoak badira beste kasu batzuetan, baina paradigmatikoa gertatzen da; Oñatiko Gaztelekua ere muturreko eredutzat har liteke,baina hau ere paradigmatikoa da. Buena Vista 1987tik dabil lanean, garai bateko eskola izandako eraikina okupatu eta elkarte modura lanean hasten direnetik. Buena Vista egitasmoak, Musika elkartea erakundeak 100 bat kide ditu eta hilero 2.000 pezeta jartzen ditu bakoitzak mantenimendu eta berritze lanak ordaintzeko. Zuzendaritza talde bat dago urtero berritzen dena eta asanbladan erabakitzen dituzte egin beharreko egitasmoak. Gazteen lanari esker 11 entsaio gela atondu dituzte. Une honetan 30 bat taldek entsaiatzen du bertan. Urte hauetan guztietan hainbat disko grabatu dituzte bertako taldeek. Eta Buena Vista musika estiloa ere sustraitu da, sorkuntzarako kolektibo gisa ere funtzionatzen duelako, bai musika jotzen ikasteko, bai kontzertuak ematen hasteko, bai grabazioak egiten ausartzeko. Tankera honetako ekimenak badute beran garrantzia, baita automarginazioan kokatzen badira ere, edota halako jarrera antisistema badute ere. Ezin dira alboratu. . |
|
|
|
Administrazioak, teknikariak, errealitate kulturalera egokitu beharra, beraz, bistako da. Eta egokitze hori elkarrizketaren emaitza baino ez da. Eta horrela eta ez beste inola bihurtzen da teknikaria bitartekari, hain zuzen izan behar duen hori. Aisia eta denbora librerako gazteentzako abian jarri ekimenak ezin dira marginalak balira bezala hartu; sarritan tentazioa hori izaten da, areago politikarien aldetik. Marginalak, batetik, alternatibotasun eta antisistema oinarrietan loratutako ekimen hutsak balira bezala hartzen direlako zenbaitzutan eta bestetik horrela izan gabe ere garrantziarik ematen ez zaielako, aintzat hartzen ez direlako. Ekimen horiei garrantzia eman behar zaie, aztertu eta ulertu egin behar dira eta ahalik eta modu eraginkorrenean gazteei baliabideak eskaini behar zaizkie. Garrantzitsua da gazte kulturaren kontzeptu bat badela onartzea eta horri sozializazio prozesu bat gehitzea, iritzi dio Patxi Hipolitok. Jokin Vesgak, berriz, uste du kontzientziazio handiagoa behar dela erakundeen aldetik gazte politikaren garrantzia erabatekoaz jabetzeko. Dirua inbertitu behar da. Jakina, horretan guztian dilema bat sortzen da. Noraino egokitu behar da gazteen errealitate kulturalera eta noraino inposatu behar da garrantzitsutzat jotzen den hori? Irtenbide zaila du honek, azken finean erabakia politikoa baita. Baina horren beldurrez pausuak aurrera ez ematea beti izango da larriagoa ematea baino. Bada adibide praktiko bat: Oñatiko Gaztelekuan antzerkian zerbait egin nahiko ote luketen zabaldu zen gazteen artean, komentario modura, eta hortik gazte batzuk joan ziren Gaztelekura antzerkia egin nahi zutela esanez. Euren nahi eta neurrira ikastaro bat antolatu zitzaien. Ondo joan zen eta azken urtetan berriro errepikatu da, gazteek eskatu dutelako. Lau urte igaro eta gero emaitzak ikusten ari dira eta talde iraunkor izateko bokazioa agertu dutelako. Esperientzia txiki honen azpian filosofia bat dago: Gazteek ikasi dezatela euren ekimenak gobernatzen, dio Patxi Hipolitok. Gaztelekua ez da ikastaro finkoentzako leku bat, ez da leku reglatu da, ezin du izan. Ikastaroak aitzakia dira gazte jendea bildu eta egitasmo baten inguruan lanean jartzeko. Hori lortuta gai izan behar dugu