TXOSTENAK:

Joxe Felix Azkarate Xarra - “Gaztelupeko hotsak” disketxeko burua
Iñigo Argomaniz - “Get-In” sustapen etxeko burua

.

Administrazioaren eta gazteen arteko harremanen azterketatik abiatu zen eztabaida. Oñatiko Gaztelekuko arduradun eta Udaleko Gazteria teknikari Patxi Hipolito eta Roger Martinez soziologo kataluniarra bat datoz: elkarrizketa bultzatzea, inposizioa saihestea, gazteei zabalik egotea, eta gogoak, pasioak eta proposamenak elkar lotzeko bidea bilatzea dira gazteen eta administrazioaren arteko afera aurrera eramateko modu bakarra. Prozesu horretan elkarte, sortzaile, enpresa pribatu eta gazteak inplikatu behar dira, denek elkarrekin ekintza bat bestearekin lotuz kultur dinamika bat sortzen joan daitezen. Azken batean Hipolitok bi ideia nagusitan laburbiltzen du administrazioaren egitekoa: forma demokratikoak erabiltzea eta azpiegitura egokiak izatea. Horretarako ezinbestekoa da sostengu politikoa. “Herrietako teknikariek lana egin ahal izateko beharrezkoa dute gazte saila alde izatea, eta baita ekipamendu egokiak izatea ere, eta gero horiek kudeatzeko demokrazia zuzena indarrean jartzea” dio Hipolitok. “Politikoen artean adostasunik ez dagoenean esparru honetan, zaila da gazteen artekoa ere lortzea”.

Oñatiko Gaztelekua aldakuntza garaian dago une honetan. Teoriak beti sortzen du kezka gero praktikan jartzerakoa, eta horregatik da interesgarria Oñatikoa bezalako kasu praktiko bat ezagutzea. “Garrantzitsuena gazteen parte hartzea era sakon batean bultzatzea da, are gehiago errebindikazio hori baldin badago herrian –dio Hipolitok–. Oñatin udala eta gazteak negoziatzen ari direna lau puntutan laburbildu daiteke: akordio adostu baten bila dabiltza udala, gazteak eta elkarteak; gazte teknikariak teknika kualitatiboak erabiliz egin behar duela lan adostea bilatzen ari dira; gazteen eta elkarteen partetik elkarlanean aritzeko benetako disposizioa badagoen ikusi behar da; eta azkenik, sinergiak bilatu nahi dira, efektuen bitartez dinamika bat sortzeko”.

Elkarrizketa eta modu demokratikoak erabiltzearen ideia horiek guztiak nola gauzatu da herri askotako teknikarien kezka: nondik hasi, noraino iritsi, nola egin bidea. Hipolitoren ustea honako hau da: “Sarritan administraziotik dugun jarrera da dena estrukturatu eta artikulatu nahi izatea. Esaterako beti eskatzen dugu interlokuzioa egingo duen ordezkari bat. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Gu orain jende guztiarekin berba egiten gabiltza. Badira beren kaxara mugitzen diren taldeak, eta badira gurekin harreman finkoagoa dutenak, baina une honetan guztiekin dugu interlokuzioa. Hori urteetan zehar egindako lanaren emaitza da. Hori Gazte Zerbitzuarekin betebehar bezala ulertu dugu beti; hori da gure lana, jende gazte guztiarengana hurbiltzea eta harreman hori planteatzea. Hasieran interlokuzio hutsa zena, orain jada proiektuak aurrera eramateko tratuak dira. Hala ere ez da erreala esatea talde guztiekin koordinazio bat sortu denik. Hori lortzea zaila da, eta ez dakit guk administraziotik bultzatzerik badugun ere. Oso arriskutsua iruditzen zait. Guk erakutsi behar duguna zera da: gazteekin egoteko, hitz egiteko eta egitasmoak aurrera ateratzen laguntzeko borondate argia. Pauso hauek guztiak hain dira garrantzitsuak gazteek eurek definitu behar dutela nola eta noiz nahi duten hori gertatzea. Eta guri tokatzen zaiguna prozesu hori zaintzea da”. Hipolitoren ustetan arriskutsua da mugimendu artifizialak sortzea, gazteek benetan sentitzen ez duten ekimen batean indarrak alferrik xahutu daitezkeelako. Eta hori izan daiteke administrazioaren tentazioetako bat. Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari eta Aldundiko Kultura teknikari Frantxis López de Landatxe zentzu horretan ausartago da: bere ustez administrazioaren eginbeharretako bat bada, hain zuzen ere, gazte sortzaileak elkartzea eta euren arteko harremanean dinamizatzaile izatea.

