TXOSTENAK:

Koldo Almandoz - Zinemagilea
Jasone Osoro - Idazlea
Imanol Ubeda - Musikaria
Jon Manzisidor - Artista

.

Gazte sortzaileak dira, azken buruan, gogoeta hauen guztien protagonista. Eta interesgarria da, batetik, ikustea nolatan heldu zioten sormenaren bideari. Imanol Ubeda musikaria, Jasone Osoro idazlea, Jon Manzisidor artista eta Koldo Almandoz zinemagilearen kasuetan berezko bokazio bati erantzunez abiatu ziren sormenaren munduan; lehenengo bien kasuan etxeko giroaren eragina nabarmena izan da. Esan behar da inor ez dela bizi sormen horretatik, ogibidea beste bat dutela. Kontua da, denek ere, lehen urratsak beren kasa eman dituztela, administrazioak eskaini ditzakeen laguntza, topaleku edo abiatzeko baliabiderik erabili gabe. Baina gauza bat sormenean abiatzea da, eta beste bat, gaitzagoa, hura egia bihurtu eta irtenbide bat ematea.

Imanol Ubedak dioenez orain hamar urteko egoera eta oraingoa ez dira berdinak. Orain badago herri gehienetan musika talde gazteekiko sentsibilitate bat, eta lehen baino errazagoa da entsaiuetarako lokal bat lortzea. “Guk lagunartean egin dugu aurrera hasiera-hasieratik. Etxekoen laguntzarekin hasi eta gero baserriko ukuilu bat alokatu genuen entsaiatzeko. Ondoren zirkuitu alternatiboan sartu ginen eta horri esker hasi ginen han-hemen jotzen. Hori oso garrantzitsua izan zen. Orain sumatzen dugu harrera egiteko beste modu bat, bai zaletuen aldetik, bai administrazioaren aldetik. Zorionez, orain beste garai batzuk bizi ditugu. Orduan herriko agintarien artetik konfiantza gutxi topatu genuen, eta ez zen erraza izan aurrera egitea”. Musikaren egoera ona azpimarratzen du Ubedak, eta euskal musikaren industria bat ere sortu dela uste du. “Talde asko daude, estilo guztiak onartzen dira eta gero eta errazagoa da musika grabatzea. Uste dut demokratizatu egin dela kontua dezente, nahiz eta horrek masifikazioa ere ekarri duen. Baina hori ez da txarra, entzuleak edo kontsumitzaileak jarriko du gero norbera bere lekuan”. Izan ere, oztopo nagusia, difusioan, merkaturatzean dagoela uste du honek ere. Difusioan lan asko egin daitekeela uste du, “bai atzerrian, baina baita etxean ere”, izan ere taldeen kalitatea eta proposamen aniztasuna oso handia baita.

Jasone Osorori etxean piztu zitzaion irakurzaletasuna eta ondoren idazteko gogoa. Egunkarian argitaratu zioten ipuin bat izan zen guztiaren hasiera. Horren ondotik jaso zuen liburu bat idazteko eskaintza. “Niretzako nahiko erraza izan da aurrera egitea, zortea izan dut”. “Literatura sortzeko, egia da, oso gauza gutxi behar da berez, baliabideei dagokienez, baina interes hori itzaliko ez bada bakar-lana ez da nahikoa”, dio Osorok. “Jende asko dago idazten duena, bakar-lan hori egiten duena. Baina beste kontu bat da nola bideratzen den indar hori guztia, nola estimulatzen den, are teknologia berrien garaiotan hitzaren gainetik, antza, irudia gailendu denean. Kolektiboak oso garrantzitsuak dira, zeren behin unibertsitaterako bidean lagatzen zoaz literatura idazteko grina hori, baina lagun talde bat baduzu horrek asko laguntzen du. Hitz egiteko, lanak trukatzeko eta irakurtzeko gune bat eskaintzen duelako. Sormena izatea garrantzitsua da, baina baita lan talde bateko partaide sentitzea ere”. Osoro Elgoibarko Urruzuno literatur kolektiboko kide da. Talde honek hainbat hitzaldi,errezitaldi eta ekitaldi antolatzen ditu, eta baita aldizkari bat argitaratu ere.