lagundu eta bultzatzeko, antolakuntzara erakartzeko. Beraiek markatu behar dute zer nahi duten, zein helbururekin eta hori lortzeko zein urrats egin behar dituzten. Pentsamendu eta jokamolde hau dena, bistan da, ez da bide errazena, ez erosoena. Ahalegin handiagoa eskatzen du: lan askoz gehiago, inplikazio handiagoa eta baita oztopo eta erasoei aurre egiteko mentalizatuta egotea ere. Konfidantza eta ardura gazteei emateak, sarritan, arazoak sor ditzake eta arazo horiek konpondu beharrean aitzakia dira tankera honetako ekimenak deuseztatu eta elkarrizketa bideak ixteko. Politika afirmatiboek konpromezu presupuestario garrantzitsua eskatzen dute eta baita pentsakra aldaketa handi bat ere. Gazteak protagonista sozial bilakatzea izan behar da buruan, ez pertsona heldu arrunt. Hori buruan ez badugu, gazteen harreman kultural berriak eta ekimenak bertan behera geratuko dira, edota komunikabideen eta merkatuaren arabera garatuko dira eta administrazioa kanpo geratuko da, eta horrenbestez, baita gizartearen zati handi bat ere. . |
|
|
|
Frantxis López de Landatxek administrazioko teknikariek aztarnariak (rastreadoreak) behar dituztela dio. Administrazioak behar ditu mekanismoak gizartea ezagutzeko. Diagnostiko sakon baten beharrean gaude, gazteek zein kultura sortu eta zein kontsumitzen duten jakiteko. Ez da ezagutzen bideak ez daudelako, baina baita aurreiritziak ditugulako batzuetan. Gazteak nondik nora mugitzen diren ezagutu beharra daukagu eraginkor izango bagara. Diagnostiko hori ezinbesteko da lan-eskema bat izateko eta baita teknikarion kasuan politikariei alternatibak aurkezteko, dauden gabeziak ezagutzeko eta beharrezko diren bideak markatu ahal izateko. Izan ere beti ez da erraza teknikari eta politikarien arteko harremana. . |
|
|
|
Politika mailan koordinazioa ezinbesteko da eta horrela aitortu digute elkarrizketatu guztiek: gazte politikak definizioz transbertsala izan behar du. Gazteena gai orokor bat da, sail politiko guztiak ukitzen dituena: langabezia, etxebizitza, kultura, euskara... Kulturaren esparru honetan Gazte saila, Kultura saila eta Euskara saila elkarlanean aritzea ezinbesteko dela da iritzi nagusia. Egia da, sailen arteko lana ez da erraza, baina argi dago egin egin behar dela, ez dago beste erremediorik. Orain arte ez da egin ohitura falta egon delako, burokrazia handia sortzen delako eta baita ere kolore politiko diferenteak daudelako sailetan. Baina Batzorde Transbertsal bat antolatzea premiazko gauza ikusten dut Kultura, Gazteria eta Euskara sailen artean,diputazio eta udaletxe mailan. Nork bere diagnosia egin, hutsuneak detektatu eta politikaintegralak abian jartzeko. Gazte Kulturaren Plan erreal bat diseinatzea izango litzateke helburua. Horrek guztiak teknikarien arteko koordinazio falta jartzen du mahai gainean. Nork bere kasa funtzionatzen du, ahal duen moduan egoki derizkion politika aplikatuz. Modu berean administrazio desberdinen harreman falta ere agerian dago. Gazteen gaia transbertsala izateaz gain, belaunaldiartekoa ere badela uste du Eibarko Kultura teknikari Jose Luis Gonzalezek. Egia da, gizarte modernoak kontsumo talde berezituak sortu dituela eta talde bakoitzarentzat kontsumo objektu konkretuak. Baina badira ekimen kulturalak gazteen gidaritazpen eginak izanagatik ere belaunaldien mugak gainditzen asmatu dutenak. Hor dugu bertsolarien munduak azken urtetan bizi izan duen transformazioa: zaharren kultura izatetik, bi hamarkadetan, kultura moderno, berriztatzaile, probokatzaile eta esperimentala izatera iritsi da eta gainera publiko zaharra galdu gabe, gazteak bere egin ditu. . |