.
EKIMEN PRIBATUAREN BI ALDERDI

Ekimen pribatuak nola eta zein helburuz jokatzen duen jakitea ere interesgarri da administrazioko teknikarien lanerako, horiekin ere egin behar duelako lan, eta askotan ez da jakiten kolaboratzaile behar duten izan edo lehiakide. Kontsumoaren esparruan ekimen pribatuaren jardun eremua zein den eta administrazioarenak zein izan beharko lukeen eztabaidatzea interesgarria da. Ekimen pribatuak nola egiten duen lan eta administrazioarekin zein harreman duen bi promotore eredu oso desberdinen bitartez agertu zen.

Iñigo Argomanizek zuzentzen duen Get-In enpresak kontzertu handiak antolatu ohi ditu, bai hemengo taldeekin, bai nazioarteko talde handiekin. Bere ustetan tankera horretako kontzertuak egiteko ekipamenduak onak dira Gipuzkoan, “Europako leku onenetakoa da” haren ustez. Baina pop eta rock musikarekin
gazte musikarekin oro haradministrazioak ez omen du behar adina begirunerik agertu, ez behintzat musika klasikoarekin, jazzarekin edo folkarekin izan duena adina. Gaur egun, administrazioaren lana babesle edo esponsoreak hasi direla betetzen argi ikusten du; eta horiei esker kontzertu erraldoiak egitea errazago zaio ekimen pribatuari. Baina horrek ez die bertako talde txikiek dituzten arazo eta larritasunei konponbiderik batere ematen. Azken batean, merkatuaren munduan errentagarritasuna baita lege nagusia.

Joxe Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsak disko eta sustapen etxeko kidea da. Diskoetxe horrek euskaraz diharduten taldeekin egiten du lan, eta azpimarragarria da produzitu, grabatu, banatu eta promozionatu, dena enpresak egiten duela. Musikaz gain, literaturari ere egiten dio lekua. Azken batean kulturarenganako zaletasunak bildutako lagun talde baten ekimena baita. Ez da inor lan horretatik bizi, baina gutxienik dirudik ez galtzen saiatzen dira. Izan duten esperientziak esaten die udalekin harremana gorabeheratsua dela. “Palazioaren eta herriaren arteko harremana konplikatu” egiten dela dio Xarrak. Gainera probintziaren eta hiriburuaren artean dagoen diferentzia nabarmena dela uste du, bai dinamika aldetik
hiriburuan askoz gehiago programatzen delako, eta baita azpiegitura aldetik ere. Zentzu horretan Argomanizek izan dezaken ikuspuntuaren ifrentzua agertzen du Xarrak. Modu berean uste du bertako musikariek hiriburuan aukera gutxiago dituztela jotzeko. Beste arazo bat kontsumo joerena da. Gazteen kontsumoa oso
bideratua dagoela dio, eta horrek, neurri batean, bestelako kulturari, bertan hasi eta produzitzen denari, ateak ixten dizkiola.

Argomaniz makromerkatu batean mugitzen da, eta Xarra mikromerkatu batean. Bata hiriburuan, eta bestea probintzian zehar. Bata talde handiekin, eta bestea txikiekin. Bata enpresa bat da, eta bestea batez ere lagun talde bat. Bi ikuspuntu arras desberdin dira, baina merkatuaren errealitatea ezagutzeko osagarriak.

