 |
TXOSTENAK:
Roger Martinez - Soziologoa,
gazte kulturan aditua
Patxi Hipólito - Oñatiko
Udaleko Gazteriako teknikaria
Frantxis López de Landatxe - "Koldo
Mitxelen" Kultureko zuzendaria
. |
Gazte kultura eta gazteei zuzendutako politikak
Roger Martínez Sanmartí
(Soziologoa)
ms@arrakis.es
.
|
Gazteak eta kultura dokumentuari buruzko eztabaidan parte hartzeko gonbitea
jaso izana ohore gisa hartu dut, abiapuntu ezin hobea baiteritzot gazte
kultura eta politika publikoak aztertzeko eta haiei buruz eztabaidatzeko.
Dokumentuaren edukia eta egiteko prozesua eredugarriak dira nire ustez;
horregatik, eta Gaztemaniak! jardunaldiak planteaturik dauden modua
kontuan hartuta, ez dut hitzaldi hau erabiliko nire ikuspuntua adierazteko;
horretan interesa dutenak iaz Gijonen
aurkeztu nuen idatzira bidaliko ditut (El tiempo libre y el ocio),
eta, horrela, dokumentuarekin eta zuekin guztiokin batera elkarrizketa egiteko
aukerari helduko diot.
Hitzaldia bi zatitan banatuko dut. Lehenengo zatian, dokumentuan aipatzen
diren elementu batzuekiko ezadostasuna zehaztuko dut, eta bigarrenean, hainbat
ideia eta adibide praktiko azalduko ditut eta haien iruzkina egingo dut,
praktikari begira erabilgarriak izan baitaitezke.
.
|
| GAZTE
KULTURA ETA BACKSTREET BOYS |
|
|
Guztiz bat nator dokumentuaren abiapuntua den premisarekin:
gazte kultura gazteek beraiek sortutako kultura da. Ez nago erabat ados,
ordea, gazteek beraiek sortutako kulturari ematen zaion
esanahiarekin. Seguruena lanbidearen ajea dela kausa, uko egiten diot
kultura kultura tresna edo kultura produktu soila dela
pentsatzeari; aitzitik, definizioa egiteko nahiago dut antropologiaren
ikuspegi zabalagoa oinarri hartu, eta ildo horretan, kultura jendearen
bizimoduaren bereizgarri gisa definitu.
Hortaz, gazte kulturaz hitz egiten dudanean, ez naiz soilik
gazteek sortutako gauza guztiez abesti, komiki, musika
emanaldi, antzerki lan, janzkera, eskultura, graffitiez ari izango,
prozesu eta praktika guztiak ere barne sartuko baititut. Aintzat
hartuko dut gizarte edo talde bateko kideen artean egiten diren esanahien
produkzioa eta trukatzea. Kultura bera daukagula esateak mundua era berean
interpretatzen dugula adieraztea da, eta, hortaz, gainontzeko guztiek
gure adierazteko modua ulertuko dutela. Partekatutako esanahiez
ari naiz. Gazteek haien errealitatea interpretatzen duten modua helduek
ulertzen ez dutenean hein batean, besterik ez bada ere ,gazte
kulturaz hitz egiten ari gara.
Horregatik ez nator bat dokumentuan kontzeptuari jarri zaien mugaketarekin;
hauxe adierazten baita bertan, alegia, kultura kontzeptu hori
ez dugu erraz aurkituko multinazionalek erabiltzen duten marketinaren
esparruan. Adibide zehatzak ematen dira: Backstreet
Boys taldea ez litzateke gazte kulturaz dugun kontzeptuaren barruan egongo,
ez behintzat txosten honetan azaldu dugunaren barruan; bai, ordea, trash
egiten duen Jauko Barik taldea, Donostiako Buena Vista
kolektiboaren partaidea den neska-talde gazte, berri eta dinamikoa.
Nire ustez, premisa hori oinarri hartuta, gazteentzako kultura politika
egitea txostenak proposatzen duen haustura erdibidean uztea litzateke.
Bestela esanda,ez nago ados gazteen kontsumoa beste gauza bat
da dioen baieztapenarekin. Ez dut uste gazteei zuzendutako kultura
politikak produkzio eta kontsumoaren artean muga zehatza ezarri behar
duenik, hain zuzen ere, gazteen bizitzan ez dagoelako horrelako mugarik.
Argudio hori bi ikuspegi ezberdin aintzat hartuta defendatuko dut:
1 Lehenik eta behin, kontsumo
eta produkzioaren artean egiten den bereizketa uste dugun bezain garbia
ez dela defendatu nahi dut. Orokorrean kontsumoa pasiboa dela
uste izaten da, eta produkzioa aktiboa. Musika arloan, esate
baterako, bereizkuntza hori beste bereizkuntza batzuei lotuta aurkitzen
da, eta, horrela, interpretazioa eta kontsumoa, edo profesionala eta amateurra
egoten dira aurrez aurre. Paul Willis-ek idatzitako Cultura Viva liburuan
dioenari jarraiki, bereizkuntza ez da ematen duen bezain argia, nire iritziz.
Willisek eguneroko estetika edo errotutako estetika
gisa definitzen duenak produkzio eta kontsumoaren arteko zubiaren papera
egiten du. Era ulergarriagoan esanda, musikari pop gehienak fans
izan ziren hasieran, kaseteak grabatu zituzten sorkuntzaren munduan sartuta,
CDak eta kaseteak bilatu zituzten espezialdutako dendetan, musika joera
zehatzaz jabetu eta estilo, talde eta abestiak bereiztu zituzten, kontsumoaren
barruko ekoizleak izan ziren. Ikasi, gazte kulturan, ez da orokorrean
akademiaren bitartez ikasten. Alderantziz, gazteek eguneroko estetikan
oinarrituta bereganatzen dute, pixkanaka, kultura herrikoia (edo pop
kultura) den tradiziozko kultura berri hori, kontsumoko gaiek baldintzaturik
dagoena, gainera, guk gustukoa izan ala ez.
2 Dokumentuan aipatzen den Jiménezek ongi
azaltzen du kontsumo eta produkzioa ez direla aurka dauden elementuak,
elementu berriari dagozkion fenomeno beraren alderdiak baizik: «(...)Frogatuta
dago musika mota jakin bat entzutea, are gehiago, musika mota jakin bat
jotzea, gazteen gizartekotzean garrantzi handia duen bitartekoa dela.
Eta gure gizartean ez diogu oraindik benetan duen garrantzia ematen; ez,
behintzat, zenbait herrialde europarretan ematen zaion adinakoa».
Nik baieztapen hori jaso dut, entzuten eta jotzen den musika gaztea gizartekotzeko
garrantzi handiko bitartekoa dela dioena, alegia, eta, orokorrean, gazteen
estiloetara eraman dut, hau da, jantzi, taberna, diskotekak, ordenagailu
joko eta filmetara, eta bestelako kontsumo gaietara. Produktu horien kontsumoaren
bitartez, gazteek kulturalki sortzen dituzte urratzen dituzten
gizarte geografiak. Eta geografia horietan, hain zuzen ere, negoziatzen
dira identitateak eta igarotze prozesuak, eta gizarte klaseen arteko bereizkuntzak,
generoen artekoak, euskara eta gazteleraren artekoak, eta abarrek duten
esanahia.
Aurrekoa azaltzeko, probokatzailea den formula erabiliko dut, hots, gero
eta egiazkoagoa den kontsumitzen dut, beraz, banaiz esaldia: gazteek
kontsumoaren beharra daukate haien lekua besteen aurrean inkatzeko. Kontsumo,
jantzi, musika, gaueko lokal, zinema, eta abarraren bitartez, haien nortasuna
negoziatzen dute eta gizarte geografiak sortzen dituzte kulturalki. Hori
da kultur harreman berriez hitz egiten dudanean adierazi nahi dudana.
Nolabait, belaunaldiak ordezkatzen direnean birsorkuntza jazotzen
den bezala, gizarte ordezkapena gertatzen denean, birsortze prozesua gertatzen
da, eta, gazte kulturari dagokionez, are nabarmenagoa
da; izan ere, belaunaldi bakoitzean esanahiak birnegoziatzera behartzen
duten gaien aldaketa (musika taldeak, janzkera modak, gaueko lokalak,
e.a.) ere oso azkar gertatzen baita.