|
|
|
Produkzioa eta difusioa biak bultzatu behar dira, lehena gabe ez dago bigarrena, ez eta alderantziz ere. Sorkuntzarako guneak ahalbidetu beharra ere aipatu da behin eta berriz. Egia da azken urtetan ekipamenduak asko ugaritu direla nahiz eta Gipuzkoaren barnean errealitateak oso desberdinak diren, baina horrek ez du halabeharrez gazte sortzaileen ugalketa ekarri. Ziurrenik, oro har, dinamizazioan eta indar zibil-administrazio sinergian ez da erabat asmatu. Artelekuren formula zabaltzea askok aipatu duten kontua da Lehena hori defendatzen Santi Eraso bera da. Ez dakit fisikoki beste diziplina batzuk sartu beharko liratekeen Arteleku barruan baina bai programatikoki. Kontutan izan gaur egun artea interdiziplinarra dela gero eta gehiago, musika, arte plastikoak, teknologia berriak, literatura, dantza... dena nahasten da, dio Erasok. Javi Pez iritzi berekoa da. Eta gainera kolektiboan lan egiteko aukera ematen du. Pezek eta gazte sortzaileek oro har garrantzi handia ematen diote kolektibo baten barruan lan egin ahal izateari. Sormena asko aberasten da kolektiboaren barruan. Horretarako elkartzeko guneak behar dira eta elkartzeko dinamikak sortu. Kultura sorkuntzak utzi egin dio lan bakarzale erromantikoa izateari. Eta egia da, gehiegi ez badira ere, azkenaldian kolektiboak sortu direla bai Dj-enak, bai idazleenak, eta emaitzak onak izan direla. Orain lau bat urte sortu zen Lubaki Banda literatur kolektiboak hiruzpalau idazle gazte baina etorkizun handikoak jarri ditu merkatuan, esaterako. Sorkuntza mailan Artelekuk ateak zabaldu ditzakeen bezala, Gaztemaniak programa ere oso egokia izan daiteke musikaz haratago bestelako diziplinak barneratzeko, eskaintza zabaltzeko. Gaztemaniak zigilua gehiago erabili eta zabaltzea komenigarria izan daiteke. Egia da oro har musika, artea, literatura, dantza, antzerkia eta komikia diziplinak nahiko finkatuak daudela, baina badira bi esparru kili-kolo daudenak: zinema eta teknologia berriak. Zinemari dagokionez laburmetraiak (zentzu klasikoan eta garaikidean) sustatzeko programa batzuk martxan jartzea oso egoki izan liteke: laguntzak eman eta erakustaldi bat antolatu urtero esate baterako, Gaztemaniak saioaren barruan. Badu laburmetraien mundu horrek zerikusia gainera teknologia berriekin, zinema formatotik haratago beste formato batzuetan eta Internet erabiliz esaterako zabaldu baitaiteke zinema. . |
|
|
|
Interesgarria da, baita ere, gure gazte sortzaileak Europako gazteekin harremanetan jartzea. Badira programa benetan anbiziotsu eta interesgarriak gazte politikak gurean baino tradizio handiagoa duten herrialdeetan. Italian esaterako. Torino hirian urtero Artista Gazteen Biurtekoa egin ohi dute, bertan Europa osoko artistak biltzen dira, esparru guztietakoak: artea, moda, diseinua, sukaldaritza, teknologia berriak... Horrelako ekimenak gurean egitea, agian, zaila da, baina gure artistak bidaltzea ez da ideia txarra. Torino hiriko gazte politika neurri batean bederen eredugarria da. Azpiegiturak ugari dira, baina indarrak difusioan jartzen dira. Horrela esan digute Stefano Borgogni eta Renzo Gallini hiri horretako Gazte teknikariek. Azpiegiturak jartzen lan handia egin dugu urtetan eta orain hasi gara emaitzak ikusten. Gazteei baliabideak emanda sorkuntza berez etortzen da. Orain difusioan jarri nahi ditugu indarrak, sortutakoak irtenbiderik ez badu hilda geratzen delako. . |