.
KULTURA ETA KONTSUMOA

Merkatuaren aurrean zer paper jokatu behar du administrazioak? Hori da hurrena sortzen den galdera. Kultur kontsumoen eremuan administrazioak zer betebehar duen kezka iturri gisa agertzen da. Landatxeren ustea da merkatuak markatzen dituela kontsumorako bideak, eta horretarako ez duela administrazioaren laguntzaren beharrik. Are gehiago, administrazioak beste produktu mota batzuen kontsumoa bultzatu behar duela uste du. Roger Martinezek, berriz, berebiziko garrantzia ematen dio kontsumoari kulturaren balio soziala osatzerakoan. “Administrazioak
kontsumoan parte hartzea garrantzitsua da batik bat bi rrazoirengatik: batetik, kontsumo gaitasun desberdinak ekiditeko. Jende guztiak ez du aukera bera eta administrazioak aukera 40hori bermatu behar du. Liburutegiak dauzkan bezala, merkatuko liburu guztiekin, diskoak eta musika ere eskaini beharko lituzke. Bestetik, berriz, kontutan izan behar dugu kontsumoaren bitartez sortzen direla kultur geografiak deitu daitezkeenak, eta horiek kultura tradizional berri bat sortzen doazela. Pop kultura, demagun. Horregatik funtsezkoa da tradizio berri horiek gazte jendearen eskuetan jartzea; hori bai, begirada askoz kritikoago batetik iragazi eta gero. Horixe baita merkatuak eskaintzen ez duena; merkatuak berehalakotasuna eskaintzen du, une bakoitzean gehien saltzen den hori. Ez besterik. Subjektuen eta kontsumo objektuen arteko harremana sutilagoa eta konplexuagoa izan dadin bultzatu beharko luke administrazioak
”. Landatxek administrazioaren akatsetako bat bere jarduna saltzen ez jakitean ikusten du; ez du asmatzen marketinean, “eskaintzen duguna ez da ezagutzen behar adina”. Eta horregatik du hain eragin txikia kontsumo masibotik kanpo geratzen den sentsibilitatean eta halako arrakasta txikia merkatuan kontsumogai jartzeko unean.

Eibarko Udaleko Kultur teknikari Jose Luis Gonzalezek esparru honetan ez ditu gauzak oso garbi ikusten. “Azkenaldian apur bat galduta ote gauden iruditzen zait. Ez dakigu oso ondo zein den gure papera. Ni beti ondorio berera iristen naiz: hemen merkatua deitzen den kontu bat dago eta merkatuak oso garbi ditu bere estrategiak eta horixe da gazteen gehiengoak kontsumitzen duena. Zer espazio geratzen zaigu hor? Nire eguneroko lanean zera egiten saiatzen naiz: kontsumo modu zuzenak bultzatzen. Gazteak kontzertuetara, antzokira joan daitezen bideak errazten... Baina ez dakit hori ote den nire egitekoa, edota ekimen pribatuaren aurrean amore eman beharrean ote gauden”.

Beraz zer eskaini behar du administrazioak? Merkatuak inposatu eta gazteek nahi duten hura? Edo bestelako proposamenak? Foru Aldundiko Kultura teknikari Lide Aranaren kezka ere bide beretik doa. Euren buruhauste handiena antolatzen dituzten ekitaldietara gazteak nola eraman asmatzea da; zergatik ez doazen jakitea.

Kulturak duen testuinguru ekonomikoa eta kontsumo moduen gaia eztabaida iturri da. Izan ere testuinguru ekonomiko horrek, merkatuak eta kontsumoak, baditu bere legeak, badu bere dinamika, eta gainera badu izaera dirigista bat ere. Horren aurrean administrazio publikoak bere postura zein izan behar duen ez duela argi uste du Artelekuko zuzendari Santi Erasok. “Askotan ahaztu egiten gara kulturaren izaera ekonomiko horretaz. Kontua da ingurune horretan, kontsumoa dela medio, gizarte harremanak sortzen direla eta harreman horietatik sortzen dela kultura”. Roger Martinezen diskurtsoarekin bat dator, soziologo katalanari ‘kontsumitzen dut,beraz banaiz’ maxima gero eta benetakoagoa dela iruditzen aitzaio. “Kontsumoaren bitartez jartzen dira harremanetan gazte batzuk besteekin. Arropa, musika, gaueko lokal, zinema eta beste kontsumituz osatzen dute euren identitatea, eta talde bateko kide egiten dira, sozializatu egiten dira, eta hortik sortzen dira kulturaren geografia sozialak”. Martinezek ongi dioenez, kultura ez da sormenaren objektu hutsa, artelana, kantua... baizik eta objektu horren kontsumoak sortzen duen jende sarea, are gehiago gazteen artean.