Birnegoziazio horretatik sortzen diren kultur geografiek helduenak (bir)sortu
edota aldatu ditzakete. Gazte Txokoari dagokionez, adibidez, kultur ekoizpenaren
barruan, hauxe dio dokumentuak: Bertan 12 eta 17 urte bitarteko
gazteak elkartzen dira. Mota eta maila guztietakoak dira, arazo berezirik
ez duten gazteak nahiz familia eta gizarte arazo larriak dituzten gazteak.
Hori da, hain zuzen ere, gazte txoko honek irabazi duen borroketako bat,
alegia, bertako lokaletan mota guztietako gazteak nahastea. Batzuk bazterketa
esparruetatik datoz, beste batzuk ez; baina, denek normaltasun osoz jarduten
dute, kidekoen artean daudela uste baitute. Nolanahi ere, kulturaren
kontsumoaren bitartez ere, prozesu bera lor daiteke.
Hortaz, dokumentuan adierazten den gazte kulturaz hitz egin beharrean,
nahiago dut kultura herrikoia
eta kultura arrunta kontzeptuez hitz egin, Paul Willisi jarraiki.
Kultura herrikoia merkatuak bereziki, baina baita maila lokaleko
gazteek beraiek ere, sortzen dituzten kontsumoaren gaiei dagokie. Hau
da, abestiak, musika jaialdiak, jantziak, telebistako programak, ordenagailurako
jokoak, diskotekak, filmak, e.a. Horren ondoan, goi mailako kultura
deritzona jar daiteke, eta materialak ere ematen ditu, ez hain herrikoiak,
ordea.
Kultura arrunta, berriz, gazteek beren eguneroko bizimoduan
material horiek eurentzat hartzea da, kultura herrikoiaren elementuei
ematen dieten esanahia, eta elementu horiei ematen dieten erabilera. Hel
diezaiogun berriro ere Backstreet Boys taldearen adibideari. Nire
ikuspegitik,dokumentuan produkzioaz hitz egiten denean, muga zorrotzegia
ezartzen da talde komertzial hori eta jatortzat
hartzen den Jauko Barik taldearen artean. Bereizketa horrek beste
baten errepikapena besterik ez da, hau da, esate baterako Mozart-en goi
mailako kultura eta Jauko Barik taldearen zabor kultura
delakoaren artean egiten dena, baina parametroak aldatuta. Hori oso arriskutsua
da, bereziki, kultura arruntean, material horien kontsumoak
kontuan hartzen ez badira. Maila lokaleko ingurune batean, Jauko Barik
taldearen jarraitzaile asko Backstreet Boys taldearen neska jarraitzaile
bezain kritikarako gaitasun eskasekoa izan daitezke. Are gehiago, azken
talde horren bitartez, estrategia kritikoak gara daitezke emakumezkotasuna
negoziatzeko. Bestela esanda, ez dira objektuak gure arreta hartu behar
dutenak, objektuekin sortzen den harremana baizik.
Ikus dezagun nork zer kontsumitzen duen musika mota bakoitza,
alegia. Donostian gertatzen dena ezagutzen ez dudanez, Bartzelona ekarriko
dut hizpidera; bertan Backstreet Boys taldearen jarraitzaileak
emakumezkoak dira, batik bat, eta, gehienetan, gizarte egituran desabantailak
dituztenen artekoak. Hori susmagarria da, argi eta garbi: gizarte desabantaila
pairatzen dutenen musika joera gainontzeko gizarte taldeek gehien kritikatzen
duten joera da eta.
Hor ikus daiteke, ez soilik produkzioa, baita ere kontsumoa aintzat hartzeko
nire argudioaren garrantzia. Nik ondokoa defendatzen dut, alegia, kultura
kontsumo mota guztiek kultura politika jasotzeko aukera izan behar
dutela. Adibide batez emango dut nire arrazoi horien azalpena. 60ko hamarkadan,
Ingalaterran, gure Superpop eta Nuevo Vale aldizkarien parekoek
diskurtso homogeneoa zeukaten, eta haren bitartez, irakurleei emakumezkoei
zuzendutakoak ziren senarra aurkitu behar zutela aholkatzen zieten,
mantenuaz arduratuko zen senarra, alegia; bestalde, emakumezko lagunei
zegokienez, traizio arriskua eta mesfidantza aipatzen zituzten. 70ko hamarkadan,
berriz, kazetari feministak hasi ziren lanean aldizkari horietako erredakzioetan,
eta, emakumezkoen edertasunari buruzko diskurtsoa mantendu bazuten ere,
bestelako ikusmoldeak ere zabaldu zituzten; horrela, irakurleak bultzatzen
zituzten neskekin adiskidetasun estua sortzera eta haien ikasketak kontuan
hartzera, haien bizitzako maitasuna aurkitzea eta autoestima garatzea
baztertu gabe.
Hori da kultura politika (partikularrek egina bada ere), defendatzen dudan
ikuspegitik begiratuta. Eta ildo horretan, produkzio eta kontsumoaren
artean, edo komertziala eta independentea denaren artean muga hertsirik
ez ezartzea defendatzen ari naiz. Kultura politika produkzioari eta hedapenari
lotuta dago, baina, baita ere, kontsumoa errazteari eta garatzeari; edo
merkatua arautzeari, ahalmen komertziala ez dutenentzat mugak eta kuotak
jartzeari, edukien aniztasuna bultzatzeari, eta abarrari.
Hortaz, dokumentuaren harira itzulirik, proposamenetan hutsuneak ikusten
ditut bi alderditatik begiratuta: 1) kontsumoa garatzearen ikuspuntutik;
eta 2) industria arautzea eta sustatzearen ikuspuntutik. Kontsumoa garatzeko
aukeren arteko bat bitarteko komertzialak edo ez komertzialak dauden espazioak
eskaintzea da, gazteek pop kulturaren edo goi mailako kulturaren
jarraipena egin dezaten. Gune horietan pop produktuen irakurketa sofistikatuak
proposa daitezke, beti ere jarrera irekia erakutsiz, elkarrizketarako
prest eta haien aldekoa, eta joera edo estilo jakin
batzuen aurkako jarrera edo elitismoa saihestu.
Era berean, kontsumoan oinarritutako gune horietan, hainbat jarduera bultza
litezke, kontsumoa eta produkzioaren arteko muga zein ahul den ohartaraztera
zuzenduta, eta, beraz, kontsumitzaileak ekintza produktiboetara
erakartzera. Urrats hori zerorrek egin (DIY: Do It Yourself)
filosofiaren elementu funtsezkoa da, punk garaian hasi eta orain musika
elektroniko eta interneten garaian ezin sumatuzko zabalkuntza hartzen
ari dena.
Industria arautzeari eta sustatzeari dagokionez,gazteen errealitate kulturala
kontuan hartzen duen kultura politikaren falta sumatzen dut, izan ere,
gazte askok material komertzialenak erabiliz sortzen baitute haien kultura
arrunta. Horregatik, garrantzi handikoa da kultura arrunt hori begien
bistatik ez galtzea; horrela, aniztasuna ziurta dadin, esate baterako,
araudiren bat beharrezkoa ote den jakiteko aukera izango dugu. Merkataritza
konplexua sortzen bada, tabernak eta gaueko diskotekak dituena, estiloen
araberako kuotak sor daitezke, baldin eta musika komertziala eta gehiengoarena
egoteaz gain, bestelako estiloak ere badaude. Har ditzagun, bestela, irratietarako
baimenak. Ingalaterran badira musika irratietarako baimenak, halako emisoreak
dantzan egiteko musika afrokaribearra soilik eman dezakeela zehazten dutenak.
Arautze horren helburua gutxiengoak bere kulturaren musika publikoki entzutea
izango duela ziurtatzea da, merkatuaren logikak alde batera utzita.
