Gida honen edukina bi modutan kontsultatu dezakezu: web horrialdeetan irakurriz (ezkerraldeko indizea erabiliz), edo ondoko PDF fitxategiak eskuratuz:
  Gida osoa eskuratu [ PDFa eskuratu]
PDF fitxategiak irekitzeko beharko duzu:


  0. AURKEZPENA ETA METODOLOGIA
  1. AHULTASUNA, BAZTERTEKETARAKO ALDEZ AURREKO PAUSO GISA
    1.1 Gaztetasuna: Bizitza heldura iragiteko gizarte kategoria
    1.2 Gizarte bazterketaren gazte izaeraz hitz egin dezakegu?
  2. BAZTERTZE ESPARRUAK
    2.1 Enplegua
    2.2 Probezia
    2.3 Etxebizitza
    2.4 Hezkuntza
    2.5 Osasuna
    2.6 Gizarte harremanak
  3. GAZTE IBILBIDEAK
  4. EZAUGARRI PSIKOSOZIALAK
  5. ONDORIOAK
  6. ESTRATEGIA PROPOSAMENAK
    6.1 Sarrera
    6.2 Proposamenak bideratzeko ingurunea
    6.3 Gizarte bazterketaren aurkako proposamenak
  7. BIBLIOGRAFIA
"Affermanek (1970) adierazi zigun bezala, gazteria gizartearen beraren isla da, sismografoa bezalakoa da, sentikortasun handiz erantzuten baitie gizartea bera astintzen duten aldaketa, aztoramen eta bilakaerei (...). Gazteriaz hitz egitea, hortaz, gizarteaz hitz egitea da" (Hernández Aristu, 1998)

Gazteriaz hitz egitea, hortaz, gizarteaz hitz egitea da', hori izan daiteke, beharbada, gizarte ikerlari anitz gazteen jokaerak, balioak edo portaerak aztertzera bultzatu dituena, gizarte aldaketari aurrea hartzeko ahaleginetan.

Aurkezten dugun dokumentuaren bidez, gazteei begiratzeko beste modu bat eskaini nahi dugu, ahultasun edo gizarte bazterketaren arriskua dakarten egoeretara hurbiltzeko beste ikuspegi bat emanez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuak fenomeno horretan sakontzeko erakutsitako interesak berak adierazten du zantzuak eta kezkak egon badaudela, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoa (EAE) den ingurune zehatz honetan, zerbait gertatzen ari dela gazteen artean, haien gizarteratzeari dagokionez.

1980ko hamarkadan hasi eta 1990eko urteetan areagotu zen ongizate estatuaren eredu klasikoaren berregituratze zikloa. Ziklo hori sakoneko egitura aldaketak eragin dituen prozesu konplexuaren barruan aurkitzen da, eta aldaketa horiek gizarte politiken estrategia norabidea berriro zehaztera bultzatu dute. Gizarte eta ekonomiaren ingurune berriak dituen ezaugarriak hurrengoak lirateke, eskema moduan adierazita:

· Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiltzen dira
· Ekoizpen sisteman iraultza gertatzen ari da
· Lanari nazioarteko berrantolaketa eman zaio
· Hirugarren sektorea ekonomian nagusitzen ari da
· Bizi baldintzak hobetzen ari dira (kultura eta hezkuntza)
· Demografia aldaketak gertatzen ari dira
· Bizi itxaropena handitzen, jaiotza tasa jaisten, populazioa zahartzen ari dira
· Emakumeak lan merkatuan sartu dira eta gizarte eskaera berriak eragin ditu
· Familien egituretan aldaketak gertatu dira: guraso bakarreko familiak, bakarrik bizi diren pertsonak
· Migrazioak geratzen ari dira
· Gizartea dualizaziora jotzen ari da
· Gizarte desberdintasun berriak / bazterketa forma berriak sortu dira.

Bazterketaren ingurune orokorra abiagunea dugularik, eta gazteen trantsizio garaian alderdi erabakigarrienetako bat den lan prekarietatea, gainerako bizitza esparruen desegonkortasunaren bultzatzailea, azpimarratuz, gure lanaren ildo nagusia den hurrengo galderari erantzun nahi diogu:

Zein neurritan esan dezakegu, Gipuzkoan arrisku edo gizarte bazterketako egoeran dauden gazteak badaudela?

Galdera horri erantzun ahal izateko, gazteek hartzen duten gizarte espazioa aztertu behar dugu, gizarte prekarietatea eta bazterketa gertatzen diren oinarrizko alorrak zein diren kontuan izanda: enplegua, diru sarrerak, etxebizitza, hezkuntza, osasuna eta gizarte harremanak, alegia.

Enplegua eskuratzeko prekarietateak eta heldutasun estatusari dagozkion erantzukizunak -familia independente sortzea, esaterako- norberaren gain hartu ahal izateko egoerara iristeko moduko diru sarrerarik ez edukitzeak informazioa emango ligukete gazteek, emantzipatu ahal izateko, gizartean daukaten egoerari buruz.