Administrazioak orain 50 urte bezala jarraitzen duela funtzionatzen uste du Santi Erasok, eta merkatuaren egoera, berriz, izugarri aldatu dela. “Pauta zahar hori krisian dago. Efektu berri eta nahasgarriak sortu dira eta ez dakigu nola erreakzionatu”. Adibidetzat berriki gertatu den enpresa handien fusioa jartzen du. “Unibertso sinbolikoa bahitua dago irudiaren eta kulturaren korporazio handi horien barnean. Fusioak ondorio handiak ekarriko ditu kulturara, eta uste dut administrazioa ohartu ere ez dela egin. Funtsezkoa da geure burua berriro pentsatzea, administrazio garen aldetik gure funtzioa berraztertzea. Ez gaitezen engainatu, FNAC batean gazte gehiago biltzen da bere aisialdi denboran kultur etxe batean baino”. Beste modu batera lan egiteko bitartekoak topatu behar direla oso argi du. “Obligazio morala dugu administrazio eta funtzionariook gure papera zein den birpentsatzeko eta erabakitzeko. Jokatzeko lekurik uzten ez digun errealitate ekonomiko horri aurre nola egin sumatzen hasteko. Merkatuak ez du lekurik uzten ez artearentzat, ez sormenarentzat. Dena da kontsumo azkarreko kultura. Tarteko espazioak landu behar ditugu, esaterako, kooperazioa bultzatu elkarteekin, gizarte zibilarekin. Gizartea aldatzen ari da. Enpresak aldatzen ari dira, sarean egiten dute lan, ez hainbeste jabego pribatuaren balorearekin, eta horrek ekonomia berri bat dakar eta administrazioak erantzunak eman behar ditu paisaia uniforme bat ez dadin nagusitu, beste ahots batzuk eta beste paisaia batzuk egon daitezen. Eta ahots diodanean gizarteak dituen proiektuetaz ari naiz”.

.
ADMINISTRAZIOA MERKATUKO LEHIAN

Jose Luis Gonzalezek oso analisi gordina egiten du. “Antza, administrazioa oso erratuta dabil. Gazteak prest daude 20.000 pezeta ordaintzeko kontzertu jakin baten errebentan, eta gu oraindik eurekin zein komunikazio bide izan behar dugun eztabaidatzen ari gara”. Merkatuaren indar erabateko horren aurrean kezka bat sortzen zaio Gonzalezi: “Administrazioaren lana etorkizuneko sortzaileak bultzatzea da, baina gero multinazional batek jaten baditu, zer zentzu du gure jardunak?”. Galdera interesgarria,inondik ere; esaterako, Lopez de Landatxek aipatutako bestelako publikoak, bestelako kontsumoak bultzatu beharra ezerezean gera daitekeelako. Foru Aldundiko Gazte Zerbitzuko buru Patxi Agiriano beldurrak uxatu beharraz mintzo da. “Beldurra galdu behar dugu, eta gure egitekoa zein den ikusi eta zehaztu. Administrazioak merkatu bazterretan egin behar du lan, interesgarri diren elementuak eskaintzeko, beste alternatiba batzuetan gazteak hezteko. Egia da, hor zalantza sor daitekeela: zertarako lan egin gero merkatuak irensten badu? Beldur hori badugu, baina ez dakit oso arrazoizkoa ote den. Adibide argi bat: administrazioak kirol alorrean kulturan baino askoz diru gehiago inbertitzen du, eta gainera kirolaren eremu horretan merkatu pribatua kulturan baino askoz aberatsagoa da, eta hor inongo teknikaririk ez du beldurrik ez kezkarik agertzen. Gipuzkoan milioika pezeta inbertitzen dira kirol azpiegituretan
nahiago genuke azpiegitura neurri berbera izan kulturarako! eta Erreala negozio biribila da. Baina inork ez du guk kulturaren alorrean planteatzen dugun eztabaida plazaratzen, alegia, ea administrazioa merkatu pribatuaren mesedetan ari den edo ez. Baina gu, aldiz, askoz egoera kaskarragoan gaudenean, taldetxo bat aurrera ateratzen ari dela ikusi eta izutu egiten gara: zerbait izatera iritsiko bada, merkatuak jango badu, zergatik egin behar du administrazioak bere alde, gero ez badio etekinik batere itzuliko? Hori ez da pentsatu ere egiten beste esparru batzuetan. Ausardia izan behar da: jarrera baikorrarekin sortu, produzitu eta kontsumitu. Eta ahalik eta urrutien iritsi daitezela guk lagundutakoak”. Zer egin behar dugu jendea mugitu eta gauza berriak egiteko gogoa izan dezan? Hori da gakoa Agirianorentzat. “Ez dugu asmatu administrazioa, eta bereziki gizartea, azpiegitura sozio-kulturalen sare eder baten beharraz konbentzitzen”.