|
|
|
Teknologia berrien mundua ate joka dugun mundu bat da. Euskarri elektronikoa artea egiteko tresna bilakatu den garaietan bizi gara. Herrialde asko dira Europan jada euren plan estrategikoen barnean gazteei teknologia berrietara sarbide zuzena ematea erabaki dutenak. Urrutiegi joan gabe berriki Koldo Mitxelena kulturunean hitz egin du Kataluniako Telebista eta Irrati Korporazioko zuzendari Miquel Puigek. Teknologia berriena galdu ezinezko lasterketa bat da, esan du euren egitasmoa azaldu: gazte guztiei eskura jartzea Internet eta teknologia berrietara sarbidea. Interneten tarifa planoa ezinbesteko deritzo Pezek. Autoedizioaren kultura hementxe dago. Autoedizioaren bitartez modu merkean eta kalitate handiz produzitu daiteke eta sarean jarri. Kontsumo bideetara iristea ere ez da zaila. Gazteen kultur kontsumoa eta horrenbestez kultur produkzioa ziztu bizian aldatuz doa, dio Erasok. Eta hori administrazioak oso kontuan izan behar du. Mundu birtual bat dago hor, teknologia berriena eta hori da jada gazteen kultur hizkuntza. Ezinbestekoa da gazteei teknologia berriei sarbidea izan dezaten bermatzea eta independenteki erabili dezaten uztea. Kontsumoaren munduan gauzak asko aldatu dira, bai euskarrietan bederen. Aldatu dira eta aldatzen ari dira etengabe eta gainera definitiboki, ez da moda kontua. Gazteen artean ordenagailuak liburuaren aurrean duen estimazio handia bistakoa da. Adibide xume baina adierazgarri bat: bada Donostiako Gros auzoan Globegame izeneko denda bat non ordenadoreak, jokoak eta Internet erabilgarri diren. Ezein ordutan, gazte jendeaz beteta dago, batzuetan ilara luzeak egin direla. Agian Gazteleku eta Kulturetxeetan aplikatzeko moduko ekimena da. Kontsumismoaren ibaia handitik at, pentsamendu bakarraren eraginetik at, dio Erasok, beste ahots batzuk izan daitezen eta entzun daitezen bultzatu behar da. Uniformizazio kulturalari aurre egin behar zaio, hizkuntza bakarrai eta pentasmolde bakarri bakarrari erantzun. Ahots berri, txiki, kritiko eta desberdinei bidea egitea administrazioaren betebeharra da eta horretarako ezinbesteko dira teknologia berriak. Eta ahots horiek sortzen gazteek, gure gazteek, zeresan handia dute. Eta hasierako adibidea hartuz, Backstreet Boys ez da gure gazteen ahotsa; Jauko Barik talde euskalduna bai aitzitik. . |
|
|
|
Teknologia berriek kultura gutxien alde jokatzen dutela uste du Miquel Puigek; hau da, euskaraz sorturiko kulturak bide teknologia berrien gurdira igo beste erremediorik ez duela eta bere alde erabiltzea gainera. Gazteak eta euskara lotuta doazen bi elementu dira hizkuntz normalizazioaren bidean. Gazteen gaia bezala, euskararena ere transbertsala da. Donostiako Udaleko Euskara Patronatuko Inaxio Agirreren esanetan gazte jendea hizkuntzaren normalizazioan protagonista estrategikoa da, eurek baitira etorkizuneko gizartearen gidariak. Aisia eta kultura alorretan euskararen presentzia bermatu beharra aipatzen du: euskalduntze estrategiak eta gazte zein kultura alorren