Jon Manzisidorrek Arte Ederretako ikasketak egin eta hainbat sari jaso baditu ere, ez du “benetako apustua egin, serio, artista izateko”. Arteak baditu bere barne arauak, mundu hori korapilatsuago bihurtzen dutenak. Esaterako, haren iritzirako zailagoa da artista izatea musikaria izatea baino. Artistari prestakuntza akademiko bat eskatzen zaio,eta rock musikariari ez. “Gainera musikan publikoarekiko harremana zuzena da, ez dago etenik, arte garaikidean aldiz ikuslea eta artelanaren arteko desfasea handia da, hemen eta leku guztietan. Uste dut heziketa kontua dela, baina hala da. Badago ez ulertze bat. Gainera artistak oso baldintzatuta gaude gure obra erakusteko unean. Parte hartu dudan lehiaketa guztietan aukeraturiko artistak eta epaimahaiko kideak ezagunak izan ditut beti. Esan nahi dut beti antzekoak mugitu garela hor. Denak inguru berekoak izan gara, eta horrek zirkulu itxi eta itsu bat osatzen du. Zaila da hor sartzea, edo zirkulu horrek indarrean jartzen dituen joerak haustea. Diru gutxi dago eta aukerak ere ez dira asko sariak irabazi edo beka bat eskuratzeko. Ez da erraza saltoa ematea. Baina hori beti izan da horrela, lehen eta orain, hemen eta kanpoan”.

Zinemaren munduak ere baditu bere lege propioak, besteak beste diru inbertsio handiak eskatzen dituelako. Koldo Almandozek zinema ikasketak atzerrian egin zituen, baina bokazioa lehenagotik zetorkion. Lehenengo film laburra Donostiako Zinemaldian erakutsi ahal izan zuen, baina gero batera eta bestera berak mugitu behar izan du. Izan ere hor omen dago arazo handiena: banaketan. “Lana katalogoetan jasotzen da, aurkeztu ere egiten da, baina gero galdu egiten da lana”. Aitzitik sorkuntza aldetik izugarrizko indarra dagoela uste du, baita tradizio bat ere. Laguntzak badaude, eta zenbait kultur etxetan baita baliabideak ere. “Administrazioa gurekin ondo portatu da baina beti a posteriori, familiaren laguntzarekin eta zuloak eginez egin ahal izan dugu lana, administrazioak ez digu lagundu hasiera-hasieratik. Ni nahiko eszeptikoa naiz administrazioarekin, baina badakit ezin daitekeela zinemarik egin laguntzarik gabe, are hizkuntza minorizatuetan lan egiten dugunok”.

.
GAZTELERAZKO ETA EUSKARAZKO KULTURAREN ARTEKO MUGA HAUTSI

Euskaraz sortzeak ba ote ditu erdaraz sortzeak ez dituen beste arazo batzuk? Galdera hori bai Ubedaren eta bai mandozen burutan dabil. Ubedaren ustetan eten erabatekoa dago euskal kulturaren eta erdarazko kulturaren artean Euskal Herrian. “Euskararen merkatua txikia da. Guk euskal hiztunen komunitatearentzako kantatzen dugu, nahiz eta edozeinentzat egiten dugun musika. Euskal Herrian ghettoetan bizi garela dirudi, euskal musika euskaldunontzat bakarrik egiten dugula. Mugak egon gabe ere muga handiak daude. Erdal hiztunen artean, ziur askok eta askok ez dutela euskal musika ezagutzen. Horrek kezkatzen nau”. Almandozen iritziz, berriz, hizkuntza ez da berez muga, “Zinemaldian denok emozionatzen gara Kaurismakiren filmekin. Eta nik erakutsi izan ditut nire lanak Australian eta Finlandian”. Arazoa hizkuntzan baino banaketan dago, eta banaketa ezaren azpian interes falta ere egon liteke. “Kontziente izan behar dugu kultura zenbatek kontsumitzen duen, are euskarazko produkzioa denean. Euskaldunok milioi bat gara baina zenbatek erosten du euskal liburu bat?”.