Hau da, ez dut uste kultura politiken xedea produkzioa eta hedakuntza
soilik sustatzea denik, dokumentuan defendatzen den bezala, kontsumoa
ere sustatu behar baitute. Bene-benetan uste dut sortzaile eta biziberritzaileak
diren kontsumo motak aurki daitezkeela komertzialena den pop kulturaren
barruan, eta, aitzitik, guztiz alienaturik dauden kontsumoak eta pasiboak
direnak underground kulturaren barruan. Uste dut beharrezkoa dela komertzialtasunaren
aurkako alderdi indartsua egotea, baina, ez dugu ahaztu behar gehiengo
komertziala funtsezko elementua dela gazte kulturan. Erasoren iritziarekin
bat nator, hau da, beste ahots batzuk egotea, beste ahots batzuk
entzutea bultzatu behar dugu dioen saldiarekin, baina, ez nago
ados beste ideia honekin, alegia, Backstreet Boys taldea ez da
gure gazteen adierazgarri; bai, ordea, Jauko Barik talde euskalduna.
Uste dut bata zein bestea direla gazteen adierazgarri, biak bizi baitira
gure gazteen eguneroko bizimoduan.
.
|
| PRAKTIKARA
ERAMATEAREN ONDORIOA |
|
Behin zehaztasun horiek eginda, hasieran esan bezala eredugarria
iruditzen zaidan dokumentuaren ideiak jasoko ditut berriro; era horretan,
analisia praktikan gauzatzean erabilgarriak izan daitezkeen adibide errealak
eta ideia zehatzak izango ditugu. Sei ekarpen egingo ditut.
Lehenik eta behin, nire ustez funtsezkoa den zeharkakotasunari dagokion
ekarpena azalduko dut. Testuak defendatzen duen kulturaren norabide
hori ez da kultura politiken barruan mugatu behar; haren barruan, aitzitik,
denek egon behar dute, hezkuntzan hasi eta lan munduan txertatzeko, eta
etxebizitza eta osasuna eskuratzeko egiten diren politiketan amaituta. Eskolan,
gazteen kultura arruntaren barruan, badago diskriminatzailea eta
kritikoa den kontsumoa sustatzea (horrek ez du derrigorrez esan nahi Backstreet
Boys taldearen musika kontsumitzeari utzi behar zaionik); kultura produzitzen
duten tailerrek ere, orientabide egokia emanez gero, lan munduan txertatzeko
moduak eskain ditzakete, ez soilik artisten munduari lotuta, baita kulturatik
sortutako edozein ogibideri begira ere. Birmingham-go udalean benetako
zeharkakotasuna lortzeko esperientzia interesgarria burutu dute. Gazte Zerbitzuetako
Zuzendari Teknikariak erabaki zuen, eta administrazioan sekula ez da horrelakorik
egin, aurrekontuen zati handi bat bereiztea gazteei zuzendutako departamentuen
arteko proiektuetarako. Beste departamentuetako arduradunak
bildu eta mahai gainean jarri zuen dirua, gazteentzako proiektuak sortu
eta eginez gero dirua har zezaketela esanez. Hasieran susmo txarrak izan
zituzten arduradunek, eta gero zekenkeria; izan ere, departamentu batzuek
diruaren zati bat itzuli behar izan zuten, gastatzerik ez zutelako izan.
Epe ertainera, ordea, emaitzak ezin hobeak izan dira; hainbat departamentuk
gazteentzako proiektuak zehaztu eta departamentuen arteko benetako koordinazioa
egin ez ezik, proiektu horietan parte hartu duten beste departamentu batzuetako
teknikariek, gazte logika aintzat hartuta, sentsibilizazioa ere erantsi
diete politika publikoei, behin haien departamentuetako zereginetara itzuli
ondoren.
Bigarrenik, kontuan hartzekoa da, halaber, Birmingham-go gazte teknikari
baten iritzia, bertan, azken hilabeteak, Gazteen Kontseilua antolatzen eta
abiarazten eman dituena. Teknikariak oso positibotzat jotzen ditu gazteen
ekimena eta inplikazioa, eta, haren ustez, zaila izango da, epe ertainean,
ilusio maila horri eustea. Ilusioa mantentzeko, bene-benetan uste du, alde
batetik kideek ordezkaturik egon behar dutela (ez dago kutunkeriaz ez ausaz
hautatzerik, eta ez dute elkarteetako kideek soilik parte hartu behar),
eta, bestetik, erabakien izaerak loteslea izan behar duela. Berak gazteen
proposamenak parekatu nahi ditu politikariak zuzenean jasotzen dituen eta
benetan aintzat hartzen diren administrazioko goi mailako teknikarien proposamenekin.
Hirugarrenik, eta Birminghamen jarraituko dugu, irabazteko asmorik gabeko
elkarte batek, enpresen, fundazio pribatuen eta maila lokaleko administrazioaren
dohaintzen laguntza daukanak, etxebizitzarik ez duten gazteentzako proiektu
bat burutu du. Proiektu horren oinarria Ostatu hartzeko Egoitza izendatu
dutena da. Funtsean aisialdirako lokala da, baina gazte arloteak bertara
joan daitezke. Lokalaren erabiltzaileek era demokratikoan erabakitzen dituzte
funtzionamendu arauak, eta horietan oinarritzen dira. Hainbat urtetan zehar,
izen ona eta emaitza harrigarriak lortu ditu. Bertara biltzen diren gazteak
benetan bazterturik egonagatik ere, eta arazo larriak izanda ere, elkarrizketa,
garapen pertsonala, demokrazia eta errespetua behin eta berriro bultzatuz,
gazte horiek gizarteratzeko oso lagungarria izateaz gain, arloteen esperientziari
buruzko bideoproiektu harrigarriak eta bestelako kultura ekintzak sortzeko
bidea ere izan da. Lan taldeen barruan beti egoten dira iritsi berriak diren
gazteak, egoera bera bizi izan duten baina beste fase batean dauden gazteekin
iritsi direnak. Adibide horrek garrantzi handia dauka, elkarrizketarako
borondateak, orientazio demokratikoa eta irekiak emaitzak ez ezik emaitza
harrigarriak ere izan baititzakete, irizpideak erabiliz egiten direnean.
Laugarrenik, Sheffield-go prestakuntza zentro baten proiektuaz hitz egingo
dugu, harrigarria, era berean. Proiektua, aurrekoaren gisara, irabazteko
asmorik gabeko elkarte batek abiarazitakoa eta kudeatutakoa da, udalak lagunduta
dago, eta enpresen eta fundazioen dohaintzak ditu. Proiektua (S.C.A.P.E.)
musika, mekanika eta informatikako materialaren banaketan prestakuntza eskaintzen
duen zentroan datza. Musikaren inguruko proiektuak interesatzen zaidana
baita musika
sorkuntzan, soinu ekoizpenean eta merkataritza eta industria sustatzeko
tekniketan prestakuntza eskaintzen du. Era horretan, musika ekoizteaz gain,
musikak inguruan duen guztia ere garatzen da, eta ikasleek lan munduan balia
ditzaketen ezagupen zabalak eta baliabideak eskaintzen ditu. Ikastegian,bestalde,
ezagupenak ez ezik, fitxategiak ere eskaintzen dira, eta enpresekin harremanetan
jartzeko bidea ere bai; horrela, gainera, proiektuan parte hartzen duten
gazteak lan munduan txertatzea errazten da. Erabiltzen ez zen eskola zaharra
da proiektua aurrera eramateko erabiltzen den egoitza. Arduradunek birgaitu
egin zuten, udaletxeak eskola uztea lortu ondoren. Azken urtean, arduradunek
zein ikasleek aurri egoeran zegoen zine areto zaharra erosi zuten eta beraiek
birgaitu dute; diskoteka bihurtu duten zine zaharrean, egunez soinu eta
Dj praktikak egingo dituzte, eta gauez beste edozein bezalako merkataritza
lokala izango da: Dj-ak eta pop eta rock taldeak, herrikoak zein nazionalak,
bertaratuko dira. Beste edozein diskotekarekin duen aldea da mozkinak proiektua
finantzatu duten fundazio eta agentzietara itzuliko direla, eta proiekturako
ere izango direla. Oso adibide argia da, eta ondokoa adierazten du, alegia,
merkatua ez dela beti uniformea, baizik eta norbanakoen eta haien proiektuen
baitan dauden hainbat errealitatek osa dezaketela.
