Jarraian eta diagnostikoaren sintesi moduan, Gipuzkoako gazteek etxebizitza lortzeko orduan dituzten problemei buruz egindako diagnostikoaren ardatza diren alderdirik behinenak azalduko ditugu.

1. GAZTEEN ESZENATOKIA: EMANTZIPAZIORAKO BALDINTZA IZANIK, ETXEBIZITZA ESKURATZEKO DITUZTEN PROBLEMAK

Gazteek etxebizitza eskuratzeko duten problema emantzipatu ahal izateko dituzten zailtasunen testuinguruaren barruan dago. Zentzu horretan, gipuzkoar gazteek emantzipatzeko duten zailtasunik handiena edo faktorerik erabakigarriena etxebizitzaren prezio garestiarena dela agerian uzten du egindako analisiak, horrek ia ezinezko egiten baitu gehienentzat gustatuko litzaiekeen edadean baizik urte batzuk igaro arte etxebizitza bat errentan hartzea zein erostea planteatzea. Problema horrek % 90en batentzat emantzipatzeko oztoporik handiena da eta, ba-tez beste, 29 urte izan arte ez dira emantzipatzen. Faktore horrekin batera, badira izan beste alderdi gehigarri batzuk, emantzipazioa eragozten dutenak, besteak beste, ondoren aipatzen direnak:

  - Gazteen heziketa edo prestakuntza-aldia luzatzea, lan-merkatuan sartzeko orduan arrakasta izateko bermerik handienekin jarduteko estrategia ontzat harturik.

- Laneko eta ekonomia-mailako ezegonkortasuna, batean zein bestean enplegu kolokatasuna edo prekarietatea arrazoia dela.

- Jatorrizko familietan lortutako bizitza-estandarrekiko eta prestakuntza-aldi luze baten ondoren dituzten lanbide-espektatibekiko asmo erlatiboak.

2.DEMOGRAFIAKO ALDAKETAK ETA GAZTEENTZAKO ETXEBIZITZEN BEHARRA

Gipuzkoan dagoen etxebizitzaren premia tokiko higiezinen merkatuan eragina duten bi prozesurekin lotu-loturik agertzen da:












- Lur urbanizagarria urria izatea eta urbanizazioaren sendotze-maila handia, Gipuzkoako udalerririk gehienetan eraikitzeko lur egokiaren %90 ingurura heltzen dena.

- 20 urtetik 30era arteko gazteen talde ugariak adin horretara heldu izana; izan ere, higiezinen merkatuan presioa egiten ari direlarik, higiezinen merkatua “baby-boom” entzutetsu haren oldarraldiak jasaten ari dela azpimarratu behar da. 20 urtetik 35era arteko herritarren taldeen pisua, pixkanaka-pixkanaka, gero eta txikiagoa izango dela espero daiteke, 1975. urtetik aurrera izandako atzeratze demografikoarekin bat etorrita.

- Egindako estimazioen arabera, 2001-2006 bosturtekoan 21.717
etxebizitza eraiki beharko dira; hots, urtean, batez beste, 4.300 etxebizitza.

- Etxebideren datuen arabera, gazteek etxebizitza eskuratzeko 2001. urtean 6.880 eskaera egin dituzte, eskaera guztiaren % 79,5 alegia.

3. GAZTEENTZAKO ETXEBIZITZA ESKAERAREN EZAUGARRIAK

Etxebizitza eskatzen duenaren profila zehazten duten ezaugarriak honako hauek dira:
 
- Etxebizitza behar dutenen batez besteko adina, gutxi gorabehera, 27 urtekoa da; izan ere, orduantxe planteatzen diote gipuzkoar gazteek euren buruari independizatzea.

- Etxebizitza-eskatzaileen %95 okupatuta badago ere, ez da %50era heltzen kontratu finkoa duten gazteen taldea. Horrek esan nahi du, laneko ezegonkortasuna gora-behera, arrisku batzuei aurre egiteko moduan daudela, kasu gehienetan bikotekidearen babesa dutela.

- Independizatu nahia da etxebizitza-eskaerarako motibaziorik behinena.

- Hileko diru-sarrerak, batez beste, 184.000 pezetakoak izan arren, %30en batenak ez dira hilero 140.000 pezetakoak izatera heltzen.

- Amortizazio-kuota ordaintzeko hilero aurre egin ahalko lioketen batez besteko diru-kopurua 65.000 pezeta ingurukoa da, eta gehien-gehienez erosteko orduan aurre egiteko guztirakoa 16,7 milioi pezetakoa da. Etxebizitza behar duten herritarren %70en batek gehienez erosteko duten gaitasuna 19 milioikoa da. Horiek horrela, babestutako etxebizitzaren merkatura bakarrik jo dezakete.

- Etxebizitza bat eskuratzeko premia dutenen hiru laurdenek behar handi-handia edo nahiko handia dutela agertu dute, baina erdiek bakarrik, %51k, uste dute datozen bi urteetan etxebizitza eskuratu ahalko dutela.

