|
|
Gazte sortzaileak eta administrazioa nola lotzen, uztartzen, ezkontzen edo aldentzen diren aztertzea du xede txosten honek. Aztergai honen ondorioetarako, gazte sortzaileak irakaskuntza araututik kanpo kokatu ditugu, nahiz eta badakigun musika, arte, antzerki eta beste diziplinen artistiko batzuetako ikasketak ematen direla eskola askotan nahiz akademia edota zentro berezietan. Nolabait sormenaren mundura amateur modura hurbiltzen den gaztea hartu nahi izan dugu protagonistatzat, eta hurbiltze horretan administrazioan propio gazteentzako dauden politikak, azpiegiturak eta programak lagungarri dituen ikusten saiatu gara. Hezten al da gazte sortzailea azpiegitura publikoetan? Ba al du nahikoa azpiegitura eskura? Ba al du laguntzarik sormenaren lehen urrats horietan? Behar al du? Iristen al da administrazioaren ekimena gazteengana? Etenik baldin badago, zergatik dago? Nola konpon liteke? Galdera asko egin dizkiogu gure buruari txosten hau abiatzerakoan. Erantzuna ez dute denek jaso lana amaitu denean. Baina urratsak egin, egin dira. Eta beren txikian ez nolanahikoak gainera.Horretan garrantzi berezia izan du abian jarritako lan prozesuak. Oinarrizko txosten bat osatu zen lehenbizi hainbat aditu eta inplikaturen iritziekin. Txosten hori oinarri hartuta, jardunaldiak antolatu ziren Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, 2000ko azaroan. Nolabait, gazteak eta kultura esapideak biltzen duen eremu definigaitz hori nola edo hala definitzea izan da jardunaldien lehen helburua, alegia: nor garen eta zer arazo ditugun gure artean argitzea. Horretarako teknikariak, gazteak, kultur promotore pribatuak eta gazteriaren alorreko kazetariak bildu ziren goiz eta arratsaldeko maratoi batean. Lehenengo emaitza erraz iritsi zen: elkar ezagutzeko aukera izan zuten eta arazoak planteatzeko parada ez zen alferrik galdu. Izan ere, lehenbiziko txostenak ondorioztatu zuen legez, elkar ez ezagutzea dute gaitz larriena administrazioak eta gazteek. Eta hori saihestea ezinbestekoa da, benetan gazteentzako politikak eraginkorrak izango badira eta gazteek ekipamendu publikoak bere egin eta edukiz jantziko badituzte, azken batean gazte sortzaileen inguruan dinamika aberatsa sortu dadin. Gazte kulturaren eta administrazioaren arteko harremana aztertzeko helburuz antolatutako jardunaldietan, oro har, bi gai nagusi ibili ziren hitzetik hortzera: bata gazteen eta administrazioaren arteko harremana, eta bestea, merkatu eta kontsumo joeren eta administrazioaren arteko harremana. Bi gai handi horien oinarrian administrazioaren definizioaren auzia dago: nola jokatzen duen eta nola jokatu beharko lukeen; zein den teknikarien papera, zer eskaini behar dion gazteari; zer harreman izan behar duen gizarte zibilarekin; zein den bere lekua kultur kontsumoa merkatuaren legeetara lerratzen ari den garai hauetan. Adar ugariko gaia da inondik ere, eta, beraz, eztabaidaren mamira gerturatzeko helduleku baliagarri asko dituena. Jardunaldietan zehar adostasunak eta desadostasunak izan dira. Administrazioaren papera aurpegi desberdinetatik aztertu da, bai eta maila desberdinetatik ere. Herri edo probintzia mailako teknikariaren lan esparrua zehazteko saiakera interesgarriak egin dira. Baina bat, eguneroko maila lokaleko lana da, gazteekin eta gazteentzat egin beharrekoa. Eta bestea, berriz, gero eta basatiagoa den kulturaren kontsumo merkatuaren aurrean administrazioak duen maniobra gaitasun txikia. Bi eztabaida gune dira, desberdinak, baina lotuta doazenak. Eta gainera kezka iturri direnak. Errealitate horretan agente diren guztiek izan dute hitza: administrazioak berak Kultura zein Gazteria alorretako teknikarien bitartez, ekimen pribatuak, gazte kulturan adituak diren batzuek, gazte informazioa jorratzen duten komunikabideek eta gazte sortzaileek eurek. Jardunaldietatik ekarpen garrantzitsuak atera dira, bereziki agente guztiak aurrez aurre izan direlako eta zuzenean elkar ezagutu, hitz egin eta eztabaidatzeko aukera izan dutelako. Eta hori emaitzak bezain garrantzitsua da prozesuaren lehen maila honetan. Hurrengo orrialdeetan jardunaldietan aurkeztutako txostenak eta mahai-inguruek eman dutena jasotzen da. Hauxe da, beraz, lehenengo urrats honen lehenengo emaitza. . |
|