Bosgarrenik, dokumentuaren esaldi bat erakutsi nahi dut, hauxe, hain zuzen:
Kultura sortzaileak bakarka egiten den lan erromantikoa izateari
utzi dio. Eta egia da azkenaldian hainbat kolektibo sortu eta eratu direla;
ez gehiegi, ordea; hor ditugu, esate baterako, Dj-en edo idazleenkolektiboak,
eta emaitza baikorrak izan dituzte. Lubaki Banda literatura kolektiboa,
adibidez, duela lau bat urte sortu zen, eta jadanik etorkizun handiko hiru
edo lau idazle gazte merkatura irits daitezela lortu du. Nire
ustez errealitate mota horiek kapitalizatu beharreko kapital garrantzitsutzat
hartu behar ditugu. Garrantzitsua da maila lokaleko artisten artean komunitate
espiritua garatzea, hau da, bakoitzak bere denboraren puska bat ematea,
astean ordu batzuk, urtean astebete edo norberak emateko prest dagoena,
gazteekin musika proiektuetan parte hartzen ahal bada, diru truk.
Ingalaterran mota horretako proiektu batzuk aztertu ahal izan nituen, eta
gazteengan duten eragina harrigarria da. Musikari profesionalen ondoan musika
sortzea, eta benetako musika sortzea hain urruti ez dagoela egiaztatzea
segurtasunari eusteko prozesu garrantzitsuenetako bat da.
Amaitzeko, gogorarazi nahi dut garrantzizkoa dela txostenean aipatzen den
orientazioa administrazioak burutzea, eta garrantzi berekoa dela, gazteak,
elkarteak eta enpresak norabide berean abiatzea. Dokumentuan Santi Erasok
argi eta garbi ikusten du: Ekimen pribatuarekin eta gizarte kolektiboekin
batera lan egiteko garaia da. Ezin da beti laguntza publikoaren
baitan egon, ekimen pribatuarekin eta irabazteko asmorik gabeko elkarteekin
bateratu behar baita; horrela, gizarte sare zabalagoak sortuko dira, eta
baliabide gehiago izango dituzte, eta modu horretan indartu ahal izango
dute gazte kultura zentzu zabalean, lurralde bakoitzean.
.
|
|
Zein da administrazioak eduki behar duen
zeregina kulturaren aurrean, orokorrean, eta
gazteen kulturaren aurrean, zehazki?
Frantxis López de Landatxe
(Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendaria)
.
|
|
Jardunaldi hauek bultzatu dituzten antolatzaileek testu
honen izenburua den galdera neure buruari egiteko erronkaren aurrean jarri
naute, horrela, bat-batean. Erronka diot, eta ondo diot, zeren, ez al
da kinka larrian egotea administrazio publikoak aurrez aurre daukan zalantza
handienetako bati erantzuna eta azalpena eman behar izatea? Eta, gainera,
era honetan erantzun behar dut, jendaurrean, ataka honetatik ateratzeko
zirriborratu ditudan apunte xume hauek aurrean ditudala. Baina, horrela
suertatzen dira gauzak, eta erraz engainatzen gaituztenok, sasi artera
sartu
ohi gara.
Ezin izango naiz sistematiko izan, eta ez soilik horretarako gaitasun
handirik ez dudalako, baita ere, eskuartean dugun gaia oso zabala delako.
Lehenik eta behin kultura zer den azaldu beharko nuke; baina, horretan
gero eta irekiagoa naiz, eta dagoeneko dena, edo ia dena, onartzen dut:
aisia, arte ederrak, rocka, gaikako parkeak, telebistetako iragarkiak,
hirurogeita hamarreko hamarkadako film pornoak eta motoak museoetan. Guztia
da kultura, ez gero niri huskeriez etorri.
Ikus dezagun, orain, non gauden une honetan.
Dela gonbidatu gisa dela protagonista gisa, benetan ikaragarri handia
den aldaketa teknologikoaren aurrean gaude. Gaur egun (ia) dena eskura
dezakegu formatu digitalean, edozein giza esperientzia imitatu egiten
da, errealitatea eta birtualtasuna nahasirik daude, eta mugak ezabatzen
ari dira. Eta zer esanik ez gazteentzat. Izan ere, mugak, jarduera esparruetako
mugak ere, ezabatu egiten dira, gero eta lausoago bihurtzen ari dira.
Gaur egun dena da garraiagarria denboran zehar eta espazioan. Ez, oraindik
ez gara Telegaraioa, Scotty delakora iritsi, baina horretarako
norabidea hartu dugula dirudi. Internet gure bizitza aldatzen ari da,
hari esker badaukagu, asko
eta askoren
arteko komunikazioari ekitea, eta telefonoaren bat eta bat
edo irratiaren, telebistaren edo bestelako mass media delakoen
bat eta asko motako komunikazio klasikoak baztertzeko aukera
ematen digu. Komunikabide naturalagoa sortzen ari da, bertan parte hartzea
errazagoa baita eta norabide bikoitzeko adostasuna sortzea baitauka, lehen
sekula pentsatu gabeko sinergiak, alegia, eta, kasurik onenean ere, sorkuntzaren
demokratizazioa, zentzua egiteko dugun gaitasunaren kolektibizatze
guztiz askea.
Teknologia garapen hori bera, sumaezina eta azkarra dena, mugak lausotzea
eragiten ari da, mugak nahastea bai esparruen artekoak, bai geografien
artekoak edo diziplinen artekoak.
Aldaketa horien guztien aurrean, nola dago gizartea?
Gizartea gero eta askotarikoagoa dugu, ezin bestela izan; gizartea gutxiengoen
kontua da, gero eta argiago dago, esparru ugarirena, mota guztietako sinismen
edo lehentasunena, adinena, (hainbat) sexurena, ... Gizartea dimentsio
anitzeko zerbait bilakatzen ari da, gero eta konplexuagoa dena, gero eta
forma gehiagokoa, eta, zoritxarrez, batzuetan eskuraezina.
Gure inguruan, erreferentzia berriak dituzten komunitateak sortzen ikusten
ari gara, eta ez daukate osagarri espazial bakarra: kideak mundu osoan
sakabanaturik dituzten GKEak, sumaezineko arrazoiak dituzten presio taldeak,
munduaren edozein aldetakoak diren eta ustez gizakiak diren erabiltzaileak
elkartzen dituzten chat-ak, e.a.
Eta, haien aurrean, edo alboan, jende bakartia, kulturan zentzuren bat
bilatzen ari dena, kultura zerbaiten partaide izateko lotura gisa erabiltzen
duena.
Aldi berean, belaunaldi etena gertatzen ari da, oso maiz teknologiak eragin
duen arrakala horri lotuta gertatu ere izan ere,teknologiak, edozein
Jeckyllen moduan haren Hyde ere badauka, hau da, informazio
ugari eskuratzea daukatenen eta informaziora iristen ez direnen artekoa
(infoaberatsak eta infotxiroak). Bizimodu berriak sortzen
ari dira, denbora sentitzeko era berria, mundura hurbiltzeko
orain arte zeudenekin alderatuta guztiz ezberdinak diren moduak: bilaketarako
robotak, ezagupen kolektiboa, aldaketak, ...
Eta, halaber, horrek guztiak merkatu globalaren aurrez aurre jartzen gaitu,
gustu eta ohituren bateratze azkarren aurrean. Mundu osoa hartzen duen
gaikako parke handiaren barruan gaude, bertan denbora pasa ibil gaitezke
galderarik eta erantzunik gabe, komertzialtasunaren parametroei edo etekin
onak bilatzeari egindako kritikarik gabe, horri guztiari zentzua aurkitzen
lagunduko digun gida seinalerik gabe.
Har dezagun gure gizartea, euskal gizartea: oso gizarte zabala izan arren,
gero eta indar handiagoz onarrarazi nahi dizkiguten bereizkeriak izanda,
eta sumatzen ari garen geure baloreen desagerpen etengabea ikusita, badirudi
gero eta meharragoak direla hiru hizkuntzen inguruko adostasun bideak,
baita kultura sentsibilitate guztien ingurukoak eta berez geurea den (bio)aniztasunaren
inguruko adostasun bideak ere; eta nik, lanean hautemandakoaren emaitza
den analisi labur honetan, neuri dagokidan subjektibotasunaren erantzule
naizela onartzen dut.