Gonzalezek beldurra beste parametro batean kokatzen du: “Gure ekintzak multinazionalen aldean ezerezean geratzen dira. Ilusioa sortu, parte hartzea bultzatu eta kultur kontsumo jakin batzuen ohitura sortzeko jardun horretan gero eta galduago gaude. Gazteak beldurrik gabe sostengatzen ditugu. Beldurra zera da: poliki-poliki dena goitik behera etortzen zaigula eta gu behean ari garela lanean, eta ez dakit inozokeria ez ote den gazteekin adostu, gazte elkarteekin hitz egin eta demokrazia egin behar hori, enpresa handiek horrelakorik batere egiten ez dutenean eta beti irabazten irteten direnean”.

Get-In etxeko buru Iñigo Argomanizek argi du beldurra ez, harrotasuna izan behar duela administrazioak harrobi lana egiteagatik. “Administrazioak sorkuntza bultzatu behar du, baina trukean ezer jasotzea espero gabe. Orain administrazioak egiten duen produktore lan hori, gero gazte batzuek egin dezakete. Administrazioak sortzaileak bultzatu eta enpresariak eta esparru hori koordinatuko duen jendea lagundu beharko lituzke”.

Administrazioaren betebeharraren zehaztasuna Aldundiko Gazteria Zerbitzuko teknikari Josean Castañok ematen du: “Agian Gazteria sailek abantaila dugu Kulturakoen aldean, gure azken helburua ez delako gero saldu beharreko objektu bat egitea, baizik eta prozesua bera. Eta hor lan egiteko espazio handi bat dugu, nahiz ez jakin oso argi norantz doan prozesu hori. Espazioa dugu gazteek kultur sorkuntzan hasteko bitarteko batzuk izan ditzaten. Musika egiteko gazte mordoa biltzen da, esaterako. Bada, hara hor non dugun espazio bat! Horiei laguntzen. Beste espazio bat merkatuak eskaintzen duen globaltasun horren aurrean lokaltasuna lantzean datza. Maila lokalean lan egitea gure espazioa da”. Ideia horien adibide konkretua Patxi Hipolitok dakar. “Gure kasuan, gure maila udalerrian kokatzen da, bertan ditugun sortzaile taldeen maila berean. Gure helburua talde horien helburuen maila berean jartzen dugu. Zer egin nahi duten eta noraino iritsi nahi duten. hori da gure jardunaren espazioa. Garrantzitsua da gazteei lehenengo CDa grabatzen laguntzea, gazteentzat eurentzat garrantzitsua delako. Behar hori erabat erreala da eta herrietako gazteek dituzten helburu errealak buruan ditugula egin behar dugu lan”.
.