“Koldok galdetzen du ea zenbat euskal liburu saltzen diren, zenbat disko –dio Ubedak–. Baina Euskal Herrian dauden erdal medioek zer tarte eskaintzen diote euskarazko sorkuntzari? Jaialdi erraldoiak antolatzen direnean zergatik ez da euskal musika existitzen? Promotoreek zenbateraino egiten dute gure alde? Hor administrazioak zubi lana egin beharko luke, esaterako, promotoreak inplikatzen talde handiekin batera hemengo taldeak programatzeko”. Azken batean, Frantxis López de Landatxek planteatzen duenean merkatuak eskaintzen ez duen hura eskaini behar duela administrazioak, edota administrazioaren jardun eremuak ezin direla izan promotore pribatu batenak berak, bestelako sentsibilitate batzuen kontsumoa bultzatu behar duela minoritarioak izanik ere, markatzen du bide bat bai Almandozek eta bai Ubedak aipatutako bi eremutan gauzatu daitekeena: bertako produkzioak bultzatzearena Euskal Herrian bertan –euskarazkoa bereziki
, eta musikaren kasuan promotoreak konprometi araztea atzerriko kontzertu erraldoietan
hemengo talderen bat programatu dezaten.

.
TEKNOLOGIA BERRIAK MENDERATU BEHARRA

Teknologia berrien gaiak badu zeresanik sortzaileen artean. Izan ere, sorkuntzan eta kontsumoan modu berriak ekarriko dituela, edota hobeto esanda, dagoeneko ekarri dituela uste dute sortzaileek. Teknologia berrien eraginez musika egiteko, zabaltzeko eta kontsumitzeko modu berriak jada gainean ditugula uste du Ubedak. Eta modu berri horiek denon eskura jartzea oso garrantzitsuairuditzen zaio. “Musikaren industria bidegurutzean dago. Ekonomia berri bat sortuko da, eta oso adi egon beharko dugu, bereziki hizkuntza minorizatuetan kantatzen dugunok”. Artean izango duen eragina ere bistakoa da. Manzisidorren iritziz “artearen sormena multidiziplinarra da aspaldidanik, eta artistak edozer baliatzen du sortzeko. Internet obrak zabaltzeko orduan lagungarri dela uste dut, eta lehen aipatu dudan zirkulu itsu hori gainditzen lagun dezakeela. Ez dakit internet erabat demokratikoa izango den edo ez, baina aukerak asko handitu ditu dagoeneko, bitartekariak desagertu direlako. Dagoeneko badaude berariaz Sarerako sortzen dabiltzan artistak”.

Zineman teknologiaren eragina bistakoa da. “Produkzioa asko merketu du,eta gainera irudiaren kalitate hobea eskaini eta prozesua azkartu du. Kamera digital bat eta ordenagailu banahikoa dira lanean hasteko”. Dena den, denek argi dute ez dela gauza bera, eta ez dela izango ere,interneten musika entzutea edota zuzeneko kontzertu batera joatea.

.
ADMINISTRAZIOA EKIMEN PRIBATUA BEZAIN PROFESIONALA IZAN BEHARRA

“Ekimen pribatuaren aurrean gu babestea, bultzatzea”, erantzuten du Ubedak administrazioaren eginbeharraz galdetuta. Ez badu orokortu nahi ere, udaletako teknikariak askotan “bunkerizatuta” bizi direla uste du. “Egin behar ez duena da oztopoak jarri, aldiz azpiegiturak eraiki, areto egokiak hornitu, errentagarriak edo masiboak ez diren proposamenei lekua egin... Batzuetan enpresa pribatuek bezala jokatzen du administrazioak, diruaren bila doala, eta sortzaile gazte askok ez du gaitasunik sortzen dituen gastuak berreskuratzeko ere. Uste dut gastu hori administrazioak asumitu beharko lukeela”.

Osorok ere ekimen pribatuarekin alderatzen du administrazioa baina beste ikuspuntu hagitz interesgarri batetik: “Zenbait kasutan administrazioak ekimen pribatuak bezala jokatu beharko luke, ez helburu lukratiboekin baina bai antolatzen eta egiten dituen ekitaldietan sinestuta eta horiek saltzeko eta promozionatzeko gogoarekin. Profesionalagoak izan beharko lukete hainbat kasutan”. Literatur lehiaketak ditu aipagai Osorok, non sarritan liburuak argitaratu bai, baina gero apenas banatzen diren eta inork ezagutzen ez dituela sotoetan geratzen diren.