Horiek guztiek, aipatu ditudan teknologia aldaketek eta egin dudan gizartearen
deskribapen xume horrek, jarduteko formula berriak bilatzera bultzatzen
gaituzte, kultura garapena orokorrean, eta bilera honetan dugun gai espezifikoa,
gazte kultura, definitzeko, zedarritzeko eta bultzatzeko.
Eta, orain, hipotesi bat planteatu nahi dut: ekosistema kulturalez hitz
egin behar dugu, ekosistema kulturala definitu eta biribildu, dituen katea
trofikoetatik produktu jakin batzuekiko tolerantzia dagoen mugaraino;
denok inplikaturik gauden eta denok irabazle suertatuko garen etorkizuna
irudikatu behar dugu; zeren, errealitate-irrealitate berri horretaz jabeturik,
hau da, munduaren erabateko interdependentziaz, erabateko globalizazioak
(totalitarioak) edo munduko herritarrak derrigorrezko izate
horrek bizi gogaitasunean murgilaraziko gaituela ere ohartuko baikara;
hori, dirudienez, mendebaldeko zibilizazioaren ezaugarria da, globaltasun
osoaren zibilizazio nekatuena.
Orain zorioneko galdera egin beste aukerarik ez zait geratzen, gehienok,
seguruena, gogoratuko ez duguna, hala espero dut, behintzat.
Hona hemen, bada: eta administrazioa? nola jarduten du? zein dira kultura
alorrean bere balore eta parametroak?
Administrazio publikoa ez da munstro burokratiko hori, badela sinestarazi
egin digutena, geuk ere funtzionariook badela sinestarazi egin duguna.
Administrazio publikoa ez da Forgesen txistea, sinets iezadazue, denok,
geuk ere, txiste horiek irakurrita barre egin arren. Administrazioak,
hau da, gizarteak merkatu ukiezinaren esku utzi nahi ez dituen eta uzterik
ez dituen gauza guzti horiek kudeatzeko makineriak, etengabe hausnartu
behar du zer egiten duen eta zer den. Eta, era berean, kultura alorrean,
defendatu nahi dituen kultura baloreak zein diren hausnartu behar du.
Baloreak terminoa, kulturaz hitz egiten ari garelarik, eskizofreniko
xamarra dela irudi lezake, eta, nolabait, halaxe da.
Ikus ditzagun, hiru eskenatoki ezberdinetan, kultura alorrean ari garen
funtzionariook egiten ditugun gauza horiek.
Lehenengo eskenatokia: Kultura sustapena izenda dezagun. Administrazioak
(zuen baimenaz, nigan pertsonalizatuko dut, haren ordez bainago hemen),
administrazioak, hots, nik, kultura sorkuntza berria sustatuko dut; oso
famatu eta batere justuak ez diren eskaera eta eskaintzaren legeak ahaztu
eta eskaintza berria eta eskaera berria sustatuko ditut: biharko kultura
ohiturak izango diren eskaintza eta eskaera, hain zuzen ere. Etorkizunerako
sentsibilitate berria sortzen laguntzearen alde azalduko naiz, zalantzarik
gabe.
Eta, zer gertatuko ote zait? Bada, ez dagoela aldez aurreko kontsumo eskaerarik,
merkatuak ez daukala garrantzirik horretan (nik ez diot uzten), benetan
garrantzia daukana ideologia da, bultzatu nahi dudan kultura proiektua,
eta gizarte, arte, politika proiektua. Egingo dudana jadanik ezarrita
dauden baloreekin alderatuz neurtuko da. Nire jarrerak, berez, kultura
balorea sortuko du.
Bigarren eskenatokia: Kultura hedakuntza izendatuko dugu.
Oraingoan eskaintza eta eskaeraren arteko harremanak hobetu nahi ditut;
biak hastapenetan egon daitezke, gordeta edo gutxi gorabehera agerian
egon daitezke, eta nik eskaintza berrantolatzen lagundu nahi dut, hartara,
nire ustez lozorroan dagoen sentsibilitatea esnarazi egingo dut.
Eta hor, eskenatoki horretan, zer ikusten dut aurrez aurre? Bada, aurrez
aurre ikusten dut nik egin dudan ideologia apustuaren eta merkatuak egitera
behartzen nauen ekintzen artean nagoela, bide erdian. Eta ekonometriari
(baldin eta horrelakorik badago) ekiteko beharra izango dut zer, zenbatek
eta noiz aintzat hartuko nauten jakiteko, eta herritarrak motibatzeko,
mugiarazteko, hala badagokio; eta horrela, dagoen kultura merkatu horretan
nire ekintzek eragina izatea lortu duten jakingo dut.
Hirugarren eskenatokia: Kultura asetzea izena duena. Neuk
jardungo dut, administrazioak, administrazioak beti jarduten baitu. Baina,
oraingoan, badakit merkatuko eskaerak beteko ditudala, ikusleen eskaera
esplizitua, edo ia esplizitua, betetzen lagunduko dudala. Zeren publikoak
beti izaten baitu arrazoia,eta endredozko komedia nahi baldin badute,
endredozko komedia edukiko dute. Edo, tira, klasizismora joz gero, panem
et circenses emango diet. Dena oso goxoa dago eta.
Zein da arriskua? Lokalak betetzea
beste helbururik ez izatea. Merkatuaren legea distortsionatu eta, ondorioz,
kultura alorreko edozein enpresa jarduerak dituen arrisku baldintzak aldatzea.
Eta, hori gutxi balitz, erakunde publikoak (ni neu!) soberan daudela pentsatzera
iritsi naiteke.
Hor daude planteatutako hiru eskenatokiak. Sekula guztiz garbiak izango
ez diren hiru eskenatoki dira, beste zerbaitekin nahasian aurkituko ditugu
beti, baina administrazioaren erantzukizunak maila guztietan duen eragina
era garbian azaltzen laguntzen dute. Kultura politikak sortzeko eta gauzatzeko
orduan, bilatu beharko genukeen oreka beharrezkoa azaltzen digute.
Badakit oso ondo ulertu dituzuela ideologia, dirua eta merkatuaz egin
ditudan malabar jokoak, baina, utzidazue, hala ere, azaldu berri dudana
finkatzeko adibide batzuk jartzen.
Ez da gauza bera, nazioarteko zirkuituko kontzertu batera joan daitezen,
gazteei diruz lagundutako sarrerak ematen dirua gastatzea edo apenas ezagunak
diren bertako musika taldeen kontzertu egitaraua antolatzea.
Ez da gauza bera liburutegi, gazteleku edo bestelako kultur zentroak comic-en
luxuzko argitalpenetako harpidedun egitea edo edozein teknologia euskarri
erabiltzen duten marrazkilari eta gidoilari gazteen garapenerako ikastaro
eta plataformak antolatzea. Ez da gauza bera.
Ez da gauza bera haurtzaroaren edo nerabezaroaren oihartzunak ekartzen
dituzten poeta euskaldun gazteen antologia argitaratzea edo Harry Potter
erostea eta banatzea Gipuzkoako haur liburutegi guztietan. Ez da gauza
bera.
Gauza guztiek ez dute balio bera izaten. Ez dago arrazoirik gauza guztietan
baliabide publikoak gastatzeko.
Azken batez betikora iritsi gara: gure baliabideak eskasak dira, eta jakin
egin behar dugu zer, norentzat eta nola erabiltzen diren.
Horretarako, balore eskala eratu behar dugu (berriro ere hitz hori!),
gutxieneko baloreena bada ere, administraziotik bultzatzea eta gauzatzea
dauden jarduerak aztertzeko eta erabakitzeko, ingurunea kontuan hartuta.
Edo, nolabait esanda, igaro gaitezen (zuzen egindako) diagnositik (era
berean zuzen egindako) ekintzara.
Horra hor hainbat bide:
1.- Jarduteko esparru bat badago, lehen esan dudan bezala, ekosistema
bat. Esparru horretan hainbat politika gauza daitezke. Baina nik, zuen
baimenaz, denok irabazle izango gareneko etorkizuna irudikatzen dut. Horretarako,
baloreak eta estrategiak ezarri behar ditugu, eta horiek elkarren artean
partekatu.