Gipuzkoako gazteek pairatzen dituzten arrisku edo bazterketa egoeren inguruko diagnosi sakona egitea ez da, hain zuzen, lan honen helburua, egiteko hori burutzeko bazterketa egoerak zehatz mehatz antzematera bideratutako metodologia diseinua egin beharko baikenuke. Lan honen bitartez lortu nahi duguna bazterketa fenomenora hurbiltzea da, gazteak analisiaren oinarri hartuta, eta halaber, bigarren mailako datuak aztertuz, orokorra denean abiatuta, hausnartzeko euskarria edukitzea; hartara, zehatza denari buruz eztabaidatu ahal izango baitugu gero.

METODOLOGIA

Ez dago alde bakarreko adostasunik, gaur egun gazteak barne hartzen dituzten adin taldeak mugatzeko orduan. Hala eta guztiz ere, gazteria politiken ardura duten erakunde publiko gehienek, hala nola, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak (Injuvek), Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak, edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuak, 15 eta 29 urteen arteko adin tartea erabiltzen dute gazteria demografiaren ikuspegitik mugatzeko orduan. Europako Batasuneko zenbait herrialdetan, pertsona bat jadanik gaztetzat hartzen ez den adin muga 25 urteetan dago. Txosten honetan, mugak zabaldu egin ditugu, eta barne sartu ditugu 12 eta 29 urteen arteko gazteak; izan ere, gure ustez, beharrezkoa da nerabezaroan zer gertatzen den behatzea, prebentzio neurriak izan litezkeenak identifikatu ahal izateko.

Beharrezkoa da adieraztea, Gipuzkoan, berariaz ezarritako adierazle sistema batean oinarrituta, arrisku eta bazterketa pairatzen duten gazteen fenomenora hurbiltzeko izan dugun hasierako xedea txikiagotu egin zaigula, adinaren araberako datu bereiztuak erdiesteak (12 eta 29 urteen arteko kategoria barne hartuta), sarri, zailtasun handiak sortu dizkigulako. Kategoria hori, edo antzeko bat, lortu ahal izan dugunean, zailtasunak izan ditugu, halaber, lurraldean datu bereiztuak eskuratzeko. Horrek bultzatu gaitu datuen analisia, zenbaitetan, adinaren arabera lehenestera, eta beste batzuetan, lurraldearen arabera; horren ondorioz, inoiz ere, sexuen araberako analisia baz tertu behar izan dugu. Bestalde, ez dugu beti lortu aurreikusitako adierazleetara egokitzen ziren datuak aurkitzea, eta horrek hainbat hutsune sortu ditu, beste azterlan batzuek egindako gogoetak erabilita bete nahi izan ditugunak. Muga horiek hor izanda ere, ahaleginak egin ditugu gazte gipuzkoarrek gizarteratzeko ibilbidean zeharkatu beharreko prozesuetan aurkitzen diren dimentsioetara hurbiltzeko.

Era berean adierazi behar dugu, bazterketa alderdi askotako fenomeno gisa, eta gabezien metaketa izanik egoera horretara iristeko behar den prozesua aztertzeko, elkarren artean loturik prozesu horretan parte hartzen duten hainbat alderdiren analisia egin beharra dagoela. Hortaz, bazterketa arriskuan dauden gazteen taldea ezagutzeak esan nahi luke pertsonak identifikatzea, gabeziak bizitza esparru bakar batean soilik dauzkaten pertsonak ez ezik -dela enplegua, dela etxebizitza edo osasuna-, hainbat ahultasun egoeratan egongo liratekeenak ere identifikatzea, alegia, horren ondorioz arrisku edo bazterketa pairatuko lituzketenak. Izan ere, langabezian dauden pertsona guztiek ez dute gizarte bazterketa jasaten. Zehazki esanda, enplegutik baztertuta egongo lirateke. Hala ere, horrek bizitzaren beste esparru batzuetan txertatzeko moduan egon ahal izateko bestelako zailtasunak sor ditzakeen arrisku egoera sortzen du.

Txostena egiteko, gure gizartean gazteak erabat gizartera daitezen baldintzatzen ari diren prozesuak miatzeko ikuspegia izan dugu abiaburu. Metodologiari dagokionez, bigarren mailako datuetan oinarritua, bazterketa arriskua adierazten duten egoeren kopurura hurbilketa egiteaz gain, gazte izaeran adituak direnek errealitate hori azaltzeko egindako gogoeta teorikoak ere erabili ditugu. Azkenik, hainbat adituk gure inguruneko eta eremu europarreko gazteen baldintza sozialei buruz egindako analisien barruan proposamen gisa eskainitako ekarpenak ere jaso ditugu.

Proposamen atala lantzeko, funtsezkoak izan diren informatzaileekin izandako erkaketetan oinarritu gara. Ekarpenak egin dituzten pertsonak, bai bideratzeko orduan, bai dokumentuari proposamenak egiteko orduan, hurrengoak izan dira:

Imanol Zubero Beaskoetxea (UEHU)
Rafa López-Arostegi (EDE Fundazioa)
Luis Sanzo González (Eusko Jaurlaritza)
José Luis Álvaro Extramiana (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea)
Gipuzkoako Foru Aldundia © 2004