Artearen munduan laguntzak ematea ondo ikusten du Manzisidorrek, baina arazoak difusioan egonik, uste du, publikoa hezteko programak bultzatzea ekimen interesgarria izan daitekeela arte garaikidearen eta ikuslearen arteko leizea txikitu dadin. Zinema, industria baino, sormen artistiko bezala hartuz gero alferrik da ekimen pribatuarengana joatea Almandozen esanetan. “Administrazioaren eremua da hori bete-betean. Proposamen artistiko horiek bultzatu beharko lituzke, txikiak direnak. Gaur egun ez da hori gertatzen, zeren lehenik eta behin enpresa bat izan zaitezen eskatzen dizute, eta bestetik promotore handiek aukera handiagoak dituzte diru laguntza bereganatzeko. Hori saihestu behar du administrazioak, azken batean denok ordaintzen dugulako eta, berez, proposamen guztiek izan behar dutelako aukera”.

Bestalde, administrazioaren babes falta nabari du, jarraipenean esaterako. “Sarritan, dirua banatu eta kito. Hortxe geratzen da bere lan guztia. Interesa izan beharko luke sortzaileak ezagutzeko, eta zertan ari diren jakiteko. Hurbildu egin behar du, eta harreman naturalagoak izan sortzaileekin”.

.
ONDORIOKO MODURA

Harreman naturalago hori izatea, hurbiltze hori ahalbidetzea, dagoeneko gertatu dela esan daiteke, jardunaldi hauek administrazioak, teknikariek, kazetari espezializatuek, sortzaileek eta promotore pribatuek elkar ezagutzeko aukera, bederen, eman baitute. Lehen urratsa egina dago. Prozesua abian jarri izana baita lehen urrats garrantzitsu hori. Baina ondorio modura hainbat ideia interesgarri laburbiltzea beharrezkoa da. Esaterako, administrazioaren aldetik gazteekiko harremanetan forma demokratikoak erabili beharra funtsezkoa da. Horrek gazteen parte hartzea bultzatzeko bideak jartzea eskatzen du. Eta horrekin batera gazteek euren ekimena aurrera eraman dezaten azpiegiturak finkatzea. Bereziki azpiegitura edo parte hartzearen errebindikazio hori baldin badago. Horixe izango litzateke administrazioaren egitekoaren ideia nagusia. Hori zertan gauzatzen den zehaztea ez da gauza erraza. Baina administrazioaren lan egiteko era azken urteetan aldatu egin dela begi bistako da. Eta aurrerantzean gehiago aldatu beharko duela ere bai. Administrazioak gizarte zibilarekin harremanetan egin behar du lan, zubiak eraikiz. Eta hori da gero eta gehiago indarra hartzen ari den formula, eta aldi berean gero eta gehiago eskatzen dena. Era berean, gizarte zibilak duen administrazioaren irudia ere aldatu beharko du, joan-etorriko harremana baita, elkar elikatu behar dena. Izan ere, administrazioa, izan, guztiak gara.

Bestalde, filosofia horretan gain, egia da, administrazioaren esku hartzeko eremua ez dela ez neutrala, ez garbia. Batetik, gazteekiko harremanetako berezko ‘zailtasuna’ dago, baina bestetik merkatuan, edo merkatuaren itzalean bederen, lan egin beharra. Zer paper jokatu behar du administrazioak dena irensten duen kontsumo-merkatuaren aurrean? Zein da administrazioaren espazioa? Kezka hori sakon plazaratu dute bai teknikariek, bai kazetariek eta baita gazte sortzaileek eurek ere. Oro har, ondorioa zera izan da: administrazioak merkatuak eskaintzen ez dituen beste ahots horiei eman behar diela laguntza. Inguruko gazte sortzaileen ahotsari promozioa eta zabalkundea ematea bete-betean sartzen da helburu horretan. Eta hori da administrazioaren egitekoetako bat, sormenerako azpiegiturak sortzeaz gainera.

Behin lehen urratsa eginda, elkar ezagututa alegia, hitz egindako eta hausnartutako guztiak zentzu bat har dezan, elkarlana bultzatzen jarraitu behar da; hau da, biltzen, hitz egiten, proposamenak adosten eta dinamikak sortzen segitu behar da. Hori baita abian jarritako prozesu honek eskatzen duen hurrengo urratsa.
.