2.- Ekosistema horretarako diagnosi eta plangintza tresnak behar ditut,
eta, hortaz, tresna horiek bilatuko ditut eta tresna horiek sortzea sustatuko
dut. Tresna horiek parte hartzen duten guztiek osatuta egon behar dute:
gero eta garrantzitsuagoak diren boluntarioek, erabiltzaileek, eta haien
artean profesionalek, sareek, ekipamenduek, administrazioak, eta abarrek.
Horiek guztiek lagundu behar dute (lagundu behar dugu) zer garen, eta
are garrantzitsuagoa dena, zer sortu nahi dugun definitzen.
3.- Horri horrela izan dadin, ez da ekosistemako erakundeen artean konkurrentziarik
egon behar, alderantziz, lankidetzak egon behar du, gure ekosistemaz at
dagoen eta gure sistemarena ez denaren aurka lehian aritzeko (hau da,
zakurrak ez du zakurkirik jaten atsotitzak dioena bete,
eta beste honek dioen etorriko da kanpokoa aterako duena etxekoa
saihestu egin behar dugu) (Ez ba, kultura salbuespenaz hitz egiten ari
naiz, jaun-andreok, eta ez genetikaz).
4.- Sarean lan egitea ere beharrezkoa da, egunetik egunera areago, teknologia
berriak ematen dizkiguten sinergiez baliaturik (une honetan, baliotsua
den pertsonaia, baliotsua den baliabidea, informazioa, ekintzak eta protagonismoa
partekatzen dituena eta hedatzen dituena da; bestea, edukitzearren gordetzen
duena,iraganeko figura da). Egiten ari garen proiektuak garatzen ari diren
ingurunearekin batera bilakatzen ari dira, eta ezin liteke bestela izan.
5.- Dena ez da denontzat. Hori argi eta garbi eduki
behar dugu. Nahiago genuke baieztapen hori, benetan axioma dena, egia
izango ez balitz. Egia da, ordea. Jende guztiak ez du guztiaz gozatuko.
Ez. Horrelakoxeak dira gauzak.
6.- Proiektuak zeharkakoak izango dira. Denok hartuko dugu parte eta denok
aterako ditugu hortik etekinak. Denok beteko dugu gure eginkizuna, denok
hartuko ditugu erantzukizunak geure gain, baina lan sare horretan, sarean
egiten den lan horretan, denok parte hartuko dugu geure eginkizunak, trebetasunak,
ezagupenak, e.a. nahastu gabe.
Horrek guztiak, azaltzen ahalegindu naiz nahaste txiki horrek, komunikaziorako
bideak bila ditzadan eskatzen dit, konplize bihurtuko diren solaskideak
neuregana ditzadan, denok elkarren ezagunak garen denon lengoaia gara
dezadan. Beharrezkoa bada,nire apaltasuna aurkitzeko bila eta bila ibiliko
naiz, eta, apaltasun horretatik, beste erakunde, beste talde batzuengana
joko dut, eta haien lankidetza eskatuko dut, gu ulertzea eskatuko diet,
haien borondatea, denok nahi ditugun gauzak egin ahal izateko.
Globaltasuna bilatuko dut. Ez globaltasun orokorra, geure globaltasuna
baizik, denok ordezkaturik gauden eta denok batera kultura etorkizunera
abiatuko garen globaltasuna; eta etorkizun hori distiratsua irudikatzen
dut, gizarteak kultura egingo duen etorkizuna, gizarteak egiten duen kulturaz
baliatuko garen etorkizuna.
Eta hori izan da dena, lagunok.
.
|
|
|
Lehenik eta behin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuari eskerrak
eman nahi dizkiot, gu denok gaur eta hemen elkartu gaituelako, ideiak trukatzeko
eta proposatutako gaiari buruz, Gazte Kulturei buruz, hainbat hausnarketa
egiteko. Era berean, hemen zaudeten guztiok agurtu nahi zaituztet, bereziki
udaletan lan egiten duzuenok. Dela zuen herrietan gazteen esparruan soilik
ari zaretela, dela alor horrez gain beste zenbaitetan ere jardun behar duzuela,
gauza batez ziur nago: zuen lana ez dela lan erraza.
.
|
|
|
Aspaldian Martin Ugalderen Herri baten dehiadarra
liburuan, Natura eta Kultura oso era errazean deskribatzen duen ondoko testua
irakurri nuen: Natura mendiak dira, itsasoak, errekak, arrainak,
animaliak, zerua, izarrak, eguzkia, zapaltzen dugun lurra; gauza edo izaki
hauek ez ditu gizakiak egin. Eta kultura erreka gaineko zubiak dira, ozeanoetan
zehar dabiltzan untziak, hibaietan eta itsasoetan arrantzan ari diren kanaberak
eta sareak, ondo apuntatuz gero untxiak hiltzen dituzten eskupetak, gauetan
zeruan zehar izarrak bezala ikusten ditugun hegazkinak, noiznahi eror litezkeela
jakinik.
Kultura, hortaz, zubia da, hobe esanda, zubi asko, ibaiaren gainean eraikitzen
direnak, edo ibai askoren gainean, zeharkatu ahal izateko.
Eta horrek pentsarazten dit, beharbada zubiak eraikitzen ditugun planetako
herri guztiok berdinak garela alor horretan, kulturari dagokionez; baina,
kasu bakoitzean ezagupen, forma eta material ezberdinez eraikitzen ditugunez
gero, akaso horretan ezberdinak gara kulturaren aldetik, forma eta emaitzetan,
behintzat.
Hori guztia burura etorri zait Lorea Agirreren baieztapena irakurri dudanean,
hau da, Backstreet Boys taldea ez dagoela Euskal Herriko gazte kulturaren
barruan. Jakina, pentsatu dut, zubi hori, gaztea izan arren,ez
da made in Basque Country. Burura datozkit Urretxuko Hot Dogs,
Hondarribiako Dut, Durangoko Sal edo Donostiako Nuevo Catecismo
Católico bezalako taldeak: denak guztiz zubi gazteak eta guztiz
geureak. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egiten dituzte haien adierazpenak.
Haiek, eta beste asko eta asko, gaur eta hemen, gure arretaren eta esperientzia
trukearen protagonistak dira.
Beste zerbait erantsi nahi nuke, gazte kulturei buruz hitz egiten hasi baino
lehen. Ez dugu ahaztu behar gazteen ezaugarri nagusia heldutasunerantz igarotzen
ari diren bidaiariak izatea dela. Eta horrela gertatzen da, noski,
kulturekin dituzten harreman alorrean ere: adituek gogorarazten diguten
bezala, gaztaroaren etapa luzean zehar, gazteek sentitzen dituzten eta
baita pairatu ere
premia psikologiko eta biologikoek goitik behera baldintzatzen
dituzte haien kontsumoak eta kultura jarduerak. Esandakoa froga dezakegu
haiek egindako proposamenetako edozein aztertzen badugu; hori da, bestalde,
helduok dugun bide onenetako bat haien bizipenetara eta mundua ulertzeko
era berezira hurbiltzeko.
.
|
| GAZTE
SORTZAILEAK PROIEKTUA |
|
|
Azken hiru urteotan, GAZTERIARI ZUZENDUTAKO UDAL PLANA ri dagokionez,
Oñatin mantendu den politika adostasunak baldintza egokiagoak eskaini
dizkigu plana osatzen duten hainbat proiektu sustatzeko orduan. Gazte
Sortzaileak eta Gazte Kulturak proiektuaren ildoan, zehazki, duela sei
bat urte hasi ginen, pixkanaka-pixkanaka, lehenengo urratsak ematen, jarduera
zehatzak garatzeko aukera ematen zigun oinarri teorikoa zehazteko asmoz.
Adierazitako teoriaren eta gazteek haien artean egiten dituzten praktiken
arteko kontraste etegabea oinarria izanik, gero eta zabalagoak diren helmuga
eta xedeak lortzen saiatzen gara, urtetik urtera.