- Etxebizitza berri bat eskuratu nahi dutenen %76k bere udalerrian bilatzen du, euren gizarte-sareei ematen dieten garrantziaren araberako kokapen zentzu errotua agertuz horrela. Behar duten etxebizitzaren tipologiak honako ezaugarri hauek ditu:

- Gazteek gutxi gorabehera 75 m²-ko azalera duen etxebizitza nahi lukete, nahiz eta ia %50en batek azalera txikiagoko etxebizitza eskatzen duen. Hori oso garrantzitsua da gazteei dauden etxebizitzen alternatibak eskaintzeko orduan.

- Gazte bat bakarrik bizi den unitateak gero eta gehiago izateko joera ere kontuan hartu behar da gazteentzako etxebizitzak eskaintzeko orduan.

- Etxebizitza izateko erregimenari dagokionez, gehien-gehienek, %80k, jabetzan izan nahi dute etxebizitza, errealitate hori gure kulturan etxebizitzaren jabe izateari ematen zaion balioarekin oso loturik dagoela.

- Etxebizitza errentan hartzeko aukerak ez du onespen zabala gazteen artean. %3,6 bakarrik egongo litzateke prest etxebizitza bat errentan hartzeko eta hori oraingoa bezalako momentu batean ez da harritzekoa; izan ere, errenten prezio garestiek eta hipoteka-mailegu merkeek aukera hori uxatu egiten baitute, merkatuko prezioak baino askoz merkeagoetan eskaini ezik.

4. ETXEBIZITZA ESKAINTZAREN EZAUGARRIAK

Gipuzkoako etxebizitza-eskaintzak aldaketa handiak izan ditu 1994-2001 aldian; dena dela, etxebizitza-eskaintzak honako ezaugarri hauek ditu:
 
- Etxebizitza librea, berria zein erabilia, Gipuzkoako higiezin guztien aktiborik garrantzitsuena da, guztirako eskaintzen % 80 izanik.

- Etxebizitza erabilia koltxoi osagarria da eta, neurri batean, etxebizitzak gero eta garestiagoak izateko dagoen joera gorabehera, prezioen igoera mantsotu egiten du, eskaintza gehigarria izatean. Jendeak horretara jotzeko batez ere bi arrazoi hauek daude: “kokaleku balioa”, batzuetan, eta eskaintzaren “aniztasuna” beste batzuetan.

- Babestutako etxebizitzaren segmentuak ez du aldaketarik izan, lurra garestitzeak zailtasunak ekarri baditu ere.

- Errentako etxebizitzen merkatua pixkanaka-pixkanaka gutxituz joan da ia testimoniala den balioa izatera heldu arte.

- Euskadiko ekonomiako hazkunde-tasa handiek, eta Gipuzkoako ekonomiarenek zehatzago, etxebizitza librearen merkatuari hedatzen lagundu diote.

- Etxebizitza librearen eskaintza handitu arren, merkatuan etxebizitzen prezioek ez dute beherantz egin; alderantziz, igoera ikusgarria gertatu da.

- Gipuzkoako higiezinen merkatuaren dinamismoak 1997tik aurrera lortu zuen goieneko gradua, orduan hasitako obra berrien bolumena izugarri hazi zen eta, 1997ko 3.348 etxebizitzetatik 1998ko 6.002 etxebizitzetara pasatuz, eta ekonomiako hazkunde handiko aldi batekin bat etorriz.

- 1997tik jarduera etengabe beherantz joan da, nahiz eta oso zifra altuetan jarraitu duen; esate baterako, 2000. urtean 4.029 etxebizitza ditugu. Sartuta gauden atzeratze ekonomikoa dela eta, apurka-apurka beherantz egingo duela espero da.

- 1999tik 2000ra artean izandako etxebizitza libre berriaren jaitsiera konpentsatu egin da babestutako etxebizitzaren igoerarekin, 1999ko 653 etxebizitzetatik 2000ko 1.142 etxebizitzetara pasatu baita, %175eko igoera izan duela.

- Gipuzkoan egun eraikitzen ari diren etxebizitza publikoaren promozioak 52 dira. “35 urtetik beherakoentzako erreserban” dauden etxebizitzak 171 dira; hau da, guztirako eskaintzaren %14, gutxi gorabehera, eta gazte guztiekiko ‰ 1. Batez besteko prezioa 8,6 milioikoa da eta batez besteko azalera 72 m².

- Gazteentzako etxebizitza publikoen promozioa eskualde batetik bestera oso ezberdina da. Batez bestekotik nahiko goitik dauden Tolosaldea, Urola Kosta eta Goierri nabarmentzen dira, hurrenez hurren, ‰2,7, 2,8 eta 1,9ko balioak dituzte eta. Bi-dasoa Behean eta Debabarrenean, ordea, balioa ia testimoniala da.

Etxebizitzaren prezioa azken bi urteetan %45 inguru garestitu da eta orain Donostia Estatu Espainiarraren bigarren hiriburu garestiena da, aurretik Bartzelona duela. Gipuzkoa, halaber, EAEko lurralde historikorik garestiena da. 90 m²-ko etxebizitza libre berriaren batez besteko prezioa 36 milioi pezetakoa da, gutxi gorabehera, Tasazio Sozietatearen azken txostenaren arabera.