![]() |
TXOSTENAK: Mikel Lizarralde - Egunkariako Barkatu Ama gazte gehigarriko arduraduna Aritz Usandizaga - Entzun!aldizkariko kidea Itziar Alduntzin - Euskadi Gaztea irratiko esataria Alberto Irazu - Gaztetxulo aldizkariko arduraduna . |
|
Gazte kulturaren egoera zertan den ikusteko komunikabideetako gazte informazioaren egileak funtsezko aztarnariak dira. Sormen eta dinamika handiko gazteak daudela, nola herri txikietan hala hirietan, baieztatzen dute mahainguruan izandako lau kazetariek. Gaur egungo kultur sorkuntzaren ezaugarri dira gero eta kultur erreferentzia gehiago izatea, eta teknologia berriak kontrolatzea, Mikel Lizarralde Egunkariako Barkatu Ama gehigarriko arduradunaren iritzian. Lizarralderekin bat datoz Aritz Usandizaga Entzun aldizkariko kidea, Alberto Irazu Gaztetxuloko kidea eta Itziar Alduntzin Euskadi Gaztea irratiko esataria. Era berean, laurak aho batez diote, hutsune nabarmenena difusioan agoela. Nolabait, azaleratzen dena baino askoz gehiago sortzen dela.Izan ere, ez da erraza proposamenak nork bere kabuz ezagutzera ematea: jotzeko aukera izatea, erakusketak egitekoa, edota lanak publikatzekoa. Eta, agian, hori da administrazioaren aldetik zaindu behar den alderdi bat, beti ere sormena eta produkzioa ahaztu gabe. Difusioa bultzatu, merkatuaren sare erraldoi horretan sartu, edota azpimerkatuak eta azpisareak sortu, edota merkatutik kanpo geratzen den sistema bat eratu: aukera anitz izan daitezke, baina sormenari irtenbidea eman behar zaio bere horretan itoko ez bada, kazetariek diotenez. Difusioa, sormena bezalaxe, azpiegiturekin oso lotua dago. Ideiak non eta nola garatu da lehen urratsa, eta gero hori jendearen aurrera ekarri. Horretarako dira egokiak gazteentzako lokalak, esaterako. Hau da, dela Gaztelekua, dela aztetxea, tailerrak, erakusgela, oholtza edukitzeaz gain, garrantzitsua da informazio trukerako lekua izatea: informazioa jaso eta emateko, bai bertan biltzen direnen artean, baita internet dela medio egin daitezkeen kontaktu eta sormenezko produktuen sareratzearekin. Horren haritik dator, komunikabideetako kide guztiek azpimarratu legez, kolektiboen garrantzia, edota kolektiboki lan egiteko aukera izatearen garrantzia, sortzaileek ere onartzen duten modu berean. Difusioaren atal horretan, administrazioak badu zeresanik, neurri batean administrazioaren egiteko nagusietako bat merkatutik at geratzen diren kultur sorkuntza propio horiek zabaltzea baita, merkatuaren legeetara makurtu gabe; hau da helburu lukratiborik gabe, sentsibilitate berri eta txikiak ezagutzera emateko bokazioaz baino ez. Mahaingurura bildutako komunikabideetako ordezkariak, gazte sortzaileen eta administrazioaren arteko harremana aztertzerakoan, nahikoa kritiko agertzen dira administrazioarekin. Horretarako arrazoiak bi izan daitezke: bata, iragan ez oso urrunean hainbat gaztetxeren sorreraren inguruan gazteekin herri askotan gertatutako talka latza; eta bestetik badagoelako administrazioko gazte alorreko langileen eta komunikatzaileen artean dezenteko ezagutza falta, biak ere esparru eta interes berdinekin jokatuta ere, elkarri bizkarra emanez egiten dutelako lan. Eta horren adibide sinpleena da, jardunaldiotan bildutako gazte eta kultura alorretako teknikariak eta kazetariak elkarrekin hitz egitera bildutako lehenbiziko aldia dela. Sortzailearen autonomia eta kolektiboen lana errespetatzea, erabakiguneen zehaztea, utogestioa... kontzeptu ugari, eta eztabaida sakonagoa eskatu dezaketenak agertzen dira administrazioa gazteak gaia mahai gainean jarri orduko. Usandizagaren iritzirako,esaterako, administrazioaren lana ez da kontrolatzea, baliabideak gizartearen eskura jartzea baizik. Bai Irazuk eta bai Lizarraldek uste dute, ekintza guztiak ez direla elkarrekin egin beharrekoak. Baina, hala ere, elkarrizketa bideak beti eduki behar dira zabalik; iritzi trukaketak ez du etenik izan behar. Gazteen ekimenei noraino eman bidea kontrolatu gabe, edota noraino bideratu. Horixe da, behin eta berriz, agertzen den korapiloa. Eibarko Kultura teknikari Jose Luis Gonzalezek hortxe du kezka: edozer ez baita berez onargarri, eta batzuetan ezta posible ere. Oraindik ere gazteek diskurtso marjinala erabiltzen dutela uste du Artelekuko arduradun Santi Erasok: administrazioak mesfidantza handiak dituela gazteen aurrean, trabak jartzen dizkiela... eta horren aurrean elkarrizketa dela bidea. Hori guztia oso ondo ikusten du, baina zaharkitua dagoen diskurtsoa iruditzen zaio. Elkarrizketarena nik egiten dudan zerbait da, elkarlana bultzatzen dut, gero eta gehiago gainera. Administrazioa guztiok gara, eta aldatu beharrekoa denok aldatu beharko dugu. Kazetariek, esaterako, euren eremutik ere praktika bera egin beharko dute, eta elkarrizketa bideak zabaldu. Administrazioa ez badugu guztion artean egiten sistema gaixo bat ari gara sortzen. Oñatiko Gaztelekuko buru eta gazte teknikari Patxi Hipolitok ere, egoeraren erantzukizuna erdi bana administrazioaren eta gazteen artean zatituko luke. . |