Teoria adieraztea funtsezkoa da,eta, seguruena, hemen zaudeten gehienok
ezagutzen duzue. Gure Gazte Kulturak proiektua lau erreferentziazko
esparru, aldi berean, sustatzen saiatzen da, aditu batzuek Gazte Kulturak
izenekoen artean egiten dituzten esparru sailkapena, hain zuzen. Hurrengoak
dira lau esparruak: 1. Kulturaren hedakuntza, 2. Sustapen sozial eta kulturala,
3. Kultura sortzea eta kultura adieraztea, eta 4. Gizartean parte hartzea.
Kulturaren hedakuntza gazteei zuzentzen zaie, batik bat, eta garrantzitsua
da gure inguruan dauden kultura ondare eta kultura prozesuak eskuratzeko
aukera ematen dielako. Guk, geure aldetik, gazteek beraiek sortutakoak
edo hasitakoak hedatzen saiatzen gara, helduen mundutik datozenak inolaz
ere baztertu gabe. Kulturaren hedakuntza kontzeptu hori, zenbait autorek
adierazten duten eran, demokratizazio kulturalari lotuta dago (kultura
herriari hurbiltzea eta herria kulturari).
Sustapen sozial eta kulturala, bestalde, garrantzitsua da gazteei
tresnak ematen dizkielako, eta, haien bitartez, gazteak inguratzen dituen
mundua zein munduaren egitura sozialak, ekonomikoak eta kulturalak ulertzen
laguntzen die.
Kultura sortzea eta kultura adieraztea funtsezkoak dira berez,
noski, eta geure lana da sorkuntza eta adierazpena sustatzea, diziplina
eta gazteek garatzeko aukeratzen duten produktu zehatza alde batera utzirik.
Azkenik, orokorrean gizartean parte hartzea izendatu duguna, ezinbestekoa
da, baita ere; izan ere, horri esker, gure gazte oñatiarrek bideak
eta guneak eduki ahal izango dituzte, sortzeko eta adierazteko duten gaitasuna
gauza dadin. Gizartean parte hartzeak, era berean, adituek demokrazia
kulturala deritzoten egoerarantz joateko aukera ematen du, komunitate
jakin batean.
Ordezkatzen dugun udal ekimenak bi prozesu mota sustatu nahi ditu, biak
aldi berean, eta ahal den neurrian, beti ere: lehenengoa gazte oñatiarren
adierazpen gaitasuna sustatzeko goranzko prozesuei dagokiena da,
eta bigarrena gure komunitatean dauden kultura alorretan gazteek parte
hartzeko prozesuei lotuta dago.
Beste arazo garrantzitsu bat, Gazte Kulturak osatzen dituzten alorrak
zein diren zehazteaz gain, ondokoa nolabait finkatzea da: nondik hasi
eta zein diren gure ustez aipatutako metodologia bultzatzeko diziplina
egokienak. Guri dagokigunez, udalerrian lehendik zeuden kultura errealitateak
zuzenean aztertzen denbora luzea eman genuen, eta, horri esker, lanari
ekin genion hautemandako benetako interes batzuk oinarri hartuta, hau
da, udal gaztelekua ireki baino lehenago, gazte oñatiarrek jadanik
egiten zituzten kultura jarduera batzuk, ahal zen neurrian, oinarri hartuta.
.
|
| GAZTE
KULTURAK OÑATIN, BIZI IZANDAKO GAZTETASUNAREN
ADIERAZPIDE GIZA |
|
Aitor Uriarte
gazte oñatiarrak, hogeita bost urtekoa eta Sen musika taldearen ahotsak,
ondokoa adierazten du Bidaiari abestian: Gure bidaien
momenturik latzenak / bidegurutzetan galduta dabiltzanak / zalantzez
jositako bidaiariak / Bidaia bakarra / bakoitzarentzat / norabide bat /
hartu beharra / Zentzu ezberdinez jantzitako bideak / agian berriz topatuko
direnak / aurrez-aurre / nire bidea / aurrerantza, aurrera begira.
Talde horrek abenduaren 2an eskainiko du bere lehen emanaldia zuzenean Oñatiko
gaztelekuan. Gonbidatuta zaudete.
Oso zaila izango litzateke zehatz-mehatz adieraztea gaur egun Oñatin
dauden musika taldeen kopurua,baina,uste dugu azken bost urteotan laukoiztu
egin direla, seguruenez. Latzen taldeak oro har Euskal Herriko kultura eta
zehazki Oñatiko kultura alorrean egindako ekarpenak zerikusi handia
dauka musika taldeen kopurua handitzearekin.
BurdinKAKOlektiboak
1996an argitaratu zuen bere fanzinaren 0.zenbakia. Gaur egun arte, lau argitaratu
ditu eta ale berezi bat. Jarraian, kolektiboaren gutunontzian
jasotako kolaborazio bat duzue, bigarren zenbakian argitaratu zena:
(...) Bide berri bat iñ ebeiñ, Iñondik (Masatxuset)
Iñora (Konetika) fateko, eta bidegurutzia pasaitteko, gañetik
zubi aundi bat jaso ebeiñ. Eurok an kieto. Urte batian be Vuelta
Pais Vascoko etapa baten metia bidegurutzian jarri ebeiñ. Goizian,
lurrian pintauta, META-ren ordez TUWAT agertu zan. Baña bankuko ipurdi
andixak ez ebeiñ gauza andirik entendiau (Marinok ixixa irabazi iñ
eben).
Angeltxo gaztiak, udaran, kamarako zulo baten baloi zahar bat topau eben,
inflau eta atzeko-kalera fan zan bere lagunekin fubolian jolastea. Horrelako
batian baloiak paretia gañetik pasau eta ortura jausi zan. Patxi
Martoluenak sardia artu eta, irrifar betez, baloia zulatu eben eta akabo!
Posdata: Aurreko domekan Troska putzua bajau eta harri-artian, reglamentozko
baloi bat ballau geben. Segurazko, Arantzazuko freile-kumiei jausi xakoin
barrankura eta errekak Gesaltzako Lizunaño eruan eben. Andonik ostiko
bat emun eta a tomar por kulobidali eben. Aurrera bolie.
1997an, argitalpen
berri bat, potxo argitalzuloa, irten zen plazara BurdinKAKOlektiboaren eskutik.
Hona hemen proiektua aurkezteko idatzitako eskutitza:
.
|
|
potxo argitalzuloa ekimen
independientea da, irabaz asmorik
gabekoa, edozein teknika erabiliz
sortutako adierazpen artistikoak
argitaratzea du helburu: komikia, olerkia,
argazkia, eskultura, musika, kollagea,
pintura, bertsoa, irudia...
Geure inguruan ditugun arazo eta
errealitateez interesaturik dago, beste era
batera esanda, politikagintzak izan
beharko lukeenaz eta ez denaz
interesatuta.
Pentsamendua akuilatzeko zerbait jarri
nahi du, zerbait egin, sortu eta
adierazteko gogoaren hazia erein nahi du
han-hemenka.
Ideia emankorrak, benetako pasioak
argitara emateko ahalegin guztiak egiten
ditu, ahalik eta zabalpen handiena
emanez, eraginik handiena izan dezaten.
Unean-uneko inspirazio eta intuizioak
gidatuta aritu nahi du. Ez du norabide
jakinik, mapek ez dute jasotzen haren
helmuga. Bere burua bizirik sentitzea
baino ez du eskatzen. Patuak parean
jarritakoen bila ateratzen da bidera, eta
gogo onez hartzen ditu ilusioz kutsatuta,
une batez bakarrik bada ere elkarrekin
lan egin nahi dutenak.
.
|
Gaur egun
arte,lau ale argitaratu ditu potxo argitalzuloak. Azkena Nongo
Nor izeneko olerki bilduma da, eta egilea Jon Aiastui,hogeita
zortzi urteko oñatiarra; entzuleok hala nahi izanez gero, Aiastuiren
poema bat irakur genezake geroago, hizpide dugun Gazte Kulturak gaia
argitzeko guztiz aproposa.
.
|
|
SEKULA GELDITUKO EZ
Sekula geldituko ez zarela
esan eta berresanda ere
nekez izango duzu bidea aurrean zabal-zabalik;
neurriz kanpoko
bi edo hiru urrats saiatzeagatik
ez zaituzte haizeek berekin eramango;
motxila argalak bizkarrean,
bero gorirako daramazun buru gaineko sonbreiruak
ez dizute norabidea erakutsiko,
ez itzalek, ez izarrek,
ez azarean eskainiko dizkizun lagunek.
