Gipuzkoako Foru Aldundia

Gazteen Elkartegintza

Elkartearen ekimenen hedapena


Publizitatea

Elkarte batek bere ekintza eta jarduerak "saltzen" jakin behar du. Publizitatea oso garrantzitsua da elkartearen mezua gizartera iristarazteko. Zenbat eta jende gehiagok jakin zer egin behar den, orduan eta jende gehiago biltzeko aukera izango da.

Paretetan jartzen diren kartelak bide egokia izan ohi dira jendearengana iristeko. Non jartzen diren da garrantzitsuena: jende asko (elkarteari interesatzen zaizkion hartzaileak) ibiltzen den tokietan jartzea komeni da, baina ez mundu guztiak jartzen dituen toki berean; beste guztiekin jarriz gero, oharkabean igaro bailitezke. Kartela bera neurri politekoa eta ikusgarria izatea gomendatzen da, erraz ikusteko modukoa.

Pankartak ere erabili daitezke, oso handiak izaten direnez erraz eta urrutitik ikusten dira. Arazoa zera izan ohi da: gehienetan ez dutela gehiegi irauten. Bestela, diptikoak, triptikoak eta horrelakoak ere egin eta banatu daitezke: kalean bertan ala etxez-etxe. Elkartea diruz larri samar baldin badabil, ohar bat egin, fotokopiatu eta hura bera banatu dezake.

Garrantzitsuena, elkartearen ekimenak ahalik eta gehien zabaltzea izango da eta hori lortzeko publizitate eta propaganda bideak erabiltzeaz gain, hedabideetara jotzea ere komeniko da. Hedabideen bidez jende askorengana iritsi daiteke.

gora

Hedabideekiko harremanak

Komunikabideetan ateratzeak hainbat ondorio on izan ditzake elkarte batentzat:

  • Lantzen dituen gaiak zabaldu egingo dira.
  • Dirua, bazkideak edo laguntzaileak sor litezke.
  • Erabakiren bat hartu behar duen pertsonari presioa egin lekioke.
  • Elkartea ezagunagoa egiten denez, jende gehiago erakar lezake hurrengo ekintzetara.

Horregatik, elkarteei komunikabide edo hedabideetan atera eta bere lan, ekimen, deialdi eta abarren berri ematea komeniko zaie askotan. Askoren ustez, hedabideek jaramon egiteko deigarri izan beharko du elkarteak egiten edo eskaintzen duenak. Ondorengo puntu hauetakoren bat bete beharko du, adibidez:

  • Gatazkatsua izatea ("Gaztetxea ixtea eragotzi dute gazte batzuk").
  • Morboa sortzea ("100 gazte biluztu dira zezenketen aurka").
  • Originala edo paradoxikoa izatea ("Pik-nik erraldoia gosearen aurkako egunean").
  • Jende kopuru handia biltzea ("3.000 pertsona zuhaitz mozketen aurka").

Ekintzen edo deialdiaren ikusgarritasunak zerikusi handia izango du hedabideen erantzunarekin.

Elkarte askotan ez dagoen arren (txikietan batez ere) komenigarria izaten da prentsa edo komunikazio arduradun bat edukitzea. Pertsona hau hedabideekiko harremanak mantentzeaz arduratuko da eta euskara nahiz gaztelaniaz ondo hitz egin eta idazteko gai izan beharko da. Bere ardura izango da prentsaurrekoen, kale-ekintzen eta elkarteko beste jardueren berri ematea, prentsa-oharrak idaztea, komunikabideetara bidaliko diren idatziak prestatzea eta hedabideek egiten dituzten eskariei erantzutea.

Elkarteak bere ekimenen berri emateko biderik errazena eta eraginkorrena prentsa-oharrak idatzi eta bidaltzea da (posta elektronikoa oso baliagarria da, azkarra eta merkea delako). Ahalik eta komunikabide gehienei zuzendu behako zaie prentsa-oharra eta ondorengo puntuak izan beharko ditu:

  • Oharra bidali duen elkartearen zigilua.
  • Izenburua:motza, argia eta kontatzen denaren laburpena egiten duena.
  • Edukia:Kontatu nahi dena; zer, nork, noiz, non, zergatik.
  • Data:Noiz bidali den.
  • Informazioa sakondu nahi izanez gero nori deitu dakiokeen: izena eta telefonoa.

Prentsa-oharraren aurkezpenari dagokionez, honako gauza hauek kontuan izan beharko dira:

  • Orri bakarrean eta alde batetik bakarrik idatzi izan behar du testuak("Din A4"). Elkartearen zigilua izan beharko goiko aldean eta ordenagailuz idatzia egotea komeni da: 3,5 zm.ko tarteak bi alboetan, espazio bikoitza lerro artean eta laukoa parrafo eta parrafo artean. Ez da komeni ezer azpimarratzea.
  • Idazkera atsegina eta zuzena erabili, erakargarria izan dadila irakurtzeko.
  • Garrantzitsuena lehen parrafoan kontatu behar da: zer gertatu den, nork egin duen, noiz egin duen, non egin duen eta zergatik egin duen. Hortik aurrera garrantzitsuenetik garrantzirik gutxienerako ibilbidea jarraituko du testuak. Esaldi motzak eta hitz arruntak erabili.
  • Argazki edo material grafikorik baldin badago testuari gaineratu beharko zaio.

Hedabideetara gutun bat bidaltzea erabakitzen bada (zuzendariari gutuna, esate baterako), prentsa-oharraren antzerakoa baina are argiagoa izan beharko du idazkerak, jende arruntak irakurtzeko baita. Tonu panfletario eta orojakilea ekidin behar dira; irakurleak gauzak argi, zuzen eta motz esatea nahi izaten du.

Gutunen kasuan ondorengo epeak errespetatu beharko dira bidaltzerako garaian:

  • Irratian:Gutxienez albistegiak baino ordu bete lehenago iritsi behar da.
  • Egunkarietan:Bertan izan beharko du aurreko eguneko goizean (arratsaldeko 16:00etan beranduenera ere).
  • Astekarietan:Kaleratu baino 3-4 egun lehenago gutxienez.
  • Hilabetekarietan:Kaleratu baino 4 aste lehenago.

Hauek dira Euskal Herri mailan irakur, entzun edo ikus daitezkeen hedabide nagusiak (E34) [informazio+].

gora

gipuzkoa.net