estrategiak uztartuta joan beharko lirateke. Badago datu bat kontuan hartzekoa: 29 urtetik beherako donostiarren %76k euskara ulertzen du (1986ko datua da). Hori kontutan izanda Donostia normalizazioaren eremu intentsibo izendatu beharko litzateke eta gazteria beste hainbeste. Euskara, gazteria eta kultura elkarrekin lan egitera kondenatuak daude. ELKARRIZKETATUAK Artelekuko zuzendari Santi Eraso Eibarko Kultura teknikari Jose Luis Gonzalez Oñatiko Gazte teknikari Patxi Hipolito Irungo Gazte teknikari Jokin Vesga Foru Aldundiko Kultura teknikari Frantxis López de Landatxe Donostiako Udalaren Euskara Patronatuko zuzendari Inaxio Agirre Bidebietako Gazte Txokoko arduradun Javi Jimenez Buena Vistako arduradun Txuso Musikari eta promotore Javi Pez Torinoko Udaleko Gazte teknikari Stefano Borgogni eta Renzo Gallini Oñatiko gazte sortzaileak . |
|
|
|
ONDORIO MODURA, hurrengo puntuetan laburbildu daiteke txostenaren ekarria: 1. Elkarrizketa, zubiak eta bitartekaritza bide posible guztiak zabaldu. Elkarrizketaren kultura sortu eta landu. Hainbat eremutan egin beharko da hori: Gazte teknikariek herriko edo auzoko gazteekin. Gazte teknikariek euren artean. Euskara, Gazteria eta Kultura sailen artean. Administrazioaren eta gizarte zibilaren artean orohar. 2. Teknikarien arteko koordinazioa bultzateko metodologia abian jarri. 3. Teknikariek aplikatu beharreko gutxieneko eta beharrezko politikak amankomunean jarri, eztabaidatu, definitu eta abian jarri. 4. Lokal publikoen erabilera publikoa izan dadin bermatu. Horretarako kudeaketa mistoa bultzatu behar da. Gazteekin edukiak negoziatu eta antolakuntza delegatu. Aldi berean, lan prozesua demokratikoa eta zintzoa izan dadin bermatu behar da. 5. Administrazioak errealitate kulturalera egokitu behar du. Horretarako, lehen-lehenik, ezagutu egin beharko du errealitate hori. Interesgarria da komunikabideekin, gazteentzako argitalpenekin, harremanak izatea. 6. Gazte, Kultura eta Euskara sailek elkarlanean sakondu, programa konkretuak diseinatu eta aplikatzeko. 7. Kultur produkzioa laguntzeko ekipamendu kulturalak nahikoa direla bermatu. Sortzeko guneak atondu. Lan kolektiboa bultzatu. 8. Difusioan indarrak jarri eta dinamizazio egokia bilatu, bai sortzaileek euren lana erakutsi dezaten bai gizarteak ezagutu eta kontsumitu dezan. 9. Gaztemaniak programa zabaldu eta osatu. Izan dadila kultura orokorrean hartzen duen zigilu erreferentzial bat. Horretarako musikaz haratago, edota musikarekin batera, beste diziplina batzuk tartekatu saio berean. Horietako batzuk gure sortzaileenak. Zergatik ez dantza garaikidea eta musika kontzertua emanaldi berean? 10. Gaztemaniak programa ahalik eta gehien herrietara zabaldu. Donostian geratzeko tentazioa saihestu. 11. Teknologia berriak bultzatu. Gazteek eskura izan ditzaten bermatu. 12. Badira hainbat eremu landu gabe daudenak eta jorratzeko interesgarri direnak: laburmetraiak, esaterako. Produkzioa bultzatu kontuan izan teknologia berriekin oso erraz eta merke produzi daitekeela eta jaialdi edo topaketa bat muntatu. Badira horretarako baldintzak: Donostiako Zinemaldiaren tradizioa edota Nosferatu programa Donostian; Arteleku, Sarobe zentroa, Larrotxeneko kultur etxeak egin duten lana... 13. Europako programetara gure gazteak joan daitezen ahalbidetu. Adibidez Torinoko jaialdira. . |
|