Bidaia uste duzun baino luzeagoa bihurtuko da
eta maisurik ez denez
urteak, galderak eta mapak
soilik ibiliaz arinduko duzun pisua izango dira;
esku hutsik itzuliko zara agian,
eraldatuta, makurtuagoa, erdi biluzik,
bilatzen zenituen herrialdeak aurkitu gabe ziurrenera;
ez dio inporta: agurra eta eskerrak ematen
ikasita egongo zara behintzat,
hizkuntza eta kanta berriez aberastuta
eta zure eskuen trebetasunez
besteentzat geratuko den lana
asmatuko duzu azkenik bukatzen.
Orduan etxe atarian eseri ahal izango zara.
eta egunen batean, dena oroitzea duzula,
herritik abiatzen den beste gazte bat
ikusiko duzu zuregana hurbiltzen
zeure bila eta zeure aholkuen eske
baina zuk, ordurako jakintsu,
ez diozu inolako gomendiorik egingo
ez badira
etengabeko mugimendua
edo haren jazkerari buruzko
ohar txiki batzuk baino.
.
|
1998. urtearen erdi aldera, Big Lie izeneko fanzinea
sortu zen. Gazte oñatiar batek eman zuen lehenengo pausua, ikastera
Donostiara aldatu behar izan zuenez, ezin baitzuen herriko udal irratian
lagun batekin batera emititzen zuen After Save musika
saioarekin jarraitu. Gaur egunera arte, bi ale plazaratu ditu Big Liek,
eta kultura jarduera anitz antolatu ditu, horien artean, musika emanaldiak,
plastikan ari diren Oñatiko gazte sortzaileen erakusketak, artikulu
ugariren argitalpena, eta kolaborazioak, Gazte Zerbitzuak hilero argitaratzen
duen Etxagok Ama Begira
izeneko informazio aldizkarian.
Jarraian Hondarribiako Dut taldeko testu bat irakurri ahal izango
duzue, fanzinearen bigarren alean argitaratu zena, hain zuzen:
.
|
|
S.E.S.amo (osasunerako onuragarria)
Jende multzo baten artean
pertsona bakar bat
agertzen da lurrari begira,
bere tokian ez balego bezala,
irribarrez eta isilka pentsatzen aldenduz doa.
Pertsona bakoitza askotaz osatzen da.
Berak ez du, mundua ulertzen
eta mundua ez da bera ulertzeko gai.
Norbera ez da bakoitzak duen gauzarik onena,
zorteko ordea izaterik duena.
Pertsona bakoitza askotaz osatzen da
eta bakardadea bikoitza izaten da.
Bakoitza bestearen lagun handiena da.
Bera ere egunen batetan desagertuko da
baina zein ederra bitartean.
.
|
Joan
den astean aurkeztu zuen Big Liek bere azken proiektua Gazteria Batzordean,
idatzi baten bitartez. Proiektua Euskal Herriko gaztetxeetara ikuskizun
bat eramatea da, poesia irakurketa, musika taldeen emanaldiak eta zuzeneko
graffitiak jarduerek osaturik, guztia gazte oñatiarrek eginda.
Duela zenbait hilabete, orain
arte Oñatin ezagutzen dugun azken fanzinea argitara irten zen. Azalean
galde ikurra dauka, eta aurreko eskaintzak ez bezalakoa da, formatu txikiagoa
baitauka, eta testuak, hitzak eta irudiak era berezian nahasten baititu.
Besteak beste, Oñatiko hainbat bertsolari gaztek egindako kolaborazioa
eskaintzen du; hona hemen horren zati bat:
.
|
|
(doinua:habanera)
Aurrekontutan lehena:
zaharberritzeko plana;
bigarren ahantzi gabe
etxe berrien
programa.
Berdin gabe izan dadin
gure herriaren xarma
turismoa izango da
gu aberasteko arma.
pentsamenduak okerra
pentsatzeraino narama:
zein izango da biharko
egunaren panorama?
polita ederragotzen
ez egin alperrik lana
baizik polita egiten
lehen itsusia zana.
.
|
Azken bost urteotan, berrogei gazte oñatiarrek gutxienez argitaratzen
dituzte haien komikiak, testuak, olerkiak, marrazkiak, artikuluak eta bestelako
ekarpenak, herrian dauden fanzineetan.
Ez dugu herrian dauden gazte kulturaren inguruko proiektuen aurkezpena amaitu
nahi, lehenago gaztelekua ireki aurreko argitalpenei omenaldi xumea egin
gabe, laurogeiko hamarkadan Oñatiko gaztetxearen garaikideak,
hortaz plazaratu zirenei, zehazki, El Acto, Kro eta
Maki Berri, hain zuzen ere. Horiekin batera Auskalo aldizkaria ere
aipatu nahi dugu, oso-osorik euskaraz argitaratua, 1985. eta 1986. urteetan,
bederatzi ale kaleratu zituena. Kro fanzine afterboltxebikeak
plazaratu zituen hamabi aleak ere nahikoa arrazoia dira hemen editorialetako
bat azal dadin. Apalategitik iritzira hartuta,1978ko Inauterietan, Oñatin
kaleratu zen hamargarren zenbakikoa suertatu da aukeraturik. Ugari dira,
gaur egun oraindik ere, herriko gazte belaunaldi batek baino gehiagok gogoratuko
dituzten Krorekin batera bizi izandako gertakizun eta pasadizoak;
Krok Kortatu musika talde ospetsuaren abesti bat ere
sortu zuen.
.
|
REBELIÓN O SUMISIÓN
Por cobardía o reserva, nunca hablamos de lo que en verdad nos interesa,
y cuando empezamos, pronto nos cortamos. Me refiero al tópico de
que en Oñati nos aburrimos; la gente se aburre, se queja, se mosquea
y se asfixia, en un ambiente más enrarecido que raro, más
vulgar que especial. En tres palabras: estamos muy hartos.
Aunque el mal rollo parece que nunca va a tocar fondo, me parece que estamos
en un punto crítico, y que se nos impone una reflexión seria,
un esfuerzo por aclarar todo esto.
Para ello, hemos
cogido prestado en parte el comunicado de una gente de Elgoibar, que salió
en la prensa y que además de agradecerlo, lo he dejado así:
APATÍA: mucho hablar, poco actuar, desgana (stress,suicidios).
FRIALDAD en la convivencia, incomunicación, distancia, mal
ambiente.
NEGATIVISMO: visión pesimista y poco crítica de la realidad.
INSEGURIDAD: recurso al abuso de las drogas, mala utilización de
las mismas.
SEXO: vivencia irreal y grosera de las relaciones seksuales y afectivas.
PARO: acentúa la injusticia social y perpetúa las diferencias
socio-económicas.
REPRESIÓN POLÍTICA Y SOCIAL: para no alargarnos: terrorismo
de Estado.
Cabe decir que lo que está en juego es nuestra propia supervivencia,
y se supone que sólo caben soluciones globales pero a la vez prácticas
y concretas, que (valga la ingenuidad) introduzcan cambios en nuestra forma
de vida. Empezando por buscar la manera de aumentar la comunicación.
Puedes aceptar la realidad tal como es o puedes plantar cara al asunto.
Tú mis-
mo/a.
Un saludo after-boltxebike de uno que está MUY HARTO!
.
|
Askoz gehiago ere badago: antzerkia, perkusioa, musika korala, pintura,
umoristak, e.a. Gaurkoz, alabaina, hemen bukatuko dugu. Baina, lehenago
adierazi nahi dugu, gazteen ekimenak direla Oñatiko Udalaren Gazteria
Batzordeak egun duen proiektuaren oinarria eta funtsa. Gaztelekuak ahalik
eta modu eraginkorrenean pentsatutako eta antolatutako baliabidea izan behar
du, eta gazteek ekimen horien zerbitzura egon behar dute. Ildo horretan,
Gazteria Batzordearen eta gaztelekuaren eginkizun garrantzitsuena biak herriko
demokraziaren eskola izatea da, jarduteko modua balore demokratikoetan oinarrituta,
gazte oñatiar guztien partehartze aktiboa eta arduratsua sustatzeko
modu bakarra baita, batzuetan banaka, eta besteetan eta gu horretan
ahalegintzen gara taldeka